EROSKIk Elorrioko plataforma logistikoaren automatizazioa inauguratu du

EROSKIk automatizatu egin du Iparralderako duen elikadura plataformako trafikoaren %50 eta kudeatutako pisuaren %70. Europako lehenengo plataforma logistikoa da botilen logistika ere automatizatzea lortu duena. Garapen teknologikoa tokikoa da, EROSKIk eta ULMA Handling Systemsek lankidetzan egina, eta LKSk ere parte hartu du proiektuan. 40 milioi euro baino gehiago inbertitu dira eta barne efizientzia eta lan baldintzak asko hobetuko ditu plataforma automatizatuak. Garatutako teknologia berriak negozio linea berriak zabalduko dizkio nazioartean ULMA Handling Systemsi.
2014/11/25

EROSKI-automatiza plataforma

EROSKIk ofizialki inauguratu du lantegi logistiko berria Elorrion (Bizkaia). Plataforma automatizatu bat da, teknologiarengatik sektorearen abangoardian kokatzen dena Europan. Teknologia hemen garatuta dago, EROSKIren eta ULMA Handling Systemsen artean, eta proiektuak LKS kooperatibaren parte hartzea ere izan du.

Lantegia modernizatuta, "lean" prozesu industrialak dituen fabrika bat bezala kudeatuko da plataforma logistikoa, eta hala, kudeatzen den pisuaren %70 automatizatu da; gutxi gorabehera, plataformatik egunero igarotzen diren 2.000 tona inguru. Bolumenari dagokionez, lantegi logistiko berriak automatikoki kudeatuko du egunero pasatzen diren EROSKIren 140.000 picking kutxen %50; ordubetean, 4.000 inguru.

Instalazio berrietan, kooperatibak 40 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, eta 400 pertsonak egiten dute lan, EROSKIren iparraldeko 26 hipermerkatu eta 325 supermerkatuetarako.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak inauguratu zuen, azaroaren 24an lantegia, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ana Otadui Elorrioko Alkate andreak, Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eta José Zurita Ekonomia Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak lagunduta. Ekitaldian 200 gonbidatu inguru izan ziren; besteren artean, administrazio publikoko zenbait kargudun, hornitzaile ugari, sektoreko eta kooperatibako ordezkari asko, komunikabide nagusietako zuzendariak eta unibertsitateko kide nabarmenak. Inaugurazioan izan zirenek plataforma bisitatzeko aukera izan zuten, eta interesa azaldu zuten berrikuntza teknologikoengatik, produkzioaren hobekuntzagatik eta produkturik astunenen manipulazioaren automatizazioak bertako langileen lan baldintzetan izan den hobekuntzagatik.

Agustin Markaide EROSKIko presidenteak esan du aitzindaria dela lantegia Europako sektorean, eta hauxe nabarmendu du: "Plataforma berriari esker lortutako optimizatze logistikoa garrantzi handikoa da, eta pauso garrantzitsua da kooperatibaren prozesuen barne efizientzia hobetzeko. Horrela, dendek eskatzen duten zerbitzua emateko moduan dago, eta, ondorioz, bezeroen abantailak handituko dira, sortak zabalagoak eta prezioak hobeak izango baitira arintasun eta malgutasun handiagoari eta gastu operatibo txikiagoei esker".

EROSKI-automatiza plataforma

Sistema automatizatu honen bitartez, salgaiak ia manipulatu gabe jaso eta biltegiratuko dira zamalanetako kaitik. Eskaeren prestaketa –pickinga- ere automatizatuta dago, eta, prozesu guztiak kudeatzen dituen sistema informatiko sofistikatuarekin, denda bakoitzerako eskaerak prestatzen dira saltoki bakoitzean produktuak kokatzen diren ordenari jarraituta, erreposizioak erraztuz eta prozesu logistiko guztia optimizatuz, salgaia plataforman jasotzen den unetik eta apaletara iritsi arte. Azken batean, dendetarako eskaerak automatikoki jaso, biltegiratu eta prestatzeko modua ematen du sistemak, eta 1.100 produktutaraino kudea ditzake; banaka ezagutzen ditu produktuak, EROSKIren denda bakoitzeko eskaerak osatzeko produktuen ezaugarrien arabera optimizatutako ordena bati jarraituta (pisua, tamaina, hauskortasuna...), hau da, kontuan hartuta saltoki bakoitzaren planoa eta kasu bakoitzean baimendutako paleten pisua eta garaiera maximoa.

Markaidek garrantzia eman dio enpresen eta berrikuntza poloen arteko lankidetza proiektuei nazioartean ospea hartzeko eta tokiko enpresei lehiakortasun abantaila iraunkorrak emateko balio dutelakoan.

Inaugurazioan, fabrikatzaileak eta banatzaileak batzen dituen Espainiako elkarte nagusiko buruak, hau da, Kodifikatze Komertzialerako Espainiako Elkarteko zuzendari Jose Maria Bonmatinek esan du inportantea dela fabrikatzaileen eta banatzaileen informazioa trukatzeko sistemaren estandarizazioa eta banatzaileen, fabrikatzaileen eta operadore logistikoen lankidetza produktuen formatua, paletizazioa eta identifikazioa hobetzeko.

