Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
'Elikadura trantsizioari irmoki heltzea da gure erronka'
EROSKIko presidentea, Agustin Markaide Kontsumo Handiaren 34. Biltzarrean izan da. "Elikadura osasungarria eta jasangarria, gizartean gero eta indar handiagoa duen eskakizuna" izenburuarekin, Markaidek azaldu du elikagaien ekoizpenean eta banaketan diharduten enpresek gaur egun aurre egin behar diotela kontsumitzaile ahaldundua gero eta ozenago egiten ari den aldarrikapenei eta zein den erakunde horien zerizana.
"Komunikazioaren teknologiek topaleku berriak ekarri dituzte; orain birtualak dira leku horiek. Horietan sortzen eta zabaltzen da gizartearen agenda markatzen duen iritzia. Gizartea gero eta bizkorrago aldarazten duen fenomeno bat da. Eta indar berriz loratzen diren eta gehienbat kontsumo handiko enpresei eragiten dieten gizarteko lehentasun horien guztien artean dago elikaduraren bitartez osasunaren aldeko joera bat hartzea batetik eta kontsumo jasangarriaren aldeko joera bat hartzea bestetik; batez ere, ingurumen aldetik jasangarria" , hasi da EROSKIko presidentea azaltzen.
Erosketaren portaera bultzatzen duten faktore tradizionalak hiru dira oraindik, komenentzia —eskuragarritasuna, erraztasuna...—, goxoa eta merkea. "Eta, horretaz gainera, osasuna eta jasangarritasuna gehitzen badituzu, arrakasta izugarri goratzen da, baina ez da dirudien bezain erraza. Ekoizleok eta banatzaileok konturatu behar dugu gure jokabideari begiratzen dioten milaka lekuko ditugula eta onartu behar dugu gauzak hobeto egin ditzakegula gizarteko aldaketak iraganean ez bezala kudeatzeko orduan", esan du Markaidek. "EROSKIn, gure ustez, apaltasunez onartu behar dugu gizarteak aldatu nahi duen horren parte izan behar dugula, eta entzun egin behar diogu harreman sendoago bat sor dadin" , gaineratu du. Eta jarraian, aipatu du EROSKIko 8.000 bazkidek baino gehiagok parte hartu duela osasunaren eta jasangarritasunaren alde hartuak dituen 10 konpromisoetan , horrek erakusten baitu nolako inplikazioa eta hurbiltasuna duen kontsumitzailearekin gero eta larriagoak diren gaietan eta gero eta ulermen eta konpromiso handiagoko harreman bat eraikitzeko orduan.
Gero eta gehiago hobetu behar dugu osasunaren gaineko eragina eta indar handiagoa jarri behar dugu ekoizpenaren ingurune sozialean eta aldaera kulturalean.
Osasuna eta jasangarritasuna gero eta gutxiago erabiltzen da enpresek elkarrengandik bereizteko darabilten estrategia gisa, izan enpresa horiek fabrikatzaileak eta izan merkaturatzaileak, eta haien produktuak, berriz, gero eta gutxiago lehiatzen dira arlo horretan. "Izan ere, ez dira bereizgarri bat, gutxieneko estandar bat baizik", esan du Agustin Markaidek.
EROSKIko presidenteak gogoeta egin du orobat enpresaren zerizanaz eta gaur egun duen erantzukizunaz. Haren iritziz, "gizarteko eragile nabarmenak garen aldetik — kontsumo handiaren sektorean herrialdeko BPGaren %20 gara—, gure erantzukizuna fokuratzeko modu bat da elikadura trantsizioari erabakitasunez heltzea; alde horretatik, gero eta gehiago hobetu behar dugu osasunaren gaineko eragina, orobat jasangarritasunarena —batez ere ingurumenaren aldetik—, eta gero eta indar handiagoa jarri behar dugu ekoizpenaren ingurune sozialean eta aldaera kulturalen errespetuan. Ekoizle zein banatzaile, egoera hobetzeko ardura dugu, eta produktuak gero eta osasungarriagoak eta jasangarriagoa izateko betebeharra, bai eta herritarrak era gardenean eta aktiboan formatzeko eta informatzeko zeregina ere. Eta orobat erakutsi behar dugu zer egiten dugun era gardenean".
Etorkizuneko elikadura eredua
Agustin Markaidek azaldu du haren ustez zein diren trantsizioa era ordenatuan egiteko etorkizuneko elikadura ereduaren osagaiak. Besteak beste, produktuen errezetak eta etiketak sinplifikatzeko joera. Produktuak gero eta gehiago izango dira freskoak eta naturalak, eta, alde horretatik, oso zorrotzak bihurtuko dira hotzerako eta kontserbaziorako sistemak. Horretaz gainera, gero eta maizago aldatuko dira, eta aldakortasun horretan gero eta gehiago pertsonalizatuko dira. Era berean, gizarte eta ingurumen alorreko balioak eramango dituzte txertaturik; esaterako, jatorria eta ekoizteko modua. Ontziak gero eta jasangarriagoak eta seguruagoak izango dira. Eta produktuen eta enpresen gaineko informazioa argiagoa, gardenagoa eta konparagarriagoa izango da kanpoko konparatzaileak eta preskriptoreak direla medio.
Den-dena ez da aldatuko; gauza batzuek bere horretan iraungo dute; adibidez, markek iraungo dute, balioa eta konfiantza emango dute, "eta konfiantza hori etengabe egongo da lotua gardentasunari" . Produktu baten arrakasta seinaleak ere ez dira aldatuko: "erraza, goxoa eta merkea.
EROSKIren zeregina elikadura trantsizioan
EROSKI lanean ari da bere apaletan elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa lortzeko irtenbideak bilatzen, nola eta kontsumitzaileei beren dietak kudeatzeko gero eta gaitasun handiagoa emanda informazioaren eta formazioaren bitartez. Marka propioak ere jarrera horren ispilu izango dira. Gainera, EROSKIk konpromisoa hartzen du "fabrikatzaileei eta markei laguntzeko norabide horretan, haien eskura jarriz EROSKIn bezeroaz dugun jakintza guztia, harekin komunikatzerik izan dezaten.
Ekoizle guztiek dituzte beren erronkak trantsizio honetan. Geure burua eskaintzen dugu ibilbide hori elkarrekin egin dezagun, zeren eta lankidetza da EROSKIren berezko eta funtsezko balioetako bat, eta giltzarrikotzat dugu kontsumitzaileari zerbitzu hobea eta kalitatezko produktuak eskaintzeko orduan", amaitu du Markaidek.