Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Euskadik Basque Culinary World Prize saria deitu du, ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldariak saritzeko
Nazioarteko sari berri bat jarri da gaur otsailaren 1ean abian, ekimen eraldatzaileak dituzten chefak saritzeko eta gizartea hobetzeko gastronomia erabiltzen duten sukaldariak nabarmentzeko asmoz. Munduko sukaldaririk entzutetsuenetariko batzuek eta hainbat alorretako nazioarteko adituek osaturiko epaimahaiak aukeratuko dute irabazlea.
Basque Culinary World Prize gastronomiaren bilakaera ospatzeko sortu da, horrek sukaldaritzaren eragina biderkatzeko duen gaitasunari buruz hausnartu ondoren; izan ere, gastronomia trukerako esparru aproposa izanik, sentsibilitateak eta gaitasunak bilduz, sukaldaritzatik harago, gizartean ere eragiteko aukera du.
Urtero, gastronomia indar eraldatzaile bihur daitekeela erakusten duen sukaldari batek jasoko du saria. Irabazleak 100.000 € jasoko ditu bere aukerako proiektu bati emateko, kontuan hartuta proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela.
Sukaldaritza gizartean eragiteko erabiltzen duten gizon eta emakumeen lana azpimarratzeko balio izango du sariak, kultura-gaiei lotutako proiektuen bidez, edota gizarte-erantzukizuneko, iraunkortasuneko eta garapen ekonomikoko proiektuen bidez.
Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako ekimen publiko-pribatuak emango du saria. Basque Culinary Center irakaskuntza-instituzio liderra da munduan, eta gastronomiari lotutako hezkuntzan, berrikuntzan eta ikerkuntzan jarduten du. Eusko Jaurlaritzaren babesa eta partaidetza duen Euskadi-Basque Country Estrategiaren baitan, Euskadi sustatzeko jardunean aritzen da gure barne-barneko balioak oinarri hartuta; besteak beste, ahaleginaren kultura, konpromisoa, nork bere burua gainditzeko gaitasuna, eraldatzeko bokazioa eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna.
Lehen edizioan, BCCko Nazioarteko Kontseiluko kideek osatuko dute Basque Culinary World Prizeko epaimahaia, Joan Roca (Espainia) chefaren zuzendaritzaren pean. Bertan izango dira, gainera, Gastón Acurio (Peru), Ferran Adrià (Espainia), Alex Atala (Brasil), Dan Barber (AEB), Heston Blumenthal (Ingalaterra), Massimo Bottura (Italia), Michael Bras (Frantzia), Yukio Hattori (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko) eta René Redzepi (Danimarka).
Gonbidatu bereziak ere izango dira bertan, beste diziplina batzuetako aditu ospetsuak, hala nola Harold McGee idazlea, zientzia eta sukaldaritza alorreko ikertzaile garrantzitsuenetakoa, eta Massimo Montari historiagilea, irakaslea eta gastronomoa, eta Elikagaien Historiako espezialistarik handienetakoa. Epaimahaian izango dira, halaber, Laura Esquivel idazle mexikarra (Como agua para chocolate) eta Hilal Elver, Elikagai Eskubideari buruzko Errelatore Berezia Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Komisariotzan.
Epaimahaiak uztailean hartuko du erabakia, kideak aurrez aurre bilduko dituen bilkuran, eta saria irailean emango da.
“Sinetsita gaude gastronomiak eragin berezia izan dezakeela gizartean, chefek ahots publikoa izateak berekin dakarren erantzukizuna onartzen dutenean. Hain zuzen ere, mundu guztiarekin partekatu nahi ditugu chefak hainbat lekutan egiten ari diren lan apartaren adibide zehatzak, sukaldari ezagunak izan ala ez, haien ekimenak eskala txikikoak zein handikoak izan”, azaldu du Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak.
Pertsona eraldatzaileak saritu
“Basque Culinary World Prizek pertsona eraldatzaileak hautatuko ditu: emakume eta gizon langileak, eraldatzaileak, bikaintasunerako bokaziodunak; jende berritzailea eta sortzailea; saiatua, korrontearen kontra doana eta ausartegia; baina, batez ere, bere komunitatearekin konprometituta dagoen jendea” esan du Joan Rocak, BCCko Nazioarteko Kontseiluko eta epaimahaiko lehendakariak, El Celler de Can Roca jatetxeko chefak (3 Michelin Izar Gironan, Espainian).
“Sukaldaritza ez da bere horretan helburua, askoz ere emaitza garrantzitsuagoak lortzeko bidea baino. Horrela ulertuta, eraldaketarako tresna indartsua dela erakutsi du. Horregatik, sukaldariek barneratu egin behar dute, eta konprometituta agertu, gizarte zuzenagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa lortzeko egin dezaketen ekarpenarekin”, aipatu du Gastón Acuriok, Peruko Astrid&Gastón jatetxeko chefak.
Irabazlearen aukeraketa
Sukaldari bat hautagaia izateko, gastronomia-gremioko jarduneko profesional batek (adibidez, chefak, jatetxe-jabeak, idazleak edo kazetariak) edo sektoreko erakundeek izendatu behar dute. Izendapenak egiteko aldia gaur hasi eta 2016ko apirilaren 30ean amaituko da.
Hautagaiak izendatzeko sistema horren bidez, erakunde publiko-pribatuek gastronomiaren komunitateari dei egiten diote, munduko edozein alderditan ekimen eraldatzaileak egiten ari diren pertsonak ezagutzera emateko, publiko zabalarentzat ezagunak izan ala ez. Sukaldaritzan ibilbide profesionala duen edonor izan daiteke sarirako izendatua, edozein direla haren sukaldaritza-kultura eta nazionalitatea. Chefak Basque Culinary World Prizeren web-orriaren bidez (www.basqueculinaryworldprize.com) izendatzeko aukera dago.
Izendapenak proposatzeko epea amaitu ostean, erakunde ezagunetako kideek (adibidez, Zientzia Ikerketen Goi Zentroko akademikoek edo Kataluniako Oberta Unibertsitateko Elikagai Sistema, Kultura eta Gizarte Saileko akademikoek) osatutako Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu hautagaiak. Chef gonbidatu bat ere izango da tartean; oraingo honetan, Elena Arzak (Arzak jatetxea, 3 Michelin Izar Donostian).
Batzorde Teknikoak 20 finalistaz osatutako zerrenda prestatu eta epaimahaiari emango dio, uztailean Basque Culinary Centerren bildu eta azken erabakia har dezaten.