Irakurriena
- 1. Lauaxeta Ikastola, klasiko bat FLLn
- 2. Ondarroako Zaldupe Eskolan FLL Euskadi MONDRAGONerako motorrak berotzen
- 3. B-WOMENIN Globalek Otaloran itxi du bere lehen edizioa
- 4. MONDRAGONek lidergo eta gizarte berdinzaleak sustatzen jarraituko du PWNrekin
- 5. FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON finala, boluntario bila
- 6. Orbik Cybersecurity, kooperatiba mistoa bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 7. 2024ko urtekaria: urtebete iruditan
- 8. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 9. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 10. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
Etorkizun konplexuan bidea proposatzen
![Card image cap](https://www.tulankide.com/eu/etorkizun-konplexuan-bidea-proposatzen/@@images/1d2d7202-9c5d-4a2e-8950-742f9f20f837.jpeg)
Bidegurutzean beti, bide bat edo bestea hartzera derrigortuta. Arizmendi Ikastolak marko teknopedagogiko berriaren inplementazioan hartuko dituen erabakien eta jorratuko duen estrategiaren inguruan aritu gara Beñat, Aritz eta Ibonerekin.
2010ean ekin zion Arizmendi Ikastolak digitalizazioaren arloari. Eusko Jaurlaritzak Eskola 2.0 egitasmoa martxan jarri bezain pronto, Arizmendi Ikastolak ikasgelak egokitu zituen, irakasleen formakuntza sustatu zuen, ikasleen ordenagailuak eskuratu zituen eta askotariko baliabideak bideratu zituen. Moodle ikasketa plataforma digitalaren aurreneko urteak izan ziren, analogikotik digitalerako jauziaren sasoia, era orekatuan burutu zena, Euskal Herriko beste ikastola askori aurre hartuz eta nolabait besteentzat erreferente bilakatuz. Ordutik Arizmendi Ikastolako 12 guneek sarean funtzionatu izan dute, askotariko edukia partekatuz, era bateratuan, digitalizazioaren alderdirik positiboena aprobetxatuz.
Gaurko ekosistema
Gaur gaurko beharrak identifikatu eta marko teknopedagogiko berria garatzen ari da uneotan Arizmendi Ikastola. Hezkuntzaren eta bizipenen bitartez, pertsona euskalduna, barne sendotasuna duena, kooperatiboa, erabakitzaile-ekintzailea eta eraldatzailea hazi eta hezi nahi du Arizmendik. Arlo teknologikoan eta digitalizazioan ahaldundutako ikaslea. Irizpideduna eta erabakiak hartzeko eta hausnartzeko erremintak izango dituena. Helburua ez da nolanahikoa. “Ez da soilik testu-prosezadore bat erabiltzen irakastea. Erabilera kontzientea sustatu behar dugu. Erabileran oinarritu gara orain arte, baina alfabetatzea landuko dugu, ahaldundu nahi dugu ikastolako komunitatea bere osotasunean. Ikasle, irakasle, zerbitzu orokorretako lankideak eta gurasoak, ahalik eta koherenteena izan behar da gure markoa”. Hala diote, Beñat Irazabal, Ibone Arejolaleiba eta Aritz Oiangurenek.
Digitalizazio etiko eta arduratsuaren bidean
Gai konplexua da, korapilatsua eta arantzatsua, eta IKT arduradunek argi dute hobe dela iceberg-aren muturra izatea baino, erabaki hausnartuak hartzea, bat-batekoari eta inprobisaziori lekurik utzi gabe. “Digital esparru zabalaren erabilera etikoa eta arduratsua sustatu behar dugu”. Horretarako esparruan dauden aditu eta espezialistekin dihardute lanean, foro ezberdinetan eta formazioak jasotzen.
“Adituen irizpideak hartu behar ditugu aintzat, ebidentziak nahi ditugu. Datuak. Gure norabidea zein izan behar da? Ebidentzia zientifikoetan oinarritu nahi dugu gure eskaintza. Zertan lagunduko digu digitalizazioak gure ikasleen formazioan? Markoak horri erantzungo dio. Erremintak jar ditzagun gure markoaren esku. Goazen entzutera entzun beharreko adituei”. Teoria argi jakinda, praktikara eraman nahi dute orain proposamena.
Instrumentalismoan ezin erori
Gaur gaurko paradigmari erantzun egokia ematea ezinbestekoa dela diote hirurek. “Tresna erabiltzea ez da nahikoa. Ahaldundu behar dugu komunitatea ondo erabiltzeko tresna. Ezin dugu ukatu errealitatea. Gaur gaurko tekno-adikzioa ezin dugu baztertu. Osasun mentalean izan ditzakeen ondorioak aztertzea tokatzen zaigu. Gure erantzukizuna da, ikastolaren erantzukizuna, eta horren aurrean orekaz jokatu behar dugu. Etorkizuneko Euskal Herria digitala izango da eta prestatu beharra daukagu”.
Arizmendi Ikastolako IKT arduradunentzat, euskal identitateari erantzungo dion ekosistema digitala eraiki behar da. Zaila dela jakitun badira ere. Ikastolen elkarteak, Jaurlaritzak, eta gainerako aktoreek digitalizazioari modu kolektiboan erantzun behar diotela uste dute, burujabetza digitala sustatuz. Hala, Europako konpetentzia digitalen markoa ona dela diote, baina hori Euskal Herrira eta ikastolen kolektibora aterrizatzeko ahalegina egin beharko dute.
Nola lurreratu orain digitalizazioa eta marko teknopedagogikoa?
Arizmendi Ikastolan ekosistema digitalean irizpideak ezarri nahi dituzte, hausnarketari erantzuna eman nahi diote, ukigarria, dokumentu formala sortu nahi dute denok, kolektiboak osotasunean irizpideak izan ditzan. “Oinarri filosofikoa behar dugu. Onarpen bat behar dugu, dugun errealitateari erantzungo dion markoa. Tresnak eman behar dizkiegu gure kolektiboko ordezkari ezberdinei erabakiak har ditzaten. Irizpideak, dekalogoak, dokumentuak eman behar dizkiegu ikasleei, irakasleei, gurasoei. Horretan ari gara”. Hala ari dira, erabakiak hartzeko faktore ezberdinak aztertuz, eta asmoa da 2025ean dokumentu, dekalogo edo txostena definitzea, nahiz eta jakitun izan, dokumentu bizia izango dela, moldagarria, eta aldagai askoren menpe egongo dena. “Izarkomek (Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatiba) egin zuen iaz erabilera gida. Antzeko zerbait egin beharko dugu”.
ADIMEN ARTIFIZIALA, aukerak eta mehatxuak
“Profesional moduan, badagokigu, distantzia hartu eta edozein tresnaren aurrean, ezer inplementatu aurretik, ondo aztertu behar dugu. Adimen Artifiziala tresna lez, era formalean, sartuko da irakaskuntzan, baina aztertu beharko dugu, erantzukizunetik, etikatik eta arduratik, horiek nola inplementatu behar diren. Erabilera egokia sustatu beharra dago arlo horretan ere, aukera ugari eskaini ditzake- eta, baina baita mehatxuak ere. ikuspegi zabala behar dugu. Argi dago Adimen Artifizialak erreminta oso interesgarriak eskaintzen dituela, baina gure komunitatean eragingo dituen onurak, kalteak eta aldaketa sakonak aztertu behar ditugu”.