Erakarri eta ez ekarri

Erakarri eta ez ekarri

Xabi Igoa. Mondragon Unibertsitateko Komunikazio ezagutza arloko zuzendaria
Maiatzaren 27a, goizeko 08:30ak inguru. Kafe usaina dario oraindik astelehenari. Iñaki Guridik etorkizuneko erronken inguruan galdetu dio irratiz bestalde elkarrizketatzen ari zaion Iñigo Ucini. Tartean, behargin premia-gatik galdetu dio, eta honek eredu bezala adierazi du nola dagoeneko, formazio dualaren bidez besteak beste, Mexikotik talentua erakartzen gabiltzan “bertan gelditzeko bizitza eta lan proiektu on batekin”.
2024/06/18

Hizkuntza-erabilera garrantzizkoa da, matizak inportanteak diren bezala. Ucinek zuzen erakarri esan du, ez ekarri. Eta hara hor, nola etorkizuneko erronka horrek gugan beste erronka bat agerian uzten duen: erakargarriak izan behar dugu. Akaso, kazetariaren galderatik hasita ari garelako susmo bati ez duen pisua ematen. Nork egiten dizkio egun galderak nori lan-elkarrizketa baten? Nork du erabakimena? El Dorado kondairaren tesitura alderantziz ageri zaigu. Gu ez gara armadura pisutsua daraman Hernan Cortes (eta ez dugu izan nahi) eta guri tokatzen zaigu dizdiz egitea erakargarri izateko. Eta nola izan erakargarri? Jarraitu dezagun kondairako hiriaren adibideari tiraka.

“Iruditzen zait badugula zer landu marka enplegatzaile ezezagunak ezagutarazten eta izaera kooperatiboaren lanketa palanka gisara erabilita, pertenentzia sentimendua areagotzen”

El Dorado oso ezaguna bilakatu zen XVI. eta XIX. mendeen artean esploratzaile espainiar, ingeles eta baita euskaldun zenbaitzuren artean. KPIrik ez zegoen garaian, edo horrela deitzen ez zitzaien garaian, eta irudi-auditoriarik gabe ere marka kontzientzia edo nabarmentasuna (notoriedad gazteleraz) bereganatu zuela jakina da. Eta gu? Ezagutzen al gaituzte? Edo etengabe ezkutatuko gara “euskaldunok saltzaile txarrak gara, eta gipuzkoarrak zer esanik ez” mantran? Iruditzen zait badugula zer landu marka enplegatzaile ezezagunak ezagutarazten eta izaera kooperatiboaren lanketa palanka gisara erabilita, pertenentzia sentimendua areagotzen.

Bueltatu gaitezen Guyanetan omen zegoen hiri ezkutuaren adibidera. Esploratzaileentzako aurkikuntza hark garrantzia zergatik zuen jakiten ez da zaila: urrez betetako hiri bat omen zen bilatu nahian zebiltzana. Gu zerbait konplexuagoak gara. Kooperatiba bezala gorpuzten dugun hori, Zigor Ezpeletaren adibideari tiraka, izan al daiteke diferentzial bat? Akaso gugan datza balio proposamena. Istorio izan daitekeen historia bat dugu. Kontakizun (storytelling) bihurtu daitezkeen egitateek oinarri sendo bat eskaintzen diote gure propositoari, zentzu bat gure lanari, egiteko modu bat bereizgarri bilakatuz. Gorpuzten dugun egitura konplexuak (nerbio sistema, burua, arima, oxigenoa, zelula…) aldiz, ulertzeko zaila izan daiteke eta honek xede-taldea urruntzera eraman. Ondorioz, lan pedagogiko bat egin beharra dago, komunikazio-hezitzaileago batek barne-bildu beharko gintuela.

Eguneko bigarren kafearen bila joan naiz. Hala dio poltsan: cafe importado de Colombia. Denok dauzkagu gure kontraesanak.