Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Eroskik 'Euskal Sagardoa' Jatorri izenari lagunduko dio
EROSKIk gaur goizean inauguratu du sagardo garaia, EROSKI Urbil hipermerkatuan, Usurbilen, Astigarragarekin eta Hernanirekin batera Gipuzkoako sagardoaren hiriburua den herri horretan. Txotxa ateratzeko, luxuzko bi aita-amabitxi izan dituzte: Maider Unda kirolari ohi eta Idiazabal Gaztaren ekoizlea eta Ramon Roteta sukaldari eta eskultorea. Haiekin batean, hor izan dira ekitaldian Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Izen berriaren koordinatzailea, Asier Arrese HAZI Fundazioko zuzendaria eta EAEn sagardoaren munduan sakon erroturik diren zenbait etxetako ordezkariak, hala nola Bereziartua, Gurutzeta, Isastegi, Saizar, Zapiain, Egi-Luze, Begiristain, Petritegi eta Zelaia.
Gaur egun, milioi bat botila sagardo inguru saltzen ditu kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan
Ekitaldian, Eroskik eta Euskal Sagardoa Jatorri Izen berriaren Kontseilu Arautzaileak jakinarazi dute nolako akordioa egin duten elkarrekin, Euskal Herrian eta autonomia erkidegotik kanpo bultzatzeko soilik EAEn landutako sagarrarekin egindako sagardo ziurtagiridun berria. Udaberriarekin hasiko dira saltzen, eta logotipo bat izango du sagardo berriak Jatorri Izenarekin; hala, hasieratik zabalduko dute Eroskiren denda sarearen gehienean. Gaur egun, milioi bat botila sagardo inguru saltzen ditu kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan; hori ekoizpen osoaren %10 da ia-ia.
"EROSKIkook hurbiletik jarraitu diegu sagardoaren sektoreak EAErako pentsatu dituen erronka estrategiko berriei; hasieratik animatu diegu Jatorri Izen gisa elkar zitezen, eta konpromisoa hartzen dugu era proaktiboan bultzatzeko kalitate ziurtagiri hau duen sagardo berria", esan du Eroskiren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.
"Urte askoz elkarrekin lanean aritu ondoren, Jatorri Izena lortu dugu. Etorkizunari begira, apustu handia egin du sektoreak. Sagardo naturala egiten duten elkarteak ez ezik hor sartu dira sagardotarako sagarra lantzen dutenak ere, ziurtagiri hau babestu eta bultzatzeko. Eusko Label sagardoaren lekukoa hartu dugu, eta itxaropen handiko proiektu bat abiatu dugu, begia XXI. mendeko kontsumitzailean ipinita; izan ere, kontsumitzaile horrek estimutan du era tradizionalean eta %100 hemengo sagarrarekin egiten den sagardoa", nabarmendu du Euskal Sagardoa Jatorri Izen berriaren koordinatzaileak, Unai Agirrek.
Hemendik aurrera, bi kalitate ziurtagiri izango dira elkarrekin merkatuan: Euskal Sagardoa Jatorri Izena, ziurtagiria duen kalitatezko sagardoa, erabat Euskal Autonomia Erkidegoko sagarrarekin egina, eta Gorenak sagardoa, hori ere kalitate ziurtagiriduna eta euskal sagardotegietan egina askotariko jatorria duen sagarrarekin. "HAZI Fundazioak prozesu guztia egiaztatuko du, bi zigiluen kalitatea bermatzeko. Gainera, bi markek Fraisoroko Laborategiko dastatze panela gainditu beharko dute, hori baita ENACen ziurtagiria duen laborategi bakarra. Laborategi horretan, dastatze organoleptikoak eta analisi fisiko-kimikoak egingo zaizkio sagardoari. Zizurkilen (Gipuzkoa) dago laborategia", esan du HAZIko zuzendariak, Asier Arresek, eta hauxe gaineratu du: "Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bitartez, bi marka ofizial hauek egiaztatzea berme bat da, eta segurtasuna ematen die tokiko kalitatezko produktuen alde egiten duten kontsumitzaileei".