Emakumeen XIII. Gabonetako Futbol Txapelketa abenduaren 29an eta 30ean Aretxabaletan

Azken hamahiru urteotako ohiturari jarraituz, aurten ere jokatuko da Aretxabaletako Ibarra Futbol zelaian Emakumeen XIII. Gabonetako Futbol Txapelketa. Senior mailan Real Sociedad, Eibar eta Leintz-Arizmendi arituko dira nor baino nor txapelaren bila.
2017/12/18

Kirol egitasmo bat baino aldarrikapen ekintza bilakatu da Arizmendi Ikastolak hamahirugarren urtez antolatzen duen Gabonetako futbol txapelketa. Aldarrikapena bi zentzutan gainera, kirol eta jarduera fisikoaren aldekoa eta, nola ez, emakumeen kirolaren sustapenaren aldekoa. Aurtengo edizioaren aurkezpenean Jon Zabala (Eibar), Gorka Gabilondo (Arizmendi Ikastola), Unai Busturia (Arizmendi Ikastola), Mikel Uribetxebarria (Aretxabaletako Udala) eta Garbiñe Etxebarria (Real Sociedad) izan ziren, eta guztiek goraipatu zuten Emakumeen Gabonetako Futbol Txapelketa. 

Emakumeen XIII. Gabonetako Futbol Txapelketa

"Arizmendiren helburua emakumeen kirola sustatzea bada ere, jarduera fisikoaren sustapena da erronka nagusia", adierazi zuen Arizmendi Ikastolaren izenean Gorka Gabilondok. Datuak ere eman zituen, gaur egun emakumeen kirolaren argazki fiela. "Futbolean 71 neska ditugu, igeriketan 29 eta boleibolean 51". 

Aretxabaletako Udalaren izenean Mikel Uribetxebarriak eskerrak eman zizkien antolatzaileei, "kirolaren balioak sustatzen dituzue, errespetua eta berdintasunaren balioak hain justu ere, eta Aretxabaletako Udala erabat lerrotuta dago helburu horiekin". 

Real Sociedad, hasieratik bidelagun

Lehenengo edizioa jokatu zenetik, Realak bat egin du Gabonetako txapelketarekin, hutsik egin gabe, eta aurten ere Aretxabaletara gerturatuko dira abenduaren 30ean. "Duela 13 urte ez zegoen horrelako txapelketarik eta Arizmendik egindako apustua oso inportantea izan zen guztiontzat, eta bereziki emakumeen futbola bultzatzen ari ginenentzat", adierazi zuen Garbiñe Etxebarriak Realaren izenean.

Abenduaren 29an alebinak, infantilak eta kadeteak

Txapelketa abenduaren 29an hasiko da, alebin, infantil eta kadeteekin. Besteak beste, Leintz-Arizmendi, Tolosa, Anaitasuna, Aloña-Mendi, Real Sociedad, Urki eta Goierri Gorri taldeek esku-hartuko dute egun osoan zehar jokatuko diren kategoria ezberdinetako txapelketetan. Abenduaren 30ean, berriz, seniorren txanda izango da. Aurten, Real Sociedad, Eibar eta Leintz-Arizmendi taldeak arituko dira nor baino nor txapelaren bila.

Irakaskuntza