"Ereindakoagatik esker onez"

Loramendi Ikastolak ateak ireki zizkion euskarazko hezkuntzari Aretxabaletan. Hezkuntza arloko lehenengo kooperatiba ere izan zen, herritik sortua eta herriarentzat. Ordutik 50 urte igaro dira, Loramendi Ikastola desagertu da, baina euskararen lekukoak ez du etenik izan.
2018/10/09

Hain justu ere, lehenengo belaunaldietako ikasleek Loramendi Ikastolaren sustatzaile, irakasle eta gurasoei aitortza erakutsi nahi izan zieten zapatuan, "omenaldi beroa eskainiz". Ekitaldi xumean herriko plazara gerturatu ziren, ekitaldiari hasiera emanez, eta xumetasunean dotorea izan zen egun osoan zehar Aretxabaletan bizitakoa.

Loramendi Ikastolaren 50.urteurrena

Lehenengo urteetako irakasleak, ikastolaren sustatzaileak, gurasoak eta ikasleak zapatuan Aretxabaletako plazan ateratako 'familia-argazkian'.

Ikasle horietako askok Almen ikastetxean (gaur Arizmendi Ikastola) euskaraz ikasteko aukera izan zuten, eta han ere lehenengo belaunaldia izan ziren. Haietako asko zapatuan herriko kaleetan elkartu ziren berriz ere, 80tik gora lagun. Aspaldiko kontuak gogora ekarri, eta gaurko kontuen inguruan jarduteko aukera ezin-hobea izan zutelarik.

Lehenengo egoitza, Durana kalean.

Ekitaldia eguerdiko 12:30ean hasi zen, herriko plazan ohorezko agurrarekin. Ondoren, Arkupen, Zaraia aretoan, ikastolaren gaineko dokumentala ikusteko aukera izan zen, eta ekitaldiaren ondoren, plazara itzuli ziren 'familia-argazkia' egitera. Goizeko ekitaldia amaitzeko protagonista guztiek -sustatzaile, irakasle, guraso eta ikasleek- Jon Sarasuak omenaldi edo urteurrenerako idatzitako kantua abestu zuten. Eta ondoren guztiak elkarrekin bazkaltzera abiatu ziren. 

Loramendi Ikastolaren lehenengo egoitza Durana kaleko udaletxe zaharraren eraikinean egon zen, eta handik Loramendi auzora eraman zuten (gaur egun euskaltegia dagoen egoitzara). Gerora, urteekin, ikastola desagertu egin zen, eta ikastola Kurtzebarri Eskolan integratu zen, eskolara euskararen hazia eramanez. 

Argazki bilduma: Loramendi Ikastola.

Irakaskuntza