Kudeaketa logistikoa, egun, ondorengoa da: kontsumitzaile batek aparatu bat beste batengatik aldatzen duenean, birziklatze plantetan bukatzen dute. "Aurrerapen handia da duela urte batzuk zegoenarekin. Aldiz, ez genuen inolako egitasmorik identifikatu materialaz haragoko balioa ateratzen duena", adierazi du De Antoniok.
Horri irtenbidea emateko asmoz jaio da Circular Replay izeneko start-upa, Exxita be circular Sevillako enpresaren eta MONDRAGON taldeak sorturiko Joint Venturea. Bigarren horretatik, osagaien eta ekipamenduen dibisioak eta Sareteknika ari dira proiektuan parte hartzen une honetan.
Exxitaren sistema abiapuntu
Otsailean jaio bazen ere, elkarlana eta prozesua duela bi urte hasi zen. Exxita bazkide bila ari zen orduan. IKT sektoreko enpresa, errekurtsoen bizitza-zikloaren kudeaketan adituak, salto bat eman nahi zuen merkatuan. 20 urte baino gehiagoko ibilbidean sistema bat garatua zuen, batetik, osagaiei loturiko akatsak identifikatu eta modu eraginkorrago baten konpondu ahal izateko, eta bestetik, botatako ekipo baten izan daitezkeen baliozko osagaiak identifikatzeko. Eta sistemaren arrakasta mugikor, tablet, ordenagailu eta abarren sektorean ere ikusia zuten.
[Exxitak] sistema bat garatua zuen, batetik, osagaiei loturiko akatsak identifikatu eta modu eraginkorrago baten konpondu ahal izateko, eta bestetik, botatako ekipo baten izan daitezkeen baliozko osagaiak identifikatzeko
Hala, identifikatu zuten etxetresnen esparruan zabor ugari sortzen zela, eta bai etxerakoetan, bai ostalaritzakoetan, aukera ugari zirela. "Hainbat elkarrizketa eta bisita egiten hasi ziren, eta bi parteen interesa zegoela ikusi genuen", plazaratu du De Antoniok. Iazko martxoan hasi zen forma hartzen, eta bideragarritasun plana egiteko taldea sortu zuten, tartean egungo zuzendari sustatzailearekin. Erronda horretan batu ziren taldearen bi dibisioak eta Sareteknika. Une honetan 2 lagun ari dira jardunaldi osoan lan egiten proiektuan. Horiez gain, garapen teknologikoko taldea dago, Exxita zein MONDRAGONeko kideekin.
Pisua industrian
Ikuspegi desberdin batetik jorratu nahi du Circular Replayk etxetresna elektrikoen berrerabilpena. "Exxitaren sistema zuk zuzenean aplikatu dezakezu konponketa diseinatzerakoan. Kontua da araudiari dagokionez, ekipo guztia berrerabiltzeko dagoen ikuspegiak mugak dituela kontsumitzaileetan", nabarmendu du De Antoniok. Izan ere, 10 eta 12 urte bitarteko batez besteko adina izan dezaketen ekipoek bigarren eskuko dendetan amaitzen dute, azken baliabideko produktu gisa, berri bat erosteko gaitasuna ez duen jendearentzat, esaterako. "Eta ez zitzaigun iruditu hori modu masiboan eskalatzeko moduko irtenbidea izan daitekeenik".
Horregatik, pisua ez dute kontsumitzaileengan jarriko, industrian baizik: halako osagaiak ekoizten ari dena hura da, eta hark identifikatuko du ea badiren produktu berrietan txertatu daitezkeen elementuak, teknologikoki zaharkituak ez daudelako, edo gutxi sufritzen dutelako etxetresna baten baitan. "Industria inplikatzen ez baduzu, ez da aterako".
Momentuz, etxetresnen sektoreko hiruzpalau bezero ditu Circular Replayk. 2023ra begira lehen proiektu pilotuekin hasi nahi izan dute. "Eurekin aplikazio esperimentala egin nahi dugu 2023an zehar, ikusteko ea hortik negozioa atera ahalko dugun". Lehen lanketa hori sukaldeko plakekin hasiko da, induziozkoekin. "Identifikatu ditugun dozena erdi bat osagai errekuperazio prozesuak egitea ahalbidetzen dutenak. Beste batzuek, zoritxarrez ez, zaharkituta daudelako. Elementu teknologiko gehiago daudenetan, zailagoa izango da", adierazi du De Antoniok.
Hortik, urte amaierarako, erakusketa funtzional bat izatea da helburua, Gipuzkoan, sukaldeko plaken osagaiei loturiko berreskurapenean. Horiekin batera, berreskurapenari loturiko "esperientzia espezifikoak" bilatzen dituzte. Erronka konplexua da. "Hau ez baita puntu bakar baten egin dezakezun zerbait; hainbat lurraldetan egin beharko da, hondakinen araudiak berak ekiditen duelako puntu bakar batean dena kontzentra dadin", dio.
2023ra begira lehen proiektu pilotuekin hasi nahi izan dute. [...] Lehen lanketa hori sukaldeko plakekin hasiko da, induziozkoekin.
Era berean, tresna aurkezten ari dira zabor hori kudeatzen —birziklatzen zein berreskuratzen— duten enpresetan. "Espainia mailan bi dira horren ardura dutenak: Ecolec eta Ecotik fundazioak", kontatu du. "Beraz, bi elementuak ditugu: hondakin fluxuak erraztu ahalko dizkiguten entitate edo erakundeak; eta enpresak. Azken horiekin lanean ari gara identifikatzeko zein osagai, eta nola atera eta prozesatu behar diren produkzio lerroetan sartzeko, eraldatu ekipo berrien parte izan daitezen", gaineratu du.
Pasaporte digitala legez
Hori gutxi balitz, industriaren aldaketa ere eska dezake. "Euren prozesu linealetan daude kontzentratuta. Konbentzimendua dute jasangarritasuna ezarri behar dela, baina nondik hasi behar den ondo jakin gabe", plazaratu du Circular Replaykoak. Normalean, fokua hondakinen kudeaketan edo jatorri berriztagarriko energiaren kontsumoan izaten da. "Alegia, euren prozesu industrialean sortzen dituzten hondakinen kontzientziarekin. Baina ez euren bizitza amaieran produktuek sortzen dituzten hondakinetan; orain hori jartzen ari gatzaizkie mahai gainean", gehitu du. Era berean, "begiratzeko modu berri bat" sortu nahi dute, "kontsumitzaileei laguntzeko produktuak denbora gehiago iraun dezan", besteak beste, "produktua erreparatuta", edo "berrerabiltze prozesu partziala edo osoa" bermatuta, kasuaren arabera.
Ez da, baina, elementu bakarra. Izan ere, 2026rako derrigorrezkoa izango da hainbat produktuk pasaporte digital deritzona izatea, betiere Europar Batasunean ekoitzitakoak badira. Pasaporte horrek bi gauza jaso beharko ditu: batetik, erabiltzailearen manualari dagokion informazio guztia —orain arte paperean bildu izan dena askotan—; eta bestetik, "erreferentzia produktuaren jatorriari buruzkoa, zein materialek konfiguratzen duten, ea produktu batek beste batek baino jatorri jasangarriagoa duen, ekoitzitako plantari buruzkoa —ea energia berriztagarri edo ez berriztagarriak kontsumitzen dituen—, garraioari buruzkoa ... Alegia, produktuaren inpaktuari loturiko erreferentzia", argitu du zuzendari sustatzaileak. Azken hori da berritzaileena.
2026rako derrigorrezkoa izango da hainbat produktuk pasaporte digital deritzona izatea, betiere Europar Batasunean ekoitzitakoak badira. [Horretan jaso beharko da] [...]"produktuaren inpaktuari loturiko erreferentzia", argitu du zuzendari sustatzaileak
Hala, kontsumitzaileak aukera izango du informazio guztia, bai produktua erosi aurretik, bai ondoren. Nolabait esatearren, webgune antzeko bat izango litzateke, kontsultatzeko edozein produkturi loturiko informazioa. "Europa mailan bilatzen ari dena da ahal heinean tokian tokiko produktuetara itzuli ahal izatea, behintza Europa mailan. Eta karpeta baten dokumentu guztiak pilatu behar ez izatea".
Hobetzeko marjina
Informazio hori, baina, ez da soilik gailu elektronikoei buruzkoa izango. "Europak produktu askori derrigortuko die pasaporte digitala izatea: bizikleta edo patinete elektrikoak, arropa, altzariak... Noski, produktu aukera bakoitzean aurkeztu beharreko ezaugarriak aldatuko dira, baina denetan partekatzen dira zenbait elementu", aipatu du De Antoniok. Horren bitartez bilatzen dute, lehenik, kontsumitzaileak jakin dezan zer ari den erosten, eta ondoren, hondakin bihurtzen denean, operatzaileek jakin dezaten zer duten esku artean.
Jorge de Antonio: "Egiten ari garena da proiektuak planteatu pasaporte hori gehituko dutenak legez derrigorrezkoa izan aurretik. Izan ere, informazio asko beharko da"
2026ra arte hiru urte geratzen badira ere, lanketa dagoeneko hasi behar dutela dio Circular Replayekoa. "Egiten ari garena da proiektuak planteatu pasaporte hori gehituko dutenak legez derrigorrezkoa izan aurretik. Izan ere, informazio asko beharko da, egun eskuragarri ez dagoena, eta horrek denbora beharko du". Hasierak, ziur asko, ez dira errazak izango. "Emaitzak kalkulatu ondoren, eskala baten jartzen dituzunean, segur aski ez zara ondo aterako argazkian, eta marjina izan behar duzu neurriak eta produktua hobetzeko, ateratzen denean ondo atera dadin", azpimarratu du. Kasu honetan ere proiektu pilotuekin ari dira lanean. "Pasaporteari loturiko aukera ugari zabaltzen direla ikusita, merkatuan posizionatzeko modua ere bada", gaineratu du.