Erantzukizuna: baldintza eta aspirazioa

Erantzukizuna: baldintza eta aspirazioa

Igor Ortega eta Aitzol Loyola, Mondragon Unibertsitateko LANKI ikertegia
Erantzukizuna eredu kooperatiboaren funtsezko dimentsioa da. Kooperatibismoaren muin-muineko ezaugarriez galdetuko baligukete, bi balio nagusi aipatuko genituzke: bata, elkartasuna eta, bestea, erantzukizuna. Hortxe destilaturik kooperatibismoaren esentzia.
2023/03/28

Arrasateko kooperatibismoaren fundatzaileen testuak aztertuz gero argi ikusten da ideia hau. Lehen kooperatiben eratze garaian bi ziren, oroz gain, fundatzaileen buruhausterik nagusiak. Lehena, kooperatiben enpresa bideragarritasuna ziurtatzea. Ez zen makala erronka hau, izan ere, finantzazioa eta gaitasun teknikoak ez ezik, demokrazia eta lanaren antolaketa efizientea uztartzeko bideak zalantzakorrak ziren orduko lan elkartuko kooperatiben tradizioan. Bigarrena, gizarte konpromisoari nola eutsi, kooperatibak, etekinen testuinguruan, ez zitezen bilakatu unean uneko bazkideen interes soilen menpeko.

Arrasateko fundatzaileen ekarpenean deigarria da erronka horien erantzunak paradigma kooperatiboan arakatuz nola topatu zituzten. Izan ere, finantzazioa, ahalmen teknikoa edo lanaren antolaketa eraginkorra moduko erronkei balio kooperatiboetan sakonduz eman zieten irtenbidea. Oinarrian, elkartasunaz –kooperatibak eta komunitatea txirikordatuz–, eta erantzukizunaz –kooperatibistek finantzazioaren, kualifikazioaren eta lana eraginkorraren antolaketaren ardurak bere gain hartuko zituztela sinetsiz–.

Baina, era berean, testuak aztertzerakoan, nagusitzen zaigun irudipena da fundatzaileen ikuspegian enpresa-erronkak aitzakiak ere zirela. Aitzakiak, etengabeko pedagogia eta interpelazioa eginez, pertsona kooperatiboak egiteko; hau da, gizarte premiekiko solidarioak eta bizi eta lan proiektuen erantzukizuna bere gain hartuko dituzten pertsonak sustatzeko. Kooperatibarik ez kooperatibistarik gabe, eta kooperatibistarik ez elkartasunik eta erantzukizunik gabe.

Egun ideia hau ahuldurik agertzen bazaigu ere, erantzukizuna, elkartasunarekin batera, kooperatibismoaren gizarte egitasmoaren bereizgarri funtsezkoa da. Erantzukizuna, enpresaren jabetza partekatuarekiko kooperatibisten betebeharra ez ezik, kooperatibismoaren aspirazio funtsezkoa izan da: gure bizi eta lan proiektuen burujabe eta erantzule izateko ahalmena aldarrikatzen duena, edota, Arizmendiarrietaren ikuspegian, langileak lehen mailako hiritar oso bilakatzen dituena.

Betebeharra eta aspirazioa izanik, ez da harritzekoa fundatzaileen interbentzioetan pertsonen erantzukizunari dei eginez aipamen ugari topatzea. Eta, ez da harritzekoa ere, erantzukizuna kezka gai izaten jarraitzea egungo kooperatiben errealitatean.

“MONDRAGON taldeko kooperatiben artean erantzunkidetasuna garrantzia berezia bereganatu duen kezka eremua da. Horrela adierazten da azken urte hauetako hausnarketa prozesuen eta politika sozioenpresarialen berri ematen duten txostenetan”

Pertsona erantzulea enpresa kooperatiboan

MONDRAGON taldeko kooperatiben artean erantzunkidetasuna garrantzia berezia bereganatu duen kezka eremua da. Horrela adierazten da azken urte hauetako hausnarketa prozesuen eta politika sozioenpresarialen berri ematen duten txostenetan. Txosten hauetan islatzen denez, erantzunkidetasuna ezinbesteko dimentsioa da kooperatibetan gobernantza eredu egokia garatu dadin, eta baita kooperatiben enpresa erronka berriak ondo bideratzeko ere.

Hainbat dira kezkaren oinarrian topatzen diren iturriak. Batetik, kooperatiben tamainak, nazioartekotzeak dakarren konplexutasunak eta merkatu presio hazkorrek, besteak beste, kooperatibetako organoen ahulezia eta organoen eta kolektiboaren arteko distantzia agerian utzi dute. Bestetik, kultura eta balio ikuspegi berrien eraginez, xede eta espektatiba desberdinak dakartzate belaunaldi berriek eta, ondorioz, baita kooperatiben egitasmoarekin inplikazioa eta konpromisoa adierazteko modu ezberdinak ere. Azkenik, hainbatetan, praktika kooperatibo zorrotz batetiko disfuntzionalak diren jarrerak ere ikusi dira. Horiek guztiek, erantzunkidetasunaren oinarrien lanketaren premia agerrarazi dute.

Norabide honetan urrats esanguratsuak eman dira. Nabarmentzekoa da 2019an argia ikusi zuen Gobernantza Kooperatibo onerako gida, MONDRAGONeko Gestio Sozialak burutua eta LANKIko kideen laguntza izan zuena. Gidak organoen rola, funtzionamendua, elkarren arteko harremanak eta organoetako partaideen betebehar eta erantzukizunak ditu ardatz. Ezinbesteko erreminta da egun garatzen ari diren formazio eta hausnarketa prozesuetan. Egia da, baina, pertsona bazkidearen dimentsioa zeharka baino ez dela aztertzen.

Honela, beraz, galdera berria plazaratzen zaigu: Kooperatiben egungo errealitatea aintzat harturik, pertsonen erantzukizun bizipena indartzeko modurik ba ote dago? Eta, ildo horretan, zeintzuk dira kooperatibetan erantzunkidetasunaren oinarriak zabaltzeko bideak? Egitasmo honetan murgildu gara eta kooperatiba ezberdinetako ordezkaritza zabalarekin egiten ari gara bidea. Hiru urrats ditugu jomugan: 1) paradigma kooperatiboaren baitan pertsonen erantzukizunaren dimentsioak zer nolako heldulekuak dituen argitzea. 2) Erronka berrien perspektiban pertsona-bazkidearen jokabide arduratsuaren oinarriak eta ezaugarriak zehaztea. 3) Kooperatibetan bazkide kolektiboaren artean erantzunkidetasunaren kultura zabala lortzeko erakunde- faktore giltzarrien identifikazioa eta ezaugarritzea garatzea.

Jarraituko dugu honen berri ematen.