Eroski Fundazioak eta Basque Culinary Centerrek ikasleak trebatuko dituzte sukaldaritzan

"Ikasgelako chefa" tailerren helburua da haurrei erakustea erosketa osasungarria eta arduratsua egiten eta sukaldaritzako errezeta erraz, dibertigarri eta osasungarriak prestatzen trebatzea.
Card image cap
2024/10/15

Eroski Fundazioak eta Basque Culinary Centerrek "Ikasgelako chefa" izeneko berrogeita hamar sukaldaritza tailerretik gora emango dituzte aurrez aurre; EAEko eta Nafarroako ikasleei emango dizkiete Eroskiren dendetan. Helburua da haurrei erakustea erosketa osasungarria eta arduratsua egiten eta sukaldaritzako errezeta erraz, dibertigarri eta osasungarriak prestatzen.

Eroskik eta BCCk berritu egin dute lehendik zuten hitzarmena. Horren bitartez, elkarrekin konprometitu dira gazteak sentsibilizatzeko elikadura orekatuaren gainean baita horrek osasunarekin duen loturaren gainean ere. Era berean, dieta orekatu bat planifikatzen erakutsiko diete. Joan den ikasturtean 61 tailer eman zituzten, eta 32 ikastetxetako 1.128 ikaslek parte hartu zuten; horietatik lau heziketa bereziko ikasleei eman zizkieten.

Joan den ikasturtean 61 tailer eman zituzten, eta 32 ikastetxetako 1.128 ikaslek parte hartu zuten

Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolak Elikadura eta Ohitura Osasungarrien Heziketa Programaren barnean antolatzen dituen aktibitateetako bat dira "Ikasgelako chefa" tailerrak, eta irakasleek eta ikasleek ondoena baloratzen dituztenetako bat. "Heziketa da elikadura osasungarriagorantz egiteko eta haurrei osasun arazoak saihesteko oinarria. Eroskin, garrantzi handia ematen diegu elikadura osasungarria bultzatzen duten heziketa programei eta elikadura osasungarria sustatzeari. Horregatik ari gara ikastetxeetan, ohitura osasungarri hobeak nola eraman jarraibideak zabaltzen", adierazi du Fundazioko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

Bi milioi ikasle baino gehiago partaide

Eroski Fundazioaren Elikadura Eskolak martxan jarri du Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko XIII. Heziketa Programa 2024-2025eko ikasturte honetan. 2012an ekin zion ibilbideari. Guztira 12 urtez azpiko 2.110.000 ikaslek parte hartu dute orain arte programan. Kopuru hori Espainiako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen unibertso osoaren %72 da. Joan den ikasturtean, Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioaren finantzaketa jaso zuten, eta 213.629 ikaslek parte hartu 2.352 ikastetxetatik etorrita.

Elikadura eta Ohitura Osasungarrien Heziketa Programako gaur egungo edukiak Espainiako ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) eta Haur Hezkuntzako (3-6 urte) ikasleentzat antolatuta daude, eta hauxe da helburua: ikasleei oinarrizko formakuntza ematea elikadura orekatuaz, ohitura osasungarriez, bertako produktuez, munduko hainbat kulturatako dietez eta planetaren iraunkortasunaz. Irakasleentzat material didaktikoa eskaintzeaz gain, interakzio jolasak ditu, erronkekin eta sariekin, elikadura orekatua sustatzeko. Maila bat baino gehiago daude, zailtasunaren arabera adin tarte hauetara egokituta: 6-8 urte, 8-10 urte eta 10-12 urte. Bai ikastetxeek eta bai familiek eskura izango dituzte formatu digitalean ipuinak, jarduera esperimentalak eta sentsorialak, ikasgelarako jokoak eta familian jokatzeko modukoak, eta maila bakoitzerako berariaz diseinaturiko komikiak.

Eroskik Osasunaren eta Iraunkortasunaren alde hartuak dituen konpromisoetan sartzen da programa, eta, haur gizentasunaren prebentzioari dagokionez, zientzialari profesionalez osatutako batzorde batek eratu du, diziplina askotakoak: medikuntza, pediatria, nutrizioa, dietetika, psikopedagogia eta pedagogia 

Aurtengo ikasturtean heziketa programan parte hartzeko interesa duten ikastetxeek webgune berrituaren bitartez egin dezakete: www.escueladealimentacion.es. Edo, bestela, energiaparacrecer@escueladealimentacion.es helbide elektronikora idatzita edo astelehenetik ostiralera 664 613 353 telefono zenbakira deituta, 09:00etatik 17:00etara.

Aitortza, ohitura osasungarriak sustatzeagatik

Eroski Fundazioak elikadura osasungarriagoa sustatzeko sortu duen heziketa programak aitortza ugari izan ditu. Besteak beste, Haur Komunikazioaren Nazioarteko Jaialdiak ematen duen "El Chupete" saria, adingabeekin landutako komunikazioagatik; Osasun eta Kontsumo Ministerioak ematen duen NAOS saria, kontsumitzaileen osasunaren alde eta ohitura osasungarriak sustatzeko egindako ekarpenagatik; Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Gosasun Zigilua; Herritarren Saria Osasunaren eta Bizi Kalitatearen arloan; Nutrizioaren Kataluniako Zentroaren Saria, eta OCARE Saria, "GEKeko Komunikazio Kanpainarik onena gizarte zibilarekin".

Mondragon Unibertsitateko Zientzia Gastronomikoen fakultatea

Banaketa komertziala