Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Erreginaren Kopako irabazle Realarekin eta GSRko langile
Erreginaren Kopa irabazi berri, Oihana Aldai atezainak bere herritarren babesa eta berotasuna jaso ditu gaur eguerdian. Gustura, pozik, harro eta oso eskertuta sentitu da atezain atxabaltarra herritarren eta Real zaleen aurrean. Herriko plazan irabazitako kopa eskaini diete jokalariek atxabaltarrei.
Jarraian irailean eginiko elkarrizketa osotasunean.
Atezain moduan, zelako ezaugarriak dituzu?
Hankarekin gero eta abilezia handiagoa dut, baina orain arte ez dut landu arlo hori. Goitik ez nabil gaizki nahiz eta txikia izan; (1,62) azkarra naiz atearen azpian, erreflexu onak ditut.
Atezainak oso bereziak izaten zarete. Baduzu maniarik?
Ekipamenduarekin ez daukat mania berezirik. Baina atezain moduan janzten naizenean, aldagelan, beti egiten dut berdina. Lehenik eta behin botak eta galtzak lurrean eserita janzten ditut. Lehenengo eskuma eta gero ezkerra. Ondoren gainerako guztia.
Eta kolorea?
Ez dut lehentasunik. Aurreneko urteetan oso kolore biziak erabiltzen nituen eta orain kolore klasikoagoak erabiltzen ditut. Baita eskularruak ere. Iaz,esaterako, beltzak erabiltzen nituen, oso dotoreak.
Atezainen bakardadeaz galdetuz gero?
Entrenamenduetan, partiduetan… gu beti gaude bakarrik. Taldeko dinamikatik kanpo egoten gara askotan.Eta noski, partiduan bakarrik gaude atean.
Aurten Realera iritsi zara. Ametsa bete duzu?
Ez nuen espero iritsiko nintzenik profesionaletara. Athletic ikusten genuen telebistan eta inbidia ematen zidan. DBHn nengoela Realaren deia jaso nuen baina ez zen posible izan. Orain iritsi da aukera eta noski, ametsetako bat bete da.
Oiartzun, Zaragoza… Esperientzia guztietatik ikasgaiak aterako zenituen.
Oiartzungo bigarren urtea eta Zaragozako bestea zailak izan dira. Lan handia egin genuen baina kirol emaitzarik gabe.
Zein izan da zure erreferentea kirol arloan.
Txikitatik Athletic taldea, ez zegoen besterik. Eta AinhoaTirapu zen nire atezain gogokoena. Gizonezkoen futbola ere ikusten nuen eta bereziki bi atezain gustatzen zitzaizkidan: Victor Valdés, Bartzelonan zegoenean eta Claudio Bravo, Realeko atezaina izan zenean.
Eta bizitzan, izan duzu erreferenterik?
Nire ama da nire erreferente handiena. Nire izaera amarengandik jaso dut eta bera izan da nire erreferentea. Aita ere beti izanda niretzat sostengu handia eta biei nago eskertuta.
Emakumeen futbolari zer falta zaio?
Zaleak. Promozioa. Telebista. Emakumezkoen futbola gehiago hedatu beharko litzateke. Jarraipen estuagoa behar du eta egutegi egokiagoak, bai zaleentzat zein jokalarientzat.
Eta zer dago soberan?
Oraindik, tamalez, askoz gehiago da falta zaiona soberan dagoena baino. Ez zait gustatzen beti mutilen futbolarekin konparatzen egotea. Soberan daude aurreiritziak.
Emakumeak futboletik bizitzeko ez da asko falta, edo?
Bai, oraindik bai. Futbola gehiago profesionalizatu behar da. Iberdrola ligak eman ditu pausuak, baita klubek ere, baina benetan profesionalizatu beharra dago guk futboletik bizitzeko.
Aurten ederto hasi duzue liga. Zer espero dezakegu?
Bartzelona, Atletico de Madril eta Levante dira indartsuenak. Bilboko Athletik eta Valentzia ere ondo ibiliko dira. Eta guretzat oso zaila izango da partiduak irabaztea, baina ondo hasi dugu txapelketa. Hortaz, gure nahia da ahalik eta ondoen egotea sailkapenean.
GSR egoitzan ari zara lanean, erizain moduan, Aretxabaletan. Ondo moldatzen zara?
Zaragozatik etorri nintzen Realak deitu zidalako eta lanarekin ere oso egoera aproposa egokitu zitzaidalako. Astero lauzpabost lan-saio ditugu eta asteburu askotan bidaiatzea tokatzen zaigu. Dedikazio ia osoa. Era berean, GSRn erizainek turno asko egin behar izaten ditugu.
Aretxabaletan izandako ongi-etorriaren argazki galeria.