Eroskik 64 milioi euroko emaitza positiboarekin amaitu du 2022ko ekitaldia

Kostuak handitu egin direnez eta marjina gordina puntu bat jaitsi denez, amaierako emaitza %1,32raino murriztu da salmentetan. Ebitdak 280 milioi euroak gainditu ditu, prozesu guztietan eraginkortasun neurriak aplikatu direlako.
Card image cap
2023/05/04

Eroski Taldeak emaitza positiboarekin amaitu du 2022ko ekitaldia, kontuak 2023ko urtarrilaren 31n itxita, eta 64 milioi euroko emaitza positiboa izan du. Ekitaldi horretan, eragin handia izan dute saldutako produktuen kostuen igoerak (batez beste %15), zeina partzialki taldeak hartu baitu bere gain marjina gordinaren kaltetan, ehunekoetan puntu bat murriztuta; horren xedea izan da salmenta prezioei eustea. Kopuru esanguratsua da lehendik marjina estuekin jarduten den sektore honetan. Hala, ekitaldiko salmentak %1,32 ere jaitsi dira. Bestalde, ebitdak 280 milioi euroak gainditu ditu ekitaldia amaituta. Izan ere, produktibitatean hobekuntza neurriak ezarri dira, eta balio kateko zenbait prozesutan eraginkortasuna handitu.

Salmenta gordinak %7tik gora handitu dira, eta 5.476 milioi eurorainokoak izan dira, batik bat inflazioak prezioen gain izan duen eraginagatik

Salmenta gordinak %7tik gora handitu dira, eta 5.476 milioi eurorainokoak izan dira, batik bat inflazioak prezioen gain izan duen eraginagatik. Eroskiren kasuan, %12 handitu dira, batez beste, nahiz eta produktuen kostua, batez beste, %15 handitu den. Jardueraren zifren eboluzioari dagokionez ere, eragin nabarmena izan dute marka propioko produktuek, %7 handitu baitira partaidetza aldetik. Alabaina, salmentak %2 jaitsi dira, erosketa saskiak bolumena galdu duelako.

"2022ko ekitaldia, bihurria izanagatik, positiboa izan da. Aurreko urtean baino etekin apalagoa izan dugu kostuak handitu egin direlako, emaitza finantzarioak normalizatu egin direlako eta batez ere marjinak murriztea erabaki dugulako zertarako eta prezioei eusteko eta gure jarduera promozionala handitzeko. Gauzak horrela, eraginkortasunean eta produktibitatean hobekuntzak eginez, emaitza positiboak kontsolidatu ditugu, Galizian eta Balearretan merkatu kuota handitu dugu, Kataluniako joerari buelta eman diogu eta Nafarroan eta EAEn lidergoari eutsi diogu. Beraz, kontuak ongi atera dira azkenean", baieztatu du Eroski Taldeko CEOak, Rosa Carabelek.

Rosa Carabel, Eroski Taldeko CEOa: "2022ko ekitaldia, konplexua izanagatik, positiboa izan da. Aurreko urtean baino etekin apalagoa izan dugu kostuak handitu egin direlako, emaitza finantzarioak normalizatu egin direlako eta batez ere marjinak murriztea erabaki dugulako zertarako eta prezioei eusteko" 

204 milioi eurotik gorako etekin operatiboa

Taldearen etekin operatibo korronteak 204 milioi euroko emaitza izan du, 2021ean baino %10 handiagoa, eta salmenten gaineko ratioak aurreko urteetakoaren antzekoak izan dira.

2022an presio inflazionarioa izanik, Eroskiri nabarmen handitu zaizkio bere gestioari lotutako gastuak. Azpimarratzekoa da 38 milioi euroko gainkostua izan duela besteak beste errentetan, garraioan eta langileetan. Erakundearen balio kate osoan ezarri diren eraginkortasun neurriak 0.83 puntutara iritsi dira ehunekoetan, eta modua eman dute gainkostuei aurre egiteko prezioetan guztiz erasan gabe. Hala, kontsumitzaileen gain izan duen eragina arindu dugu.

Emaitza arrunta 128 milioi eurotan kokatu da. %50eko jaitsiera da 2021eko epe bererako. Aldea, batik bat, emaitza finantzarioan dago, haren urte arteko eboluzioa aurreko urte ezohikoaren isla baita, birfinantzatze hitzarmenak bete izanaren ondorio.

Hedapena eta inbertsioak

Eroski taldeak bere lidergoa indartzen jarraitu du Espainia iparraldean (Galiziatik Balear irletara). Establezimendu propioetan eta denda sarearen eraldaketan kontzentratu ditu inbertsioak eskualde horretan. 2022ko ekitaldia amaituta, merkatu kuota hobetu du Galizian eta Balearretan, eta lider jarraitzen du EAEn eta Nafarroan. Gainera, bere presentzia handitu du Espainia osoan, 78 denda propio zein frankiziatu inauguratuta. 67 frankizia irekita, Eroskik 600 saltoki frankiziatu baino gehiago ditu orain. Gainera, bere sare komertzialeko 91 denda berritu ditu.

67 frankizia irekita, Eroskik 600 saltoki frankiziatu baino gehiago ditu orain. Gainera, bere sare komertzialeko 91 denda berritu ditu

Arlo logistikoaren aldetik, 18,5 milioi euroko inbertsioa eginda, produktu freskoen Sigüeiroko plataforma eraikitzez amaitu du, Galizia aldeko azpiegitura logistikorik handiena. Mugarri hori ipinita, 2021ean Jundizko plataforma logistikoaren inauguratuta (Gasteizen) eta 2020aren amaieran Capraboko freskoen plataforma martxan jarrita (Llobregateko Port de El Prateko JLEan), freskoen plataformen mapa birdiseinatzez amaitu du iparraldean. Giltzarria da hori EROSKIk freskoen eta tokiko produktuen inguruan duen estrategiarako, bai eta ingurumenaren iraunkortasunerako eta balio katearen ekonomiarako ere.

Erantzukizuna eta konpromisoa, 335 milioi euroko aurrezpen transferitua

Eroskik, hornitzaileekin batera, programa komertzial indartsu bat eratu zuen 2022an aurrezpena bultzatzeko, nola eta promozio kanpainen eta fidelizazio klubaren bitartez. "Ahalegin itzela egin dugu kontsumitzailearen beharrei erantzuteko; horretarako, gure ekintzak areagotu ditugu, batetik aurrezpena bultzatuta eta bestetik ahal izan den neurrian prezioen igoerei galga jarrita testuinguru inflazionario neurrigabe honetan. Hala, iaz 335 milioi euroren aurrezkiak transferitu genizkien kontsumitzaileei promozio jarduera indartsu bat eginda eta prezioak zainduta eta doituta. Hortaz, beste behin erakutsi genituen erantzukizun eta konpromiso maila handia", azaldu du Rosa Carabelek.

Finantza zorra normalizatua

2022ko ekitaldian, Eroskik 44 milioi euro gutxitu zuen finantza zorra, eta 909 milioi eurotan utzi zuen. Gauzak horrela, 2009tik guztira 2.514 milioi euro jaitsi du bere zorra.

Kooperatibak 32 milioi euroko etekina izan du

Eroski S.COOP. kooperatiba nagusiak 32,07 milioi euroko emaitza positiboa aurkeztu du. Horrek ere gorakada pairatu du kostuan, eta bere gain hartu du partez marjinen murrizketa, familiek gutxiago suma dezaten inflazioa beren poltsikoetan.

EROSKIk 1.268 pertsona egin zituen kooperatibako bazkide 2022an, eta, hala, 9.500 lagunetara igo zuen kooperatiba nagusiko Langile Bazkideen kopurua iazko ekitaldian.

EROSKIri buruz

Kooperatiba izaerako Espainiako lehen banaketa taldea da EROSKI, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan (Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan), %13tik gorako kuotarekin horko merkatuan. 2022 amaieran, haren sare komertzialean 1.656 saltoki zituen; besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash&carry-ak eta online supermerkatua; horretaz gainera, gasolindegiak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk. Era berean, sei milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 31.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankizia-hartzaile baino gehiago.

Banaketa komertziala