Erdieroaleak eta TB analogikoa eta digitala hartzeko sistemak
Ikerketa zentro teknologikoa
Irakaskuntza unibertsitate zentroa
Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea
Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Emakumeen artean bokazio zientifikoen bila
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak sustatutako MONDRAGON ZTIM HUB sareak eta DEBAGOIENEKO MANKOMUNITATEAk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ZTIAM Esperientziak ekimen berria jarri dute martxan, zientziaren eta teknologiaren arloan lan egiten duten emakumeen bideo laburrak egiteko. Karrera profesionala eta akademikoa zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken esparruan egin duten emakumeak ageriko egitea da helburua, horien esperientzia beste emakume batzuentzat eredugarri izan dadin.
Orain arte, Fagor Electrónicako, Ikerlaneko, Polmetasako eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko langile emakumeek hartu dute parte ekimen berrian.Haiek guztiek beren esperientzia pertsonalak azaldu dituzte, beren ahotsa benetako erreferentzia izan dadin inguruko beste emakume batzuentzat, eta horien artean bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko balio dezan, ZTIM arloko ikasketei nahiz lanbideei dagokienez.
Orain arte, Fagor Elektronika, Ikerlan, Polmetasa eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko langile emakumeek hartu dute parte ekimenean
Bideoak GOIAZ! web-orrian (www.fpdebagoienalh.eus) eta MONDRAGON ZTIM HUB sarearen webgunean (https://ztimulab.mondragon.edu/es/experiencias-steam) daude ikusgai.
Proiektuko partaide diren protagonistetako batzuek azaldu dutenez, gizonen presentzia nabarmena da oraindik ere zientziaren eta teknologiaren alorrean.Horregatik, ezinbestekoa da emakumeen lana agerian jartzea.«Mundu hau gustuko duten neska guztiak animatu nahi ditut beldurrak eta aurreiritziak bazterrean uztera.Gainera, gero eta gehiago gara, eta oso ondo ari gara», adierazi dute Mondragon Unibertsitateko Miren Gomezek eta Fagor Electrónicako Alaine Gezalak.Era berean, Ikerlaneko Ane Blazquezek azpimarratu duenez, «emakumearen presentzia garrantzitsua eta beharrezkoa da zientziaren, teknologiaren, informatikaren, matematikaren edo elektronikaren alorretan, eta baita beste batzuetan ere».Emakumeek arlo horretan egiten duten lan ona ageriko egiteko bokazioarekin sortu da ZTIAM Esperientziak ekimena:«Emakumeok ekarpen handia dugu egiteko», ziurtatu du Polmetasako Maitane Garayk.
MONDRAGON ZTIM HUB
MONDRAGON ZTIM HUB lotura puntu bat da MONDRAGON Taldea eta Mondragon Unibertsitateko bi iniziatiben artean, hain zuzen ere Goi Eskola Politeknikoko (GEPeko) ZTIMUlab proiektua eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZIko) KoLaborategia.Une honetan, enpresa eta gizarte-eragile hauek osatzen dute sarea: Fagor Taldea, DanobatGroup, Ulma Taldea, Ekide, Ikerlan, Dikar, Garaia Parke Teknologikoa, Polmetasa, Debagoieneko Mankomunitatea eta Ekin Emakumeak.Era berean, Debagoieneko Mankomunitateak eta eskualdeko Lanbide Heziketako 7 ikastetxek GOIAZ! Lanbide Heziketako Debagoieneko sarea sustatzen dute.
Emakume profesionalen esperientziak jasotzen dituzten bideoen ekimenak bat egiten du MONDRAGON ZTIM HUB sareak gizarte-eragile, ikastetxe eta enpresekin elkarlanean martxan jarritako beste ekintza batzuekin.Horien artean, hauek nabarmentzen dira:
- Zientziaren astea. Bertan, ZTIM —zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak— jarduerekiko pasioa sustatzen da, euskal zientzialarien testigantzen bidez.
- ZTIMei buruzko hitzaldiak edo jardunaldiak ikastetxeetan, unibertsitatean edo online, jardunaldien bidez.DBHko eta batxilergoko ikasleentzat.
- Zientziarekin eta teknologiarekin lotutako lantegi praktikoak, ikastetxeetako DBHko ikasleentzat.
- Neska eta Emakume Zientzialariaren Nazioarteko Eguna, gizarte osoak zientziaren eta teknologiaren arloetan benetako garapen akademikoa eta profesionala izateko aukera berak izan ditzan.Adibidez: argazki-lehiaketa, egutegia…
- Enpresako bisitak, gazteek industriaren arloko errealitatea ezagutzeko aukera izan dezaten, instalazioak eta ekoizpen-fabrikak bisitatuz.
- Neska eta mutilentzako NORAbidean komikia, gazteei ZTIM gaitasunak ulertzen eta barneratzen laguntzeko.
- Bizikletaren Nazioarteko Egunaren baitan egindako jarduerak, gazteek beharrezko gaitasun teknologikoak jorra ditzaten, bizikleta oinarritzat hartuta.