"MONDRAGONeko kooperatibisten babesarekin euskara eta nekazaritza sustatzen jarraituko dugu Nafarroan"

Iker Ajuriagerra

"MONDRAGONeko kooperatibisten babesarekin euskara eta nekazaritza sustatzen jarraituko dugu Nafarroan"

Iker Ajuriagerra, ErriGora ekimeneko kide eta udazkeneko kanpainaren arduraduna.
2020/10/12

Lurrak ematen duena ahora eramateko aukera eskaintzen du ErriGorak, https://www.errigora.eus/ Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko lur emankorretako fruitu onak batu eta saldu, ahotik ahora euskara dantzan jarriz. Hori da ErriGora. Nafarroan, bereziki erdialde eta hegoaldean, euskara eta nekazaritza sustatzen diharduen egitasmoa.

ErriGora, ezagutzen ez duenarentzat labur-labur nola azalduko zenioke?

Eremu kaltetu bat identifikatzen da bertan euskara ofiziala ez delako; Nafarroa erdialdean eta hegoaldean. Euskaraz alfabetatzeko ez dute baliabiderik eta nahi duenak ere oso zail dauka euskaraz bizitzeko. Era berean, eremu hori Euskal Herriko ortua dela esan dezakegu. Lur emankorrak, klima egokia eta lanerako grina. Hiru osagai horiek hartu, euskara sustatzeko helburua batu eta esan daiteke ErriGora sortzeko osagaiak batu ditugula.

Iker Ajuriagerra

Nafarroako produktuekin osatutako saskia. Udazkenean, urriaren hirugarren astetik azaroaren 12ra bitartean jasoko dira eskaerak.

ErriGorak, hortaz, bi helburu ditu. Euskara sustatu eta nekazaritza bultzatu.

Elikagaiak sustatzeko aukera bat ikusi genuen, kalitatezko produktuak Nafarroatik Euskal Herriko gainerako tokietara gerturatzeko aukera, produkzio maila altuaz gainera, eta nekazariaren lana sarituz. Ikusi genuen bazela aukera paregabea nekazaritza produktu horien salmentatik euskararen egoera hobetzeko. Bi osagai horiek hartuta eta auzolanaren bitartez, Euskal Herriko leku guztietan taldetxoak sortu genituen Nafarroako produktuak zabaltzeko Euskal Herri osora, eta salmentak ematen dituen etekinak euskara sustatzeko baliatzen ditugu.

Hala Euskara sustatzeko, elikaduraren burujabetza (produktuak sustatzeko, sasoikoak) eta auzolanean sortu zen ErriGora. Erriberatik gora, 2013an.

Halaxe da, bai, eta bizirik dirau egitasmoak. Gaur egun bi kanpaina egiten ditugu. Udazkenean egiten da bat, eta saskiak eskaintzen dira. Hiru saski mota eskainiko dira urriko azken astetik azaroaren 12ra arte. Hiru astetan Euskal Herri guztiko eskaerak jasotzen dira. 200 bat herritan bi-hiru laguneko taldeak ditugu eta talde horiek antolatzen ditugu kanpainaren zabalkundea egiteko. Ahoz aho, kartelak, eskaera egiteko lekuak aktibatzen dira. Tabernak, lantegiak, euskaltegiak, ikastolak… Informazioa zabaltzen da eta eskaerak jasotzen dira eta tramitatu egiten dira, ondoren gure sarekideekin banaketa egiten da.

Kooperatibetan ere badituzue kolaboratzaileak. Aurten, esaterako, Gabonetako kanpainara begira, izango da aukera zuen saskia eskuratzeko edo?

Gabonekin lotzen dugu udazkeneko kanpaina eta berorren leloa da ‘Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka’. Saskiaren salneurriaren %25 diru-ekarpen modura bideratzen da zonalde horretan euskara sustatzeko. Alegia, 50 eurotik 12,5 ekarpen modura. Produktuak merkatu prezioan saltzen dira.

ErriGora kanpaina honekin sortu zen. Hazia honako hau izan zen. Kontserbak, olioa, arroza eta pasta, ardoak, Nafarroako produktu tipikoak.

Eta zuen laguntza nola iristen da Euskararen sustapenera?

Nafarroan gure bidelagun nagusiak AEK, Ikastolen elkartea eta Nafarroan D eredua sustatzeko lanean ari den SORTZEN elkartea dira. Hiru horiek dira onuradunak eta baita guk kudeatzen dugun AGERRALDIA izeneko egitasmoa. Hiru ikastola, 4-5 euskaltegi eta Sortzen. Horrela iristen da lurreko uzta ahora, eta ez soilik elikagai modura.

Onuradun horietako bat AGERRALDIA dela aipatu duzu, zer da zehazki egitasmo hori?

Erromatarrek Ager vascorum zioten lur eremu horri. Eta hortik dator Agerraldia: estrategikoki pentsatzeko unea da. Aurrera begira, bertatik bertara era autonomoan bideratuko den estrategia bat behar da, eta azken urte eta erdian, zonaldeko euskaltzaleak batu ditugu, komunitate bat sortu dugu Zangozatik Bianara eta Tafallatik Tuterara… Izaera komunitarioa duen talde bat sortzeko eta elkarrekin hausnarketa bideratzeko. Momentuz, esku artean duguna agenda bat da. COVID19a dela eta, zortzi hamar ekintza atzeratu egin dira 2020an. Ezagutzera ematen ari gara, saretzen ari gara. Kultura, kirol eta hezkuntza arloko ekimenak sustatzen. Euskara planak lantegietara eramaten... poliki-poliki bidea egiten ari gara.

Bukatzeko, zer eskatuko zenieke gure kooperatibetako kideei?

Guretzat kooperatibak oso inportanteak dira: Fagor, ULMA, Danobat, Orona, Ampo, Cikautxo… Banaketa puntu inportanteak dira. Euskara batzordeetatik jasotzen ditugu eskaerak eta urtero produktu asko banatzen dugu bertan. Probatu ez duenari esango nioke probatu dezala eta ez dela damutuko. Eta ezagutzen gaituztenei esango nieke gure saskiek gero eta produktu aukera gehiago eskaintzen dituztela eta osatu daitezkela Euskal Herriko beste eremu batzuetako produktuekin. Euskararekin sentsibilizatuta dagoen edonork aukera du Nafarroako ekonomia eta euskara sustatzeko. Gero eta kooperatiba gehiago sortu dira bertara.