ERKOP Taldeak bideo korporatiboa aurkeztu du

Lehen sektorea MONDRAGON Korporazioan, abere-nekazaritza jarduerako hiru kooperatibek ordezkatzen dute: Barrenetxe, Behi-Alde eta Miba. Horiei buruzko informazio zehatza eskaintzen du bideoak.
2016/11/02

Barrenetxe, Behi-Alde eta Miba, bakoitza bere ezaugarriekin, Euskadi mailako sektoreko enpresarik handienak dira, bai produkzioan zein salmentetan.

Erkop taldearen ikus-entzunezko proposamen berriak hiru minututan laburbiltzen ditu taldearen oinarriak.

Bere osotasunean hartuta, ERKOP taldea oso dinamikoa eta aldakorra den sektorean dihardu, une oro merkatuko beharretara egokituz, kalitate parametroak zainduz eta baliabideak optimizatuz.

Etorkizuna ezezaguna den arren itxaropentsua ere bada, hazteko ahalmen handia baitago, eta gainera sektorean hain estrategikoak diren beste eragile batzuekin kolaborazioak bide berriak irekitzen dituzte.

Erreportajea TULankide aldizkarian

Urrian kaleratu den aldizkarian erreportaje luzea bezain sakona egin da Erkop taldeari buruz.

Ondoren, jasotzen dugu bertan publikatu diren elkarrizketetako pasarte batzuk:

Josu Arrizabalaga, Barrenetxeko gerentea

Nekazaritzak Euskadin bizi duen egoera ikusita, nortasunaren seinalea duten produktuak ekoiztea izan da gure apustua, nolabait kanpotik datozen produktuen aurrean balio erantsia eskaintzeko.
  • Dagoeneko hogei urte egin dituzu lanean. Zer aldatu da bereziki urte hauetan?
  • Dena aldatu da: pertsonak, produktua, merkatua, ... baina lehenik eta behin azpimarratu nahi nuke aktibitatea eta ekoizpen guztiari dagozkion aktiboak gureak dira gaur egun, kooperatibarenak; hau da, hasieran genituen zorrak kitatzeko aukera izan dugu eta hori berez eboluzioaren eta garapenaren adierazle da.

Horrez gain, produktua izugarri aldatu da eta etapa desberdinak bizi izan ditugu: aukera zegoen guztia produzitu, bezeroak eskatzen zuena soilik, eta azken hamarkadako joera da besteengandik bereiztuko gaituen produktua egitea, balio erantsia emango diguna. Adibidez, produktu bakoitzean hautatzen da bertako espeziea landatzea, oso ezaugarri propioak dituena eta, azken finean, zaporerik onena izango duena.

Barrenetxe04

  • Eta zerk bereizten du Barrenetxeko produktua? Nola definituko zenuke zuen produktua?
  • Bertako produktua da, bertako barietatea errespetatuz ekoizten duguna. Esate baterako, tomatearen kasuan hemengoa den barietatea aukeratu dugu, eta ez produktibitate handiena eskaintzen duena. Horretarako, nortasunaren seinale izateaz gain nahi duguna da hemengo klimatologiara egokitzen den produktua aukeratzea.

Produktu motari dagokionez, 80ko hamarkadan tomatea eta letxuga bakarrik ekoizten zen; ondoren ahalik eta barietate handiena egitea erabaki zen: tomatea, letxuga, bainak, berenjenak, kalabaziña, pepinoa, ... eta gero bueltatu ginen lau egitera: tomatea, piperra, letxuga eta azelga. Hauek bertako barietatea errespetatuz ekoizten ziren, oso ezaugarri propioak dituen produktua aukeratuz beti ere. Bide beretik jarraitu dugu eta gaur egun ere dibertsifikazioaren aldeko apostua egin dugu baina esan bezala, hemengo barietatea errespetatuz.

DAVID ZABALA, Behi-Aldeko gerentea

Azpiegiturei dagokionez, behiek neguan jateko aterpea dugu eta etzanda egoten diren lekuak hobetu dira. Hala ere, apiril-maiatzetik azarora arte ganadua kanpoan izaten dugu larrean belarra jaten.
  • Noiz eta nola eratu zen Behi-Alde?
  • 1979an hasi ginen behiak jaisten. Ustiapen batekin lanean hasi eta bost urtetan hiru genituen. Hala, Behi-Aldeko abeltzaintzak bolumen handia hartu zuenez, kooperatiba propioa eratu zen. Lursail guztiak hartuta zeuden ordurako, eta hasi ginen pinudiak zelai bihurtzen. Orduan 25 bat langile ginen, baina Gorla inguruan Pirinioetako arrazako behiak genituen. Gero 1994-1995ean Pirinioetako behiak kendu eta esne-behiekin bakarrik jarraitu genuen Albinako lursailetan eta 17 bazkide-langilerekin. Hasieran Laboral Kutxa eta Lana bazkideak ziren, baina gero biek utzi zioten. Ordutik 17 bazkideok jarraitu dugu.
  • Zein behi motarekin egiten duzue lana?
  • Frisoi arrazarekin, esne gehien ematen duena. Lanaren garaitik egiten dugu lana beraiekin. Hasiera-hasieran erosi ziren kanpoan biga batzuk eta ordutik urrusa (emea) guztiak hazi egiten ditugu. Hortaz, 1982tik gaur egunera arte ez da kanpoko ganadurik ekarri, guztia bertakoa da. Eta hori behiek gaixotasunik ez hartzeko abantaila handia da.
  • Nola dituzue banatuta instalazioak?
  • Hiru ustiapen ditugu behiak jaisteko; eta horietako batean jaistekoaz gain, txalak egitekoak, behi antzuak eta txahal guztiak, urrusak danak, hiru hilabetera artekoak. Beste ustiapen batean 150 buru batzen eta intseminetako bigak. Eta hirugarrenean lote bi biga ibiltzen dira, 9 hilabete eta 15 hilabetera artekoak, inseminatu artekoak. Horrez gain, beste pabiloi batean ditugu 130 biga 3 hilabete eta 9 hilabete artekoak.
  • Zer bilakaera izan du Behi-Aldek?

