Irakurriena
- 1. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 2. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 3. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 4. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 5. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 6. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 7. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 8. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 9. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 10. Zorionak mende erdiko bideagatik!
Erakundeen kudeaketa berriaren gakoak aztertzeko jardunaldia
Ekitaldirako sarrera doan izango da. Kudeaketa-joera berrietan puntako aditua den Xavier Marcet gonbidatu dute jardunaldira. Lead to Change berrikuntzako aholkularitza-enpresako lehendakaria estatuan eta atzerrian aritu da arlo horretan lanean. Enpresek eta erakundeek eboluzionatu beharra dutela azalduko du, gizarteak egunero aurrean dituen etengabeko aldaketetara egokitzeko estrategiak kudeaketan txertatu behar dituztela.
Kudeaketan etengabeko aldaketetara egokitzeko estrategiak txertatu behar dituzte enpresek
Hori guztia emaitzen ikuspegia kontuan hartuta. Jardunaldia ostegunean, urtarrilaren 17an, egingo da, 09:00etatik 13:00etara. Bertara joan ahal izateko, besterik gabe web-orrialde honetan eman behar da izena: https://create.piktochart.com/output/35162668-xavier-marcet-innovacion-en-gestion. Mondragon Unibertsitateak Bilbon eskainiko duen MBA Executive Gecem master-ikastaroan aditu gisa hartuko du parte Marcetek.
Datorren ostegunean, goizeko 09:00etan hasiko da ekitaldia, Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Enplegu eta Merkataritza areako zinegotziaren eta Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoaren eskutik.
Kudeaketa malguagoa
09:30etik 11:00ak bitartean, Xavier Marcet aditua izango da hizlari, eta enpresek kudeaketan estrategia malguak txertatu behar dituztela azalduko die bertaratutakoei. Marcetek berrikuntzako aholkularitza-proiektu ugari zuzendu eta landu ditu askotariko enpresa eta erakundetan, honako hauetan, adibidez: HP, Sony, Repsol, Agbar, Seat, Banesto, Telefónica, Gallina Blanca eta La Caixa; Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Bartzelonako Unibertsitatea, DUOC (Txile), Pompeu Fabra unibertsitatea eta Oxford Unibertsitatea (Isis Innovation); Txileko Gobernua (Corfo), Espainiako Gobernua (Industria ministerioa, unibertsitateak), Kataluniako Generalitata (ACC10), Bartzelonako Udala eta Galiziako Xunta. Nazioartean diharduenez, aholkulari izan da AEBetan, Ingalaterran, Italian, Suitzan, Polonian, Mexikon, Txilen, Kolonbian, Ekuadorren, Venezuelan, Argentinan eta Marokon, besteak beste.
Berrikuntza estrategikoko aholkularitza eskaintzen duen Lead To Change enpresako lehendakaria da. Emaitzetara bideratutako berrikuntza-ereduak abiarazten laguntzen die enpresei, eta baita berrikuntzako eta ekintzailetza korporatiboko proiektuak garatzen ere. LTC enpresak Bartzelonan, Bostonen eta Santiagon (Txilen) ditu egoitzak.
Adituaren hitzaldiaren ostean, hiru Workshop egingo dira aldi berean. Horietan, enpresetan hazkunde-eragile diren arloak landuko dituzte partaideek: bezeroen garapena, negozio berrien diseinua eta aliantza adimendunak.
MBA Executive Gecem
Mondragon Unibertsitateak 2019ko otsailaren 15etik abendura bitartean eskainiko du erdi-presentziazko master berri hori Bilboko Berrikuntza Faktorian. Hazteko eta berritzeko asmoa duten enpresei zuzenduta dago. Helburua da enpresei kudeaketa hobetzen eta hazkundea optimizatzen laguntzea, berehalako aldakuntzak bizi dituen merkatu global eta lehiakorraren testuinguruan. Mondragon Unibertsitateak zuzendutako MBA Executivek ospe handiko sei erakunderen laguntza du: APDrena —Zuzendaritzan Aurrera egiteko Elkartea—, Cebekena —Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa—, Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialarena, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuarena, Ekonomistak Euskal Elkargoarena eta Gecematena —Zuzendari eta Enpresarien Sare Profesionala—.