Irakurriena
- 1. Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa Coprecin egon da
- 2. MSI Taldeak urteko ETE industrial onenaren saria jaso du
- 3. 20 urteko ibilbide arrakastatsua ospatu du Gerodan kooperatibak
- 4. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen Kursaalen
- 5. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 6. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
Euskadi berrikuntza handiko Europako eskualde gisa indartu da
Europako Batzordeak argitaratu berri duen “Regional Innovation Scoreboard (RIS) 2023” txostenean jasotzen denez, Euskadi berrikuntza handiko Europako eskualdeen artean dago, 2016. urteaz geroztik %11,5 hazi baita bere berrikuntza-errendimendua.

EBko batez bestekoarekiko berrikuntzako errendimenduaren hobekuntza oso nabarmena da (% 103,6tik % 109,8ra). Ondorioz, Euskadik 21 postu hobetu ditu, 93. postutik 72. postura, Europako 239 eskualde berritzaileetan, informazio publikoa duten adierazle guztien hobekuntza orokorrari esker.
"Regional Innovation Scoreboard"-ek Europako eskualdeetako berrikuntza-sistemen jarduna neurtzen du, eta arlo horretako nazioarteko erreferentzia nagusitzat jotzen da.
Eskualde gehienak beren estatuaren berrikuntza-kategoria berekoak edo beheragokoak dira. Hala ere, Euskadi berrikuntza handiko eskualdea da berrikuntza-estatu moderatu batean. Hori dela eta, Europako Batzordeak "bikaintasunaren polotzat" jo du Euskadi (pocket of excellence). Hori da eskualde gutxi batzuen kasua, adibidez, Txekiako Praga eskualdea; Italiako Trento probintzia autonomoa, Friul-Venezia Julia edo Emilia-Romaña; edo Hungariako Budapest eskualdea.
Euskadiko jarduera berritzaileak ia % 10 gainditzen du Europar Batasuneko batez bestekoa (+%9,8). Halaber, Estatuko batez bestekoaren (+%23) oso gainetik dago, lidergoan gainerako autonomia-erkidegoen aldean.
Indargune nagusiak berrikuntzak produktu berrien salmentan duen inpaktuan eta gazteen kualifikazio altuan datza. Halaber, diseinu komunitarioen berrikuntza babestearekin lotutako erronka batzuk aurkezten dira.
Berrikuntza handia berrikuntza-egoera moderatu batean
Txostenak azaltzen duenez, berrikuntza handiko eskualdeak berrikuntza handiko herrialdeetan aurkitu ohi dira. Hala ere, berrikuntza moderatuko herrialdeetan kokatutako "bikaintasun-polo" batzuk ere aurki daitezke, hala nola Euskadi Espainiako Estatuan.
Euskadi da ranking horretan ondoen kokatuta dagoen Estatuko Autonomia Erkidegoa, eta erreferentziazko beste eskualde batzuen gainetik dago, hala nola Madril, Katalunia eta Nafarroa, "berrikuntza handiko eskualde" gisa katalogatzen baitira. Gainera, edizio honetan bigarren eskualdearekiko puntuazioa hobetu du, Madrilgo Erkidegoarekiko. Zehazki, 2021ean bere puntuazioa 2,6 ehuneko-puntu handiagoa zen Madrilgoarena baino, eta edizio honetan ehuneko 3,2 puntura igo da. Ia herrialde guztietan eskualde berritzaileena herrialdeko hiriburua izaten da. Hala ere, Euskadi salbuespena da, bere berrikuntza-maila Madrilgo Erkidegoa baino handiagoa baita. Kasu hori oso egoera gutxitan gertatzen da, adibidez, lehen aipatutako Italiako eskualdeetan, Alemaniako Bavaria Garaian edo Belgikako Flandesen.