Behiak barruan

  • Aldaketa handiena esne ekoizpenean eman da. 80ko hamarkadan behiek ematen zuten 4.000 litro urteko eta gaur egun dira 10.500 litro urteko behi bakoitzeko. Hori joan da apurka-apurka igotzen, janari gehiago ematen diegulako eta genetikoki ere hobetu delako arraza, intseminazio bitartez. Bestalde, 90eko hamarkada erdian Carro Unific izeneko karro berezia eskuratu genuen janari guztia nahasten duena eta horrek kendu zigun esku-lan asko. Horrez gain, gero eta zelai hektarea gehiago ditugu. Orain ditugu 250 hektarea eraldatuta, gehiena belarrarekin: 200 bat hektarea belarrarekin eta 40-50 artoarekin. Horrez gain, Ozetan dauzkagu beste 50 hektarea artoa ereiteko, siloetan gordetzeko eta gero ganaduari emateko. Ahalegintzen gara elikaduraz gu geu hornitzen.

Iosu Ogiza, Mibako gerentea

Edozein modutan, proiektu berri honek aukera emango digu etorkizunera begira erronka berriak zehazteko eta hobeto antolatzeko gure azpiegiturak. 
  • Oraintsu Piensos del Norte pentsu lantegiarekin bat egin duzue. Lorpen handia izan da ezta?
  • Bai, zalantzarik gabe. Aspalditik izan dugu ardura hori, eta bi urtetako negoziazioaren ondoren, uztailean gauzatu dugu bateratzea. Egia da, erakundeetatik ere aspaldi bultzatu dutela elkarlana, pentsuak egitera dedikatzen garenon arteko elkarlana, nolabait indarrak batzeko eta merkatuan konpetitiboagoak izateko.

Piensos del Norte lantegia Mungian kokatzen da eta ondo prestatuta dago, izan ere inbertsio garrantzitsuak egin dituzte eta makinaria berria dute. Gainera kalitatea bermatzen duen ISOak dituzte eta hori pentsu lantegi gutxik dute. Horrek produkzioa handitzea baimenduko digu, adibidez. Momentu honetan, hango langileak gure plantilan integratzeko prozesuan ari gara. Horrela, guztira 48 pertsona inguru izango gara.

  • Zerk bereizten du Mibako pentsua?
  • Espezie guztientzat egiten dugu pentsua: behiak, esne behiak, loditzeko txala, ardiak, ahuntzak, txerriak, untxiak, eta hegaztientzat. Esan bezala, gaur egun berrantolatzen ari gara bi plantak baina Markinako plantan txerri eta untxi pentsua fabrikatuko dugu, biak erabiltzen dutelako antibiotikoa eta Mungian, berriz, besteak prestatuko ditugu.

Gure bezeroak kontuan hartuta, %80a bezero handiak dira (baserritarrak), eta beraiek duten siloetan deskargatzen dugu kamioia, granelean. %20 zakutakoa da, gure dendatan saltzen duguna eta baita beste distribuziorako kooperatiba batzuetan ere. Orain arte Miba eta Piensos de Norte markak izan ditugu eta momentuz biak mantentzea pentsatu dugu.

IMG_2303

  • Etorkizuna, beraz, ilusioz eta itxaropentsu ikusten duzue, ezta?
  • Bai noski, gure asmoa da Euskal Herrian erreferenteak bihurtzea, merkatuan oro har eta gure baserritarrentzat bereziki. Horretarako, harremanak mantentzen ditugu eragile desberdinekin eta espezie bakoitzaren beharrak jasotzen ditugu, ondoren aztertu eta irtenbiderik egokiena eskaintzeko.

Horrez gain, gaur egun 50 mila tonelada pentsu produzitzen dugu urtero baina hori baino askoz gehiago ekoizteko ahalmena dugu, beraz, horixe da beste erronka bat, produkzioa hantzea.

Kokapen aldetik, itxasoaren ondoan ditugu bi plantak eta hori Euskal Herri mailan estrategikoa den arren, estatu barruko salmentetan garraio kostea oso handia da. Hala ere, Mungiako planta portutik nahiko hurbil dagoenez, lehen gaia zuzenean eta merkeago lortzeko aukera dugu.

Aspektu horiek guztiak kontuan hartuta, uste dugu gure pentsuek merkatuko baldintza onenak eskaintzen dituztela, prezio aldetik zein kalitate aldetik.

Aldizkarian publikatu diren bestelako artikuluak hementxe daude kontsultagai: 
Revista septiembre-octubre 2016

 

Barazkigintza

Behi esnearen ekoizpena

Pentsu konposatuak