Etxeko kontsumo energetikoa erabiltzaileen esku jarriko dute Ikerlan, Acede eta Ekitermikek

Hiru erakundeek, Arrasateko Udalarekin batera, EnerBIZI proiektua jarriko dute martxan, etxebizitza bateko kontsumo energetikoaren datuak erabiltzailearen esku jarriko dituena. Ekitermikeko Jagoba Bergarak azaldu digunez, dagoeneko instalazio handietan dagoen teknologia erabiltzaile arrunten esku jartzea da helburua.
Card image cap
2014/08/26

Ikerlan, Acede eta Ekitermik-ek, Arrasateko Udalarekin batera, aurrera eraman ahal izango dute EnerBIZI proiektua. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki onartu du Smart Lab Gipuzkoa 2014 programaren barruan, proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa den diru-laguntza. Smart teknologiak erabilita, etxebizitza arruntetan pertsonak energia kontsumoaren kontzientzia maila handituko duen gailua eraikitzea da proiektu honen helburua. Hala, hiru eragileetako bakoitzak bere jakintzarekin egingo du ekarpena EnerBIZI proiektuan: Ikerlanek Smart teknologia eta seinaleen tratamendua, Acedek pertsonak etxebizitzarekin duen hartu-emanaren jakintza eta Ekitermikek energia kontsumoen neurketaren jakintza.

Ekitermikeko Jagoba Bergarak azaldu digun moduan, “etxean kontsumo energetikoa neurtzen duten aparailuak” jartzea da gakoa eta hauen bitartez, erabiltzailearen telefono edota tabletera bidaltzen da informazio guztia, “etxeak zelako kontsumo energetikoa duen ikusteko”, momentuko datuak zein historikoekin. Modu honetan, erabiltzailea kontzienteago izango da berak sortzen duen kontsumo energetikoaz.

ACEDE-ren Living Lab H-Enea eraikineko laborategian pilotua izango den lehen sistema eraikiko da

Bergarak gaineratu duenez, horrelako neurgailuak badira adibidez polikiroldegietan eta, “honen kontsumo energetiko guztia monitorizatuta dago”. Hala ere, EnerBIZI proiektuaren helburua, instalazio handietan dagoen teknologia hori etxeetara eraman eta erabiltzaile arrunten eskura jartzea da, “prezio baxu batean”, dio arrasatearrak.

ACEDE-ren Living Lab H-Enea eraikineko laborategian pilotua izango den lehen sistema eraikiko da. Behin funtzionamendu zuzena egiaztatuta, sistema hau etxebizitza errealetara eramango da eta neurketak egin ahala, aurrezpen energetikoak duen eragina aztertuko da.

Iturria: mondraberri.com

Ikerketa zentro teknologikoa