Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
"Ekonomia ez da itzali eta piztean lehengoratzen den makