Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Enpresen %39k uste duenez, ingurune ekonomikoak hobera egingo du
Ondoren, inkestaren ondorio nagusiak azalduko ditugu labur-labur.
Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, % 52,8k uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, eta % 39,0k hobera egingo duela. Beraz, ikuspegi baikorra da nagusi eta, ondoren ikusiko dugunez, berdintsu pentsatzen dute azterturiko gainerako aldagaietan.
Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2015eko hirugarren hiruhilekoari dagokionez. Hala, % 50,4ren iritziz, egoerak bere horretan segituko du, eta % 41,5en ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua % 8,1ekoa baino ez da.
Aurreko adierazlearekin bat, 2015eko hirugarren hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua % 52,6koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena % 33,3koa. Inkestatuen % 14,1en ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.
Erantzunok ikusita, honako zalantza hau sortu zaigu: fakturazioa eta jarduera hobetuko dela uste dutenek gehiago saltzea ala garestiago saltzea espero dute? Dena den, emaitzen arabera, badirudi eskaera-bolumena hobetzea espero dutela. Ondorengo grafikoan ikus dezakegunez, inkestatuen % 47,4k bolumenari eustea espero du eta % 43,3k hobetzea. % 9,3k, berriz, txarrera egingo duela uste du.
Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek, izan ere % 78,4k uste du prezioek bere horretan segituko dutela 3. hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, % 10,8k uste du prezioak handiagoak izango direla eta % 10,8k prezioak jaitsi egingo direla.
Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, % 61,7k uste du errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, % 26,0k errentagarritasuna handiagoa izango dela eta % 12,3k txikiagoa izango dela.
Orain arte azterturiko datuen arabera, egoera nahiko positiboa da, eta, ondoren ikusiko dugunez, badirudi enpresek ahalmen produktiboa handitzeko eta, ondorioz, langileen kopurua handitzeko asmoa dutela.
Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen % 64,3k uste du eutsi egingo diola 2015eko 3. hiruhilekoan. % 20,8k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero du. Beraz, inkestatuen % 14,9ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.
Azkenik, enpresen % 74,7k uste du enpleguari eutsi egingo zaiola, % 19,0k plantilla handitu egingo dela eta % 6,3k plantilla jaitsi egingo dela.
Inguruneari buruzko iritzia ez beste adierazleak gehitu eta Industria Konfiantzaren indizearen balioa lortzeko haztatzen baditugu , emaitza 60,0koa da. Ondorioz, aurreko hiruhilekoko datua, 58,4koa, handitu egin da. Datu horretatik honako interpretazio hau egiten da: 2015eko hirugarren hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi baikorragoa dutela enpresek. Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapena adierazten du, eta hori koherentea da beste esparru geografiko batzuetarako (Espainia eta Eurogunea) lortutako balioekin (59,1 eta 53,4, hurrenez hurren).
Amaitzeko, inkestako beste gai batzuetan izandako emaitzak aurkeztuko ditugu, aurreko paragrafoan azaldutako indizearekin zerikusirik ez dutenak. Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen % 76,0k uste du bere horretan jarraitu dutela eta % 14,2k hobera egin dutela. % 9,8k bakarrik uste du txarrera egin dutela.
Azken urtean berrikuntzari edo I+Geko ekimenei bideraturiko salmenten portzentajeari dagokionez, inkestatuen % 60,5 balio minimoetan kokatzen da: % 0 eta % 0,5 artean, eta % 7,9k dioenez, % 5 baino gehiago bideratzen du arlo horietara.
Bezeroei kobratzeko epeari dagokienez, azken urtean ez da aldaketarik izan % 79,9ren ustez. Enpresen % 15,7k, berriz, epea handitu egin dela uste du, eta % 4,3k txikitu egin dela.