Elkartasun doinuak Mozambikeren alde

Mozambikeko doinu eta dantza tradizionalek eta Ttakun taldearen txalapartaren doinuek Monterron-eko eszenatokia beteko dute datorren uztailaren 20an, asteazkena. Ekitaldi ikusgarria antolatu du Mundukidek eta sarrerak dagoeneko salgai daude.
Card image cap
2022/07/07

Uztailaren 20an Arrasaten ospatuko den elkartasun ikuskizunak Mozambike izango du jomugan. Ikuskizun berritzaile eta hunkigarria izango da, eta protagonista nagusiak Ugandako 'Ugandan Sticks' talde afrikarra eta Debagoieneko Ttakun eta Jaiki elakarteak izango dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude Mundukideren webgunean.

Harreman eta Mundukidek hogei urte baino gehiago daramatzate elkarlanean Mozambike iparraldeko korredoreko biztanleen bizitzak hobetzeko aukerak eskaintzen

Ugandan STICKS, arimarekin dantzan
Afrikatik etorri berri diren 7 gazte ugandarrek; lurra, ohiturak, fedea, alaitasuna, mina, edertasuna deskribatuz egiten dute dantza, eta Ruandako danbor eta erritmo alaiak ere erabiltzen dituzte. Dantza garaikidea, afrikarra, tribala, kamera geldoan edo erritmo zoroarekin eskaintzen dute ikuskizuna. Afrikar ikuskizun garbia da, eta arrakasta handia lortu du kontzertua eman duten aldiro. Kampalako umezurztegian hazitako zazpi gazteek ehunka emanaldi egingo dituzte Euskal Herrian eta Espainian udaran zehar eta Arrasatekoa aurrenetakoa izango da.

Ttakuna, kulturarteko zubia
Arrasateko Ttakun elkarteak dioenez, txalaparta kulturen arteko zubia da eta hori erakustera datoz tta-kun tta-kun konpasaren magiaz. Eta Debagoieneko beste taldea 
Jaiki dantza elkartea da, performanzeak gorputz-hizkuntza erabiltzen dute istorioak emozioz eta sentimenduz komunikatzeko. Monterroneko taula gainera igoko dira eta oraingoan “euskafrika “ xarmadun ikuskizunarekin goza-araziko dizkigute.

Arrasateko eta Debagoieneko herritarren konpromisoa indartzea da helburua

Jaialdiaren helburua, Arrasate eta Debagoienako herritarrek Mozambikeko lankidetza-programarekin duten konpromisoa indartzea da. Harreman eta Mundukidek hogei urte baino gehiago daramatzate elkarlanean Mozambike iparraldeko korredoreko biztanleen bizitzak hobetzeko aukerak eskaintzen. Lankidetza programak hasi zituztenetik,  herrialdea erabat suntsituta zegoen eta hogei urte hauetan azpiegiturak, osasuna, hezkuntza eta jarduera ekonomikoa nabarmen hobetu badira ere, gaur egungo egoera oso kaskarra da oraindik milaka eta milaka pertsonentzat.

Duela hogei urte Marrupako barrutian 200 € baino gehiagoko uzta lor zezaketen hamar nekazari baino gutxiago zeuden eta orain ehunka dira balio hori lortzen dutenak. Duela hogei urte nekazari familien laurden batek ere ez bazuen bizikleta bat, orain gehiengoak daukate bizikleta eta askok motor txikiak izatea ere lortzen dute.

Tokiko gaitasunak eta ezagutzak aprobetxatzean oinarritzen diren metodologia berritzaileak sortzea da programaren balio erantsia.

Duela hogei urte hasi zen programa landa-errepideak irekitzen, ehun bat nekazari-familiari diru-kreditua emanez eta beste hogeita bosti ureztatze-teknikak irakatsiz. Gaur egun, 10.000 nekazaritik gora parte hartzen dute programan. Familia horiek, ohiko biziraupeneko laboreez gain, beste 2.000 hektareatan programak erakutsitako teknikak erabiltzen dituzte, eta horri esker 1.000.000 € baino gehiagoko diru-sarrera lortzen dute.

Mundukideko programak metodologia berritzaileak sortzea lortu du urteetan zehar. Metodologia horiek tokiko gaitasunak eta ezagutzak aprobetxatzean oinarritzen dira, eta, beharrezkoa denean, kooperanteen aholkularitza eta esperientziarekin osatzen dira. Programak estrategia argia du, familia bakoitza bere zirkunstantzia zehatzetara gehien egokitzen zaion laborantzara bideratu ahal izateko, eta modu errentagarrian egin ahal izateko. Azken finean, bere lanarekin bizitza duin baterako etekin nahikoak lortu ahal izateko.

Debagoiendarren babesa ezinbestekoa lanean jarraitzeko

Oraindik asko dago egiteko eta horregatik Mundukide eta Harreman elkarlanean segitzen dute. "Mundu egonkorragoa nahi badugu, ezusteko gutxiagorekin, gatazka gutxiagorekin eta borroka gutxiagorekin, desiragarria da desberdintasun horiek minimizatzea", diote erakundeetako ordezkariek. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da lanean jarraitzea. Eta horretarako Debagoieneko herritarren laguntza ongi jasoa da antolatzaileentzat. Laguntza hori gabe, programak ezin izango zuen hogei urte hauetan izan duen konstantzia edo malgutasuna izan. Ekarpen solidarioen eta diru-laguntzen osagarritasunak ahalbidetzen dio programari muskulu eta malgutasun nahikoa izatea. Biak ala biak guztiz beharrezkoak emaitza eraginkorrak lortzeko.

Sarreren zozketa

Zozketarako izen-ematea itxita dago. Irabazleak Isabel Kirze, Iñaki Telleria, Beatriz Lasaga, Beñat Osinaga eta Ainhoa Arana izan dira. Zorionak!

Kooperazio kooperatiboa