Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Eroskik 52 frankizia supermerkatu ireki ditu urtearen lehen erdian
Eroskik 52 frankizia denda ireki ditu 2015eko lehen seihilekoan. 350 lanpostu sortu ditu, eta 11 milioi euro baino gehiago inbertitu.
Frankizien eredua hedatzen ari da eta urte bukaerarako, 100 frankizia supermerkatu berri izatea espero du, 2014an irekitako 58 horietaz gain.
Urtearen lehen erdi honetan, gehienbat toki hauetan hedatu dira Eroski frankiziak: Andaluzia, Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Balearrak. Uharteetan, zehazki, sektoreko frankizia-marka liderra da denda kopuruan. Urtearen bigarren erdian, Madrilen, Levanten eta Extremaduran zabaldu asmo ditu zenbait frankizia supermerkatuak; dagoeneko, iragarrita ditu zenbait irekiera. Estrategiaren barnean sartzen da 1.500 biztanleko herrietan hedatzea eta dendetan 3.000 erreferentziatik gora izatea: freskoak, marka propiokoak, fabrikatzaileenak eta tokiko produktuak.
"Gure Plan Estrategikoan zehaztuta daukagunaren arabera ari gara aurrera egiten, oso talde espezializatu bati esker; izan ere, hori dabil frankizia dendei aholku ematen proiektuak aztertzeko, zehazteko eta zabaltzeko fasean eta, orobat, frankizia supermerkatu finkatuen segimenduan. Hilabetean 500 kontsulta baino gehiago jasotzen ditugu, gure frankiziez galdezka", esan du Enrique Martinezek, Eroskiren Frankizia Saileko zuzendariak.
Lehen sei hilabete hauetan, honako hemen inauguratu ditu Eroskik bere frankiziak: Balearretan (12), Andaluzian (11), Katalunian (10), EAEn (9), Madrilen (3), Galizian (2), Gaztela Mantxan (2), Aragoin (1), Kantabrian (1) eta Errioxan (1).
Eroskiren frankizia denden sarean, 500 saltokitik gora daude. "Negozio eredu lehiakorra, errentagarria eta sendoa eskaintzen diegu gure frankizia marketakoren batekin negozioa hastea erabakitzen duten ekintzaileei. Gainera, aurten, beste bultzada bat eman diogu frankizia formatuetako berrikuntzei; hala, Zurekin eredu komertziala zabaltzearekin bat, gure bereizgarriak zabaldu ditugu, hasi supermerkatuetatik eta hipermerkatuetaraino".
Eroskik frankizia eredu integrala ematen du, Eroski/city eta Caprabo —Kataluniarako— bereizgarriekin, bereizgarri bakoitzaren eredu fisikoari eta komertzialari jarraitzen dioten 250 eta 500 metro koadro inguruko supermerkatuetarako. Gainera, Eroskik baditu bestelako aukerak ere; esaterako: Aliprox, Onda eta, Balear uharteetan, Aprop, 200 eta 250 metro koadroko lokaletarako. Horretaz gainera, martxoan Tarragonan frankizia hipermerkatua irekita, lehen aldiz eraman du Eroskik frankizien eskarmentua hipermerkatuen arlora. "Eskarmentua harturik, gure frankiziei eskaintzen dizkiegun saltoki formatuak ugarituko ditugu, hasi 200 metro koadrokoetatik eta 4.000 metro koadrokoetaraino", adierazi du Eroskiren Frankizia Saileko zuzendariak.
Frankizia supermerkatu ireki berri guztiak ari dira kooperatibak bultzatzen duen Zurekin eredu komertzial berriaren barrenean. "Zurekin eredua frankizien sarera hedatuta, bultzada inportantea hartu dugu, eta bezeroek oso harrera ona egin diote", esan du Enrique Martinezek; bestalde, gogorarazi duen bezala, "2014an, %6 handitu ziren Eroskiren frankizia supermerkatuetako salmentak".
Bezeroarenganako tratu pertsonalizatua, kontsumitzailearen erosteko askatasun handia, tokiko produktuen aldeko apustua, janari freskoen garrantzia eta elikadura osasungarriaren promozioa dira Zurekin denda belaunaldi berriaren nortasun marka nagusiak. Alde horretatik, Eroskiren frankiziek ia esklusiboki janaria saltzen dute, eta eskualdeko jangai sorta zabala dute, Eroskik hartua baitu konpromisoa nekazaritzako elikagaien ekoizpen ehunaren aniztasunaren alde; hain zuzen, horregatik ari da toki askotako 4.700 hornitzailerekin baino gehiagorekin lankidetzan.