"Etorkizunerako erronka politak ditugu Eslovakian, beraz, hemen jarraitzeko asmoa dut"

Txema Arrizabalaga

"Etorkizunerako erronka politak ditugu Eslovakian, beraz, hemen jarraitzeko asmoa dut"

Txema Arrizabalaga, 43 urteko errenteriarra, Cikautxok Slovakian duen plantako zuzendaria da duela zazpi urtetik.
2020/12/22

Nolatan heldu zinen Eslovakiako Cikautxora?

Unibertsitatean ikasten nengoen bitartean, kooperatiba desberdinak ezagutzeko aukera izan nuen Ikerlan, Orona, Ulma Forja eta Eika. Ondoren, Eikarekin Txekiar errepublikara joateko aukera izan nuen eta honela hasi nuen Europa ertain-ekialdean ibilbidea.

CZ Eikan ia urtebete egon ondoren Fagor Electrodomesticos-ek Polonian zuen plantara joateko aukera izan nuen eta bertan 10 urte egin nituen, hozkailu, garbigailu eta egosketa-ko plantetako arduradun bezala. Baina, Fagorren gertatutakoaren ondorioz, Cikautxon hasi nintzen. Dagoeneko, ia 7 urte daramatzat lanean, eta 2015etik gaur arte plantako zuzendaria naiz.

Zein da Cikautxo Eslovakiako egoera? Zein da merkatua, proiektuak, bezeroak, erronkak?

Cikautxo Eslovakiako planta, batik bat automozio mundura bideratuta dago. 400 langile inguru ari gara lanean, bi negoziotan: Extrusioa eta Injekzioa. Gure bezero nagusiak Renault, Nissan, VW eta FORD izan dira historikoki eta, gaur egun, beste automozio arloko bezeroentzako ere ari gara: besteak beste, PSA, JLR,GM.

Gure egoera zaila izan da 2020 urtean, Covid-19ak eraginda, izan ere udaberrian gure bezero gehienek lantegiak itxi eta konfinatuta egon ziren, beraz, ia salmentarik gabe igaro genituen hilabete batzuk. Uda ondoren, salmenta maila berreskuratu dugun arren, oraindik ere arretaz jokatzen ari gara, etorri dezakeenari begira.

Horrez gain, 2020ak izan du bere alde positiboa ere, izan ere Cikautxo Eslovakiak Renault taldearen kalitate eta bezeroen gogobetetze hornitzaile saria irabazi du, talde guztiaren azken urteetako lanaren ondorioz. Pozgarria izan da guretzat bezero nagusiaren aitortza jasotzea eta etorkizunean berdin jarraitzeko indarra eman digu. Bestalde, Renault-ek hurrengo urteetarako salmenta maila bikoiztea suposatu dezaken proiektua egokitu digu.  

Eraldaketa handia ematen ari da automozio sektoren, Industria 4.0 dela eta. Eslovakiako plantan ere eraldaketaren erronka dugu hizpide, etorkizunean merkatuko lehiakortasuna indartzeko helburuarekin.

Nolakoak dira slovakiarrak? Nola definituko zenituzke? 

Herrialde desberdinetan lan egin ondoren, denbora pasa ahala, gero eta desberdintasun gutxiago ikusten dut euskaldun eta eslovakiarren artean. Europako inguru hauetan 17 urte igaro ondoren, ziur nago ni ere aldatu naizela. Hasiera batean, guk baino hotzagoak direla esango nuke, baina konfidantza hartuta, jatorrak dira. Gugatik, euskaldunongandik ere antzerako gauzak entzuten ditugu sarritan, beraz...

Lanerako ere, leku guztietan bezela, denetarik dugu. Zorionez, langile asko ditugu gurekin hamar urte baino gehiago lan egin dutenak; langile on eta lehialak direla erakutsi digutenak.

Zenbatero etortzen zara etxera? Mantentzen duzu harremana? Eta etorkizunera begira, zeintzuk dira zure planak?

Orain arte urtean bi aldiz joan izan naiz,udan eta gabonetan. Baina aurtengoa desberdina, ez naiz etxera joan eta momentuz ez naiz joango, mugimendu murrizketak direla eta. Zorionez teknologiari esker, Skype eta abar, harremana mantentzea lortu dugu.

Slovakiako plantak etorkizunerako erronka politak dituenez, ni ere gustora nago hemen. Eta emaztea eta haurrak ere gustora daude, beraz, hemen jarraitzea da gure plana.