Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Energia biltegiratzeko soluzio berritzaileen bila
Trantsizio energetikoak aurre egin beharreko erronketako bat da jatorri berriztagarria duten iturriak modu masiboan integratzea sare elektrikoetan. Balantze energetikoa ziurtatzea erronka bat da, iturri horien bidez sortutako energia oso aldakorra baita; hortaz, energia biltegiratzeko irtenbideen inguruko ikerketa funtsezkoa da hornidura elektriko egoki bat bermatzeko. Europar Batasunak badaki zein garrantzitsuak diren ikerketa horiek trantsizio energetikorako, eta babesten duen proiektuetako bat, zeinetan sei herrialdetako hamabi erakundek parte hartzen duten, iSTORMY deitzen da. Horrek 3,4 milioi euroko aurrekontua eta hori gauzatzeko lau urteko epea ditu.
Europako ikerketa- eta berrikuntza-proiektua da iSTORMY eta 2020ko abenduan hasi zen garatzen, sistema elektrikoen erronka berriei aurre egiteko, energia berriztagarrien iturriek gero eta pisu handiago baitute horietan.
Europako ikerketa- eta berrikuntza-proiektua da iSTORMY eta 2020ko abenduan hasi zen garatzen, sistema elektrikoen erronka berriei aurre egiteko, energia berriztagarrien iturriek gero eta pisu handiago baitute horietan. Energia hibridoa eta modularra biltegiratzeko sistema baten garapenaren bidez egiten du hori, sare elektrikoarekin elkarreragiteko gai dena, zerbitzu ugari eskaintzeko.
Lehenengo bilera presentziala
Proiektuan parte hartzen duen erakundeetako bat da Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, eta atzodanik proiektuaren laugarren Batzar Nagusia egiten ari da. Mondragon Unibertsitateko Energia Elektrikoaren Taldeko ikertzaileak, aldi berean proiektuaren lan-paketeetako bateko buruak direnak, dira Arrasaten egingo den Batzarraren antolatzaileak. Proiektua hasi zenetik kolaboratzaileek egingo duten aurreneko topaketa presentziala da, eta azken sei hilabeteetan egindako aurrerapenak partekatzea eta etorkizuneko helburuak zehaztea da helburua.
Mondragon Unibertsitateaz gain, proiektuan dihardute Cegasa Energia, Zigor enpresa, bai eta Frantziako, Belgikako, Herbereetako, Eslovakiako eta Austriako bazkideak ere –erakundeak eta unibertsitateak–.
Aurreneko hilabeteetan, energia biltegiratzeko hainbat teknologiaren modelaketan eta karakterizazioan zentratu da proiektua, bateria elektrokimikoetan oinarrituta, eta soluzio hibrido bat diseinatu da, sarera konektatuko dena erraz eskalatu eta konfiguratu daitekeen bihurgailu modularreko topologia baten bidez. Gainera, Energia Elektrikoaren taldeak energia kudeatzeko estrategia berri bat proposatu du, sare elektrikorako askotariko zerbitzuak eskaintzeko.
Bazkideak eta Mondragon Unibertsitatea
Batzarrean proiektuko bazkideek hartuko dute parte. Mondragon Unibertsitateaz gain, han izango dira Cegasa Energia, Zigor enpresa, bai eta Frantziako, Belgikako, Herbereetako, Eslovakiako eta Austriako bazkideak ere –erakundeak eta unibertsitateak–. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ikerketa-proiektuan duen zereginak Energia Elektrikoaren Taldearen esperientziak eskaintzen duen bermea du; izan ere, ibilbide luzea egin du korronte alternoko nahiz korronte jarraituko sistema elektrikoak modelatzen, aztertzen eta kontrolatzen, energia biltegiratzeko sistemak aplikazio egonkorretan dimentsionatzen eta integratzen, eta potentziako bihurgailu elektronikoak kontrolatzen eta diseinatzen.
Duela gutxi arte, biltegiratze-sistemen inguruko I+Garen zati handi bat baterien kimika berrien bilaketan edo aplikazio jakin baterako optimizatutako baterien soluzioetan zentratu da. iSTORMYren ardatza irtenbide modular eta elkarreragile bat garatzea da, potentziako elektronikan, energiaren kudeatzeko sisteman eta baterietan dauden berrikuntzak konbinatuz, eta bigarren bizitza bat izaten ari diren bateriak (beste erabilera batzuetarako aurretik erabilitako bateriak) erabiltzeko aukera barne hartuz.
Ezaugarri horiei esker, iSTORMY proiektuak mahaigaineratutako irtenbideak bizitza erabilgarri handiagoa, kostu txikiagoa eta malgutasun handiagoa izango ditu, lehendik dauden soluzioekin alderatuta. Gainera, garatutako soluzioa frogatzeko, benetako demostrazio-plataforma batean esperimentatuko da, sorkuntza fotovoltaikoko sistemak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak eta bestelako aktibo energetiko batzuk erabiliz.