Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Eroskik 2020ra begirako plan estrategiko berriari helduko dio, eta ardatza lehiakortasunean jarriko du
Eroski kooperatibak Ohiko Batzar Nagusia egin du (ekainaren 15ean), Barakaldon (Bizkaia); batzar horretara, langile bazkide eta kontsumitzaile bazkide guztien 500 ordezkari zeuden deituta.
Eroskiko presidenteak, Agustin Markaidek, 2012an prestatu eta aurten amaituko den Plan Estrategikoak zer-nolako lorpenak ekarri dituen aztertu du.
Tarte horretan, sendotu egin da finantza egitura iraunkorra, banaketaren ohiko jarduerak sortzen dituen baliabideen bidetik. Bestalde, Zurekin eredu komertziala garatu da, eta, horrela, arreta pertsonalizatua indartu eta sorta zabalak jarri dira, kontsumitzaileak aukera askatasun handiagoa izan dezan; zeregin horretan, elikagai freskoek eta tokiko produktuek hartu dute garrantzia, biak ere funtsezkoak baitira elikadura osasungarria eguneroko jarduna izan dadin.
Eroskiko presidenteak banaketa sektoreko gakoak errepasatu ditu aurrean zituela kooperatibako bi komunitateetako bazkideak; zehazki, Langile Bazkideen eta Kontsumitzaile Bazkideen 500 ordezkari: "Kontsumitzaileek konfiantza handiagoa dute orain guregan; izan ere, ondasun iraunkorraren kontsumoa normalizatu egin da, baina horrek ez du ekarri elikagaien kontsumoa handiagoa izatea. Sektoreko gakoei dagokienez, merkatua handia da, egonkorra, alderdi globaletik begiratuta, eta elastikotasun gutxikoa errentari begira, baldin eta alderatzen badugu familia gastuaren beste kapitulu batzuekin; kontsumitzailea, berriz, zorrotza eta aldaketetara laster egokitzen dena da. Merkatu honetan, denda berriak laster irekitzen dira, eta horrek asko bizitzen du lehia; hori dela eta, operadore guztiek bilatzen dituzte negozio formula berriak, eta norberak bere formula arrakastatsuak indartzen ditu, berriak bilatzearekin batera".
Eroskik gogoeta berri eta sakon bati ekingo dio aurten, eta hortik ateratako gidalerroek zuzenduko dute Taldea, ondoko ziklo estrategikoan, 2020ra arte.
Bere hitzaldian, Markaidek zenbait galdera egin dizkio auditoriumean zirenei: "Nolakoa izan behar du Zurekin 2020 dendak? Zergatik aukeratuko du bezero batek gurea beste denda batzuetara joan badaiteke?". Erronka berriei ekiteko, kooperatibak zenbait lehentasun jarri ditu helburu gisa: bere merkatuetan lehiatzea, Bezero Bazkidea estrategiaren erdigunean jartzea eta bere taldeen gaitasunak indartzea.
Bestalde, Eroskiren Kontseilu Errektoreko presidenteak, Leire Mugerzak, zera aitortu du, Langile Bazkideen konpromisoa eta eginahal handiak izan direla aurten amaituko den plan estrategikoan. "Azken urteetan, geure buruari erakutsi diogu Eroskin kultura kooperatibo sendoa dugula, prest gaudela erabakiak hartzeko, informazioa partekatuta eta barne kontsentsu handiarekin, betiere lehentasuna emanez gure proiektu sozioenpresarial komunari", esan dio Mugerzak, Kontseilu Errektorearen izenean, Langile Bazkideen kolektibo guztiari. Eta, bere tartea amaitzeko, honela gogorarazi du: "Enpresa jardueraren bitartez gizartea eraldatzea da gure helburu kooperatiboetako bat", eta ondoren, hauxe gaineratu du: "Gaur egun, Eroski inoiz baino hobeto dago prestatuta gizarte bidezkoago, solidarioago, iraunkorrago eta osasun eta ongizate maila hobeago baten alde egiteko".
Urteko kontuen onarpena eta emaitzen banaketa
Eroskiren Batzar Nagusian onartu egin dira Eroski Taldearen urteko banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak, baita 2015. urteko ekitaldiaren Kudeaketa Txostena ere.
Eroskik emaitzen banaketan beti izan dituen irizpideei jarraituta, kooperatibako bazkideek emaitza negatiboaren %20 beren gain hartzea erabaki dute; Langile Bazkide bakoitzak kooperatiban duen kapital kontuko erreserba bereizi negatibo indibidualizatu batera pasatuko dira emaitza horiek.
“Aurten irabaziak izango ditugula espero dugu. Datozen urteetan, gure lehentasuna kooperatiba indartzea izango da, eta, horrekin batera, erreserba negatibo indibidualizatu horiek era progresiboan konpentsatzea", esan du Agustin Markaidek.