Euskadiko Kutxa – Ipar Kutxak 36,7 milioi euroko zerga ondorengo mozkinak lortu ditu, 2013ko lehen hiruhilekoan

Emaitza horiek Entitate integratuak jardueraren lehen bi hilabeteetan (2012ko azaroan eta abenduan) lortutako 22 milioi euroei gehitu behar zaizkie. Kaudimen handia du, kapital nagusiaren ratioa % 11koa baitzen, 2012aren itxieran. Bat egiteko prozesuaren barruan eta etorkizuneko agertokien aurrean erabateko zuhurtasunez jokatuz, 982 milioi euroko ezohiko hornidura-plan zorrotz bat egin zuen, emaitzen eta erreserben kargura.
Card image cap
2013/04/10

Euskadiko Kutxa Ipar Kutxak, beraz, 2 eta 18/2012 Errege Dekretuetako eskakizunak oso-osorik betez; kreditu-inbertsioko, finantza-aktiboetako eta higiezin propioetako zorroak solidarioki hornituta; eta hornidura generiko bat legez baimendutako mugaraino eratuta ekin zion jarduerari.

Horrez gain, integrazioaren ondoren emandako lehen urratsetan (2012ko azaroan eta abenduan eta 2013ko lehen hiruhilekoan), sarrera errepikariak sortzeko gaitasuna berretsi du kreditu-kooperatibak. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da ohiko banku-negozioaren marjinen portaera egokia.

Kaudimena
Kapital nagusian, hau da, arriskuaren arabera haztatutako aktiboekiko lehen kategoriako baliabide propioen tasa islatzen duen adierazlean, kreditu-kooperatibak % 11ko ratioa lortu du, 2012ko itxieran. Horrenbestez, ondarearen aldetik Entitateak egoera sendoa du etorkizunari begira, eta aise gainditzen du 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatutako gutxieneko % 9ko maila.

Inbertsio-zorroak: egindako saneamenduak
Bi kreditu-kooperatibek kaudimen-egoera bikaina zuten bat-egiteari ekin ziotenean. Hori dela eta, integrazio-prozesuan, 982 milioi euroko ezohiko zuzkidura- eta saneamendu-plan zorrotz bat taxutu zuten, emaitzen eta erreserben kargura. Plan horrek, 2 eta 28/2013 Errege Dekretuetan aurreikusitako zenbatekoak ez ezik, kreditu-zorroa, finantza-aktiboak, higiezin propioak eta estaldura generikoa legez baimendutako mugaraino handitzea ere hartu zituen barne.
Horren ondorioz, Europar Batasunak horrelako negozio-konbinazioetarako onartutako Finantza Informaziorako Nazioarteko Arauei jarraiki, 528 milioi euroko saldo negatiboa erregistratu zuen. Saldo hori Entitatearen erreserbetara egotzi zen, integrazio-prozesuan.

Kopuru horiek guztiak egotzi ondoren, kapital nagusia % 11ra iritsi da, 2012aren itxieran. Horrenbestez, kreditu-kooperatibak sektoreko zorrorik saneatuenetakoa eta kaudimen-ratiorik onenetakoa du.

Likidezia-egoera ona
Entitateak likidezia-egoera ona izaten jarraitzen du. Hain zuzen, estatuko finantza-sistema orokorretik bereizten duen beste faktoreetako bat da hori. Hala, emandako kredituekiko gordailuen ratioa % 86,9koa da, 2012aren itxieran; sektoreko entitateen batez besteko ratioa, berriz, % 70,9koa.

Berankortasunaren kontrola
Zailtasun ekonomikoz betetako garai honetan, Euskadiko Kutxa – Ipar Kutxaren berankortasun-tasa % 6,95ekoa zen aurreko ekitaldiaren amaieran. Zifra hori ere nabarmen txikiagoa da sektorearen batez bestekoa baino, % 10,4ra iritsi baitzen nazionalizatutako erakundeen zalantzazko aktiboak Sareb-era eraman ondoren, eta % 11,4ra, eraman aurretik.

2013ko Lehen hiruhileko bilakaera
Bezeroei emandako kreditua 16.357 milioi eurora iritsi da orotara, hau da, aurreko urtearen itxierakoaren aldean % 0,9ko beherakada izan du. Jaitsiera hori bat dator aurreko ekitaldiko joerarekin, eta bezero partikularren kontsumo- eta hipoteka-finantzaketaren eskaria murriztu izanak eragin du. Nolanahi ere, Entitateak eutsi egin die bere merkatu-kuotei. Ildo horretan, dispON mailegu pertsonalak nabarmendu dira, bereziki; % 7ko hazkundea izan dute haien formalizazioek, eta kopuru osoaren % 63 osatu dute. Guztira, 420.000 bezerok 2.000 milioi eurotik gorako finantzaketa jaso dute, kanal guztiak erabiliz, baita mugikorra ere (azken nobedadea).

Finantza eta aseguru zerbitzuak.