“Belaunaldi berriekin konektatuko duten diskurtsoak behar ditu euskarak”

Emun-ek EuskaraGoiTek izeneko ikerlana egin du eta bertan aztertzen da euskararen diskurtsoak teknologia aurreratuko sektorean nola gauzatzen ari diren. Abel Irizarrekin gaiaren inguruan sakontasunez hitz egiteko aukera izan dugu.
Card image cap
Abel Irizar, EMUNeko langilea eta EuskaraGoiTek ikerkertaren egilea.
2021/10/20

Zer ikertu duzue EuskaraGoiTek ikerketaren bidez?

Teknologia aurreratuko sektorean hizkuntza kudeaketaren inguruan dauden narratibak aztertu ditugu. Batetik, gaur egun dauden narratibekin zazpi profil edo diskurtso prototipo ezberdin sortu ditugu. Bestetik, etorkizunera begira jarri gara, eta euskarak beharko lituzkeen diskurtso berrietarako ideia gakoak identifikatu ditugu. Interesgarriak izan daitezkeen bederatzi diskurtso jaso ditugu bederatzi bideotan. Usteak eta pertzepzioak dira narratibak, eta ekintzetara garamatzate. ‘Pentsatzen dudanaren arabera jokatzen dut’, hori da logika. Narratibek erakusten digute gizartean zer ari dan gertatzen. Teknologia aurreratuko enpresek badute trakzio funtzio bat eta enpresak erakarri nahi baditugu euskarara, teknologia aurreratuaren sektorean euskararen prestigioa lortu beharra dago.        

Eta zer aurkitu duzue?

Diskurtso ezberdinak aurkitu ditugu. Ondorio ugari atera ditugu. Sektorea oraindik orain oso erdalduna da. Administrazio publikoa, unibertsitateak eta hezkuntzako eragileak eta zentro zein enpresa teknologikoak aztertu ditugu. Sistema horretan zer esaten den aztertu dugu. Eta ondorio nagusietako bat da sektorea erdalduna bada ere, inoizko baldintzarik onenak daudela euskarak aurrera egiteko: gazteak euskaraz prestatuta, corpusa garatuta, terminologia landuta, eremu digitalean ere euskara ondo kokatua dago, eta praktika onak badira sektore teknologikoan. Sektorean euskara hautu pertsonala da ia beti, eta ingelesa jotzen da ezinbestekotzat lan teknikorako. Baina, sektorean aipatzen denez, euskarari aitortzen zaio balioa lan-harremanetarako. Laneko harremanena erronka bat izango da. Izan ere, tresna teknologikoetan hizkuntzak gero eta garrantzi txikiagoa izango du, ikonoak gailenduko baitira. Sektore teknologikoa euskaldundu nahi badugu, partida lan-harremanetan jokatuko da, eta ez horrenbeste gailuetan. Bilerak, harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak euskalduntzea da garrantzitsua... hor dago gakoa.

MONDRAGON korporazioko kooperatiba asko teknologia aurreratuen sektorean sartzen dira, aitzindariak dira teknologiaren garapenean eta aitzindariak dira, baita ere, euskararen kudeaketa lantzen

Momentuz, ordea, beste hizkuntza batzuen aurrean galtzaile ateratzen da euskara.

Egia da oso gutxi hitz egiten dela euskararen inguruan. Euskararen gaia ezkutuan dago, eta sektoreko eragile guztien artean gaiaren inguruan gehiago hitz egiten hasi beharko ginateke; narratiba ezberdinak entzun, eta hausnartu.  Sektorean euskarak aurrera egiteko, euskararen inguruko diskurtsoak sozializatu beharko genituzke foroetan. Eta baita diskurtsoak euskaraz egin ere. Euskararen balioa ez da nabarmentzen gutxi erabiltzen duten enpresetan; bai, ordea, asko erabiltzen denetan, eta faktore positibo gisa eragiten du bertako langileentzat ere. Sektorean badago potentzialtasuna baina ez gabiltza aprobetxatzen. Elkarlana beharrezkoa da. Administrazio, unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresen arteko elkarlana sustatu behar da. Zuloak ditugu. Eragile bakoitzak bere hutsuneak landu behar ditu, eta elkarlanetik etorriko da hobekuntza. Euskara kudeatzea ona da enpresarentzat. Eraldaketa lortzeko, era sistematikoan, eragile guztiak lanean jarri behar ditugu, bide berean.

Zelakoa izan da prozesua eta nortzuek parte hartu dute?

Prozesua oso interesgarria izan da. Sektoreko eragile askotarikoak elkarrekin hizketan eta hausnartzen jartzea aberasgarria izan da euskararentzat. Elkarrizketak egin ditugu hiru fasetan, eta ateratzen joan garen konklusioekin mahai bat osatu eta kontrastatu egin ditugu emaitzak. Guztira 31 erakundek eta 51 pertsonak parte hartu dute. MONDRAGONen kasuan, guztira 7 kooperatibak parte hartu dute. Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Fagor Arrasate talde motorrean egon dira; Tecnalia, EHU eta SPRIrekin batera. Eragile nagusi bezala EMUN eta Eusko Jaurlaritza aritu gara. Eta horiez gain, IDEKO, Datik-Irizar Group, Eika eta Fagor Ederlan ere bidelagun izan ditugu.

Euskararen gaia ezkutuan dago, eta sektoreko eragile guztien artean gaiaren inguruan gehiago hitz egiten hasi beharko ginateke; narratiba ezberdinak entzun, eta hausnartu.

Horrez gain, sektorea hobeto aztertzeko egin dugun lan osagarrian, euskaraz garatutako doktore tesien bilduma oso interesgarriak aurkitu ditugu. Horrek erakusten du sekulako produkzioa dagoela euskaraz ere.

Oro har, euskarazko diskurtsoak aintzat hartuta, zelan kokatuta ikusten dituzu MONDRAGONeko kooperatibak?

MONDRAGON korporazioko kooperatiba asko teknologia aurreratuen sektorean sartzen dira, aitzindariak dira teknologiaren garapenean eta aitzindariak dira, baita ere, euskararen kudeaketa lantzen. Sektore oso erdalduna da oraindik, baina badaude oasiak, eta oasi horietako bat da MONDRAGON. Politika sozioenpresarialaren barnean lantzen du euskararen estrategia Korporazioak, eta horrek, zalantzarik gabe, laguntzen du. Baina, MONDRAGONek ere badauka bere erronka, oraindik kooperatiba guztiak ez baitira murgildu euskara kudeatzeko dinamikan.

Etorkizunera begira, zer proposamen egin dituzue?

Enpresek kontzientzia hartu behar dute. Hizkuntzak kudeatzea eta euskara kudeatzea enpresa garatzeko aukera bat da. Egiten ez duena aukerak galtzen ari da. ‘Aukera-kostua’-ren diskurtsoak ere funtziona dezake. Inportantea da esatea euskara kudeatzeak onurak ekar ditzakeela. Eta diskurtso hori erabili beharko genuke. Hemengo enpresentzat interes-talde garrantzitsua da euskaraz bizi eta lan egin nahi duena. Eta enpresek erakargarri izan nahi badute, hortik jo behar dute. Gaur gaurkoz, euskaraz ez jakitea oztopo sozial handia da lanean ere. Eta enpresak horretaz jabetu behar dira. Enpresa teknologikoek barneratu dute ingelesez ez jakitea oztopo handia dela. Barneratu beharko lukete euskara ez jakitea ere oztopo handia dela. Horregatik, belaunaldi berriekin konektatuko duten diskurtsoak jarri behar ditugu martxan. Gazteekin konektatu beharra daukagu.