
Enpleguaren etorkizunari buruzko 2025eko txostena: zer berri?
Aurtengo txostenean argi jasotzen da lanpostuen ezaugarrietan eta lanean modu lehiakorrean aritzeko behar diren konpetentzietan gertatzen ari diren eraldaketek izugarrizko eragina izango dutela mundu osoko enpresa, industria, gobernu eta langileengan. Eraldaketa horri aurre egin ahal izateko behar-beharrezkoak dira hainbat tresna; aurreikuspen zehatzak edukitzea, langileen talentu garapenerako estrategia egokiak identifikatzea, eta enpleguen eta, gaitasunen arteko konbinaketak kudeatzeari dagokionez, datuetan oinarritutako erabaki informatuak hartzea, bai enpresa-kudeatzaileentzat eta baita langileentzat ere.
Txostenaren edizio honek lanmerkatu globalaren ikuspegiari dagokionez 2025-2030 eperako egoera bikoitza marrazten du.
Alde batetik, sortu berri diren egoera nahiz tresna berriek (zatiketa geopolitikoak eragindako tentsio globalak areagotzea, bizikostua handitzea edota adimen artifizialean oinarrritutako tresnak enpresetan txertatzea) gero eta ingurune konplexuagoa sortzen dute arduradun politikoek, enpresa-kudeatzaileek eta langileek duten funtziorako, eta ziurgabetasuna gero eta handiagoa da. Bestalde, ordea, txostenak enplegu globalari dagokionez emaitza positiboak proiektatzen ditu analisian, konpetentzien zaharkitzetasa etengabe murrizten delarik; izan ere, azken urteetan abian jarritako reskilling eta upskilling ekimenak datuetan erregistratzen hasi dira, eta lan-munduan duten eragina gauzatzen.
“Etorkizuneko kalitatezko lanpostuak bermatzeko tresna eraginkorrena formakuntza eta berrikuntza izango dira”
Enplegatzaileak, industria eta herrialde guztietan, txostenaren aurreko edizioetan baino kontzientzia eta borondate handiagoa erakusten dute langilegoaren eta talentuaren erronkei modu proaktiboan aurre egiteko, eta horretarako pragmatikoki ikuspegi berritzaileak erabiltzen dituzte; hala nola, konpetentzietan oinarritutako kontratazio-politikak martxan jarriz edota aniztasunean, ekitatean eta inklusioan oinarritutako ikuspegi estrategikoagoa aplikatuz.
Hala ere, langileek beharrezko dituzten eta errealitatean dauzkaten gaitasunen artean dauden hutsuneak dira oraindik ere industria eta ekonomia gehienen eraldaketarako oztopo nagusia, eta aurtengo txostenean etorkizunean landu beharreko lehentasunezko eremuen hasierako seinale batzuk jasotzen dira; besteak beste, lanpostu desberdinen arteko lan-trantsizio proaktiboak eta dinamikoak egiteko beharra eta automatizazio sakonagoaren eta orokortuagoaren arteko etorkizuneko oreka egokiaren beharra.
Azken puntu honek Lanpostuen Etorkizunaren Txostenaren oinarrizko hipotesia laburtzen du: lanaren etorkizunean emaitza hobeak lortzeko neurri aktiboak hartu behar direla erakunde, enpresa eta langileen partetik. Eta etorkizuneko kalitatezko lanpostuak bermatzeko tresna eraginkorrena formakuntza eta berrikuntza izango direla.