Lidergo berritzailea sektorean

Proiektuan aplikatu diren teknologiarik abangoardistenetan, dendetako eskaerak prestatzeko faseko robot berriak daude; horiei esker, botilak modu automatizatuan kudea ditzake EROSKIk. Elorriokoa da hori egiten duen lehen plataforma logistikoa Europa guztian. Prozesu teknologiko berritzaile propioa du, EROSKIk eta ULMA Handling Systemsek diseinatua eta garatua. Zailena edarien oinarri tronkonomikoa izan da, eta, horrekin batera, denden eskaera-paleten mosaiko multiproduktuen orekatzea eta ahokatzea, botilek oro har portaera okerragoa baitute. Hain zuzen, eskaerak prestatzeko teknologia irtenbide berritzaile hori garatu du ULMA Handling Systemsek, eta horretan oinarritzen da nazioartean negozio lineak zabaltzeko.

EROSKI-automatiza plataforma

Bestalde, prozesu automatizatua ezarri dute despaletizaziorako eta produktuen barne zirkuitu guztietarako, sorter baten eta tarteko hainbat biltegiratzeren bitartez —banakako biltegiratzea eta sekuentziatzea, kutxaka—, dendetako eskaerak prestatu arte. Hauek dira onurarik handienetako batzuk: produktuak manipulatzeko modua hobetzea, ekoizpena hobetzea, hutsegiteak gutxitzea, zerbitzua estandarizatzea eta gastu operatiboak gutxitzea. Gainera, lantegi logistikoko langileen baldintzak asko hobetzen ditu, eskuz prestatzearen ahalegin fisikoa nabarmen gutxituko baitu; izan ere, prestatzaile baten eguneko karga 8.000 kilokoa zen. Ordura arte lan horietan aritzen zena birkokatu egin da Elorrioko plataforma logistikoaren osoko berrantolatzearen barnean, zeina 1974an inauguratu zuen EROSKIk. Fabrika berriak 41.000 metro koadro ditu, eta hor biltzen dira EROSKIk iparraldean banatzen dituen elikagai produktu guztiak, freskoak eta izoztuak izan ezik. Lantegiaren energia-efizientzia ere hobetu egin da, eta hala, ingurumenari kalte txikiagoa egiten zaio.

Efizientzia logistiko handiagoa

EROSKI-automatiza plataforma

Martxan den Plan Estrategikoaren hastapenean, 2013an, hasi zen modernizatzen EROSKIren Elorrioko planta logistikoa, bere trafikoaren zati handi bat automatizatzeko asmoz eta hala produktibitatea handitu eta lan-baldintzak hobetzeko. Joan den urtean, diseinu teknologikoa definitu zen, lantegian bertan instalatutako I+G laborategi bati esker. Gainera, biltegiratze automatikoaren gaitasuna hobetu zen lehendik zegoen biltegia berrituta eta beste bat eraikita.

2014an, eskaera automatikoki prestatzeko teknologia garatu da; hor sartzen dira despaletizatzea, trantsiturako bi biltegi —bat produktukakoa eta bestea eskaera sekuentziatzekoa— eta linea robotizatua, denda bakoitzaren eskaerekin palet multierreferentziak osatzeko. Instalakuntza hori guztia lotuta dago sorter batekin; eta horren gainean joaten dira kutxak, modu automatizatuan, lantegi guztia gobernatzen duen softwareak gidatuta. Martxan jarri ondoren, proiektua gehiago garatuko da 2015ean, beste modulu batekin, bidalketen azken fasea ere automatizatzeko.

Elorrioko plataforma logistiko berria EROSKIren 2016rako Plan Estrategikoaren eraldatze estrategian sartzen da. Plan horren bitartez, asmoa da balio-katearen efizientzia asko hobetzea, "plataforma eta garraio sarea doitua eta lehiakorra izan dadin sektorearen abangoardian jartzen duten irtenbide aurreratuekin", esan du Alberto Madariagak, EROSKIren operazioetako zuzendariak. Hau ere esan du: "Balio-katearen efizientzia da gure Plan Estrategikoaren ardatza eta 'Zurekin' denda eredu berria garatzeko gakoa; eredu horrek eskakizun logistiko handiagoa du, dendako stocka gutxitu eta produktu sorta handitzen baitu, bezeroak aukera handiagoa izan dezan eta EROSKI Klub berriaren bitartez harekiko promozio eta lotura politikaren gastu operatiboak gutxitu ditzan. Instalazio hori jausi inportantea da gure prozesu logistikoak optimizatzeko orduan, eta gakoa da EROSKIren kalitate-prezio eskaintza indartzeko", amaitu du Madariagak.

Argazki guztiak: https://www.flickr.com/photos/tulankide

Banaketa komertziala