EROSKIk 193,8 milioi euroko emaitza operatiboarekin amaitu du 2019a

Taldearen etekin operatiboa %18tik gora igo da 2018aren aldean, eta, hala, hobetu egin du bederatzigarren urtez jarraian.
Card image cap
2020/06/17

EROSKI Taldeak emaitza positiboarekin amaitu zuen 2019ko ekitaldia, kontuak 2020ko urtarrilaren 31n itxita. Azkenean 45,2 milioi euroko etekinak izan ditu, eta 2018ko ekitaldia hobetu du 43,6 milioi eurotan, zeinetan eragina izan baitute birfinantzaketako baldintzen balorazioak eta aktiboen balorazioaren egokitzapenak. Ildo positibo berean, etekin operatiboa hobetu egin da 2019an, bederatzigarren urtez jarraian hobetu ere, 193,8 milioi eurotaraino, EROSKI taldeak salmentetan inoiz izan duen emaitza operatiborik onena. Ebitda ere hobetu egin da, eta 12,9 milioi handitu. Hala, 263,6 milioi eurotan dago orain. Aldeko eboluzio horretan, zerikusia izan dute eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko egindako zenbait proiektutan izan dituen lorpenek eta sare komertzialaren eraldaketak eta berrikuntzak.

Irekierak eta eraldaketak

2019. urtean, EROSKI taldeak jarraitu du bere sare komertziala eraldatzen "zurekin" eredura, eta hori da belaunaldi berriko denden ezaugarria.

Orain 845 denda baino gehiago daude eraldatuta, eta horietan saltzen ditu taldeak elikagaien %80 pasa.

Taldearen salmenta gordinak 5.266 milioi eurorenak izan dira, 2018an baino %2,4 gutxiago; izan ere, hipermerkatuen alorrean perimetroa murriztu egin du. Nabarmentzekoa da salmentak igo egin direla sarea "zurekin" eredura eraldatu den eskualde guztietan; aipagarria da, batez ere, %1,92 igo izana eraldaketa oso zabalduta dagoen eskualdeetan (EAEn, Nafarroan eta Galizian). Ereduaren emaitza onei esker, sendotu egin du iparraldean eta mendebaldean duen lidergoa, eta eremu horietan egin ditu sarearen eraldaketarik gehienak. Horren osagarri, gainera, bere posizioa indartzen lagundu dion denda propioak eta frankizia erakoak ireki ditu. Zehazki, 74 denda inauguratu ditu taldeak 2019an, bai frankiziak eta bai denda propioak (61 supermerkatu, gasolindegi bat, sei bidaia agentzia eta aisialdiko eta kirolerako bost denda, eta Cash & Carry bat). EROSKI da Espainia iparraldean bigarren elikagai banatzailea, %13tik gorako kuotarekin.

Emaitzetan islatzen diren ohiz kanpoko zenbatekoak

2019ko ekitaldian, EROSKIk 263 milioi euro murriztu du bere zor finantzarioa, eta, hala, 2010etik, 1.900 milioi euro inguru murriztu du zorra. 2019ko uztailean, EROSKIk hitzarmen bat egin zuen banku entitateekin zorra berriz finantzatzeko, baita baldintza onak lortu ere, eta horren balorazioa behar bezala erregistratu da urteko kontuetan. Errentamenduen gaineko Nazioarteko Arauan (NIIF16) izan den aldaketa 2019ko ekitaldian aplikatzeak eragina izan du bai ustiapen kontuan —zeina finantza gastuetan eta amortizazioetan islatu baita— eta bai ibilgetu materialean eta balantzearen pasibo finantzarioan, alokairu kontratuetan datozen erabilera eskubideak erregistratu baitira.   

Guztira, 6 milioi dira EROSKIren Bazkide Bezeroak, EROSKI Club txartelaren, CAPRABO txartelaren eta FORUM SPORT txartelaren jabeak. 2019. urtean, Taldeak 308 milioi euroko aurrezpena transferitu die bezeroei eskaintza eta sustapenetan, zeinak gero eta pertsonalizatuagoak diren.

Bestalde, EROSKI S.COOP. kooperatiba nagusiak jarraitzen du emaitza positiboak izaten azken urteetan, eta 2019an, zehazki, 72,3 milioi euroko etekina izan du, 2018an baino 58,4 milioi gehiago. Salmentak ere 1.772 milioi eurotaraino igo dira, eta, hortaz, aurreko ekitaldia baino %1,8 gehiago da hori.

Banaketa komertziala