"Erromatarren bat"

"Erromatarren bat"

Rafa Pol. Ekonomilaria eta proiektuen kudeaketako profesionala
AEBetako presidenteak diplomaziak eta oreka geoestrategikoak mugatzen dituen joko-arauak hautsi dituenetik, aztoratuta gabiltza. Ez da gutxiagorako.
2025/04/15

Gure ogiaren eta zirkuaren ametsetako esnatze asaldatuak agerian utzi digu Europa bere printzipio zibilizatiboetan oinarritutako potentzia garrantzitsu gisa sendotuko luketen baliabide asko burokrazia, klientelismo eta eztabaida antzuen erruz desagertu direla.

Gainera, azken aldian, dinamika horiek desberdintasun eta bilakaera autoritarioak ekarri dituzte, bere jatorrizko asmoaren guztiz aurkakoak; eta, bide batez, aldarrikatu nahi dut gure balio kooperatiboen eta gizartearen espiritu eraldatzailearen aurka ere egiten dutela.

Europa

Europa kontraesan bat da. Bere esentzia demokratikoa defendatzearekin bat, diktadura makurrenekin komertziatu eta harremanetan dihardu; eta, gainera, hauetako batzuei gure merkatua zilarrezko bandejan eskaini die gure industriaren akabera bultzatuz.

Baina aurretik ere antzeko egoerak pasatakoak gara. Badira antzekotasunak orain gertatzen denarekin eta, adibidez, Erromatar inperioaren bukaerarekin. Aipatutako ogi eta zirkoaz gain, erlaxatu egin gara, eta orain, bere interesetan ez gaudelako, gure aurka jarri den aliatu bati gure defentsa eskaini diogu.

"Gure balioak indartu eta zabaldu beharko genituzke, horiek dira-eta gure itsasontzia desegin dezakeen ekaitz honen ondoren irautea merezi dutenak"

Iparramerikarrek ondorioztatu dute gu defendatzeko garestiegiak garela haien ardura nagusia Ozeano Barean dagoen une honetan. Are gehiago, badirudi aintzat hartzen dabiltzala Ama Errusia Europa baino bidelagun aproposagoa izatea, eta horregatik saiatzen dabiltza berau erakartzen edo, behintzat, BRICetik urrutirarazten, nahiz eta horretarako badirudi beranduegi dela.

Barbaroen inbasioarekin, erromatar zibilizazioa feudalismorantz bideratu zen, eta hala jarraitzen dugu. Nor izendatu dezakegu orain jaun feudal gisa? Txina? Eta hori egingo genuke benetan ahalmena izango bagenu, zeren eta baliteke gu beraien arteko trukerako txanpona bilakatzea. Adibidez, Ekialdeko Europaren eta Kaukasoko errepubliken balizko banaketa berri bat Errusiaren alde (Erromatarren eta Bizantzioren arteko banaketa berriro).

Erromatarren istorio honetan interesgarriena da nolabait antzinako erromatarrek orain eta hemen bizitzen jarraitzen dutela. Gaurko europarrak dira. Nola, bestela, uler liteke harri berean estropezu egitea? Horren gauza onek, eta baita txarrek ere, denboran zehar iraun dute, zirrikituetatik sartuta eta bere etorkizunaren jabe egin zirela ziruditen inbaditzaileak eta jaun feudalak kulturalki blaituz.

Horregatik, Europa Loti Ederra izatetik Mila gau eta bat gehiagoko Sherezade, gauero bere Jaunari burua ez mozteko ipuin bat kontatzen ziona, bilakatzeko bidean dagoen bitartean, gure balioak indartu eta zabaldu beharko genituzke, horiek dira-eta gure itsasontzia desegin dezakeen ekaitz honen ondoren irautea merezi dutenak.

Bide batez, gaur berriro entzun dut Rimsky-Korsakoven Sherezade, errusiar arima (rúskaya dushá) hobeto ezagutu nahian... azkenean alde hartatik erortzen bagara badaezpada.