Eneko Bidegain eta Jon Sarasua euskaltzain urgazle izendatu ditu Euskaltzaindiak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaile eta irakasleak dira Eneko Bidegain eta Jon Sarasua.
Card image cap
2021/12/02

Euskaltzaindiak urgazle izendatu ditu Eneko Bidegain eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaile eta irakasleak. Euskaltzaindiak lau urtean behin berritzen du euskaltzain urgazleen zerrenda. Euskaltzain urgazleak dira euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak bere lanean lagun diezaion izendatutako pertsonak. Oraingoan, 19 urgazle eta 26 ohorezko berri izendatu ditu Euskaltzaindiak.

Eneko Bidegainek (Baiona, 1975) Euskal Ikasketak ikasi zituen Baionan, eta bere tesia Euskaltzaindiak argitaratu zion 2013an. Beste hainbat liburu ere baditu idatziak. Mondragon Unibertsitatean hasi aurretik, kazetari lanetan aritu zen Euskaldunon Egunkarian eta Berria egunkarian. Horrez gain, bertso munduan ere badabil, epaile lanetan bereziki. Egun, Bidegainek eskolak ematen ditu Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan eta ikertu egiten du Mondragon Unibertsitateko Kolaborategian, Gizarte Digitalerako Hezkuntza eta Komunikazioa Laborategian.

Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966) Informazio zientzietan doktoradutza egin zuen EHUn. Hainbat argitalpen egin ditu sozioekonomiaren, kulturgintzaren eta euskalgintzaren arloetan. Mondragon Unibertsitatean hasi aurretik kulturgintzan sortzaile lanetan ibili zen, eta erakundeak sustatzen. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean hainbat funtzio bete ditu kudeaketan, ikerketan eta irakasle lanetan. Azken zeregin honetan, hezkuntza nahiz komunikazio graduetan eta hainbat graduondotan aritu da irakasle. Kooperazio linguistikoaren lanetan ere ari da, Amerika eta Afrikako hainbat herrialdetan. 

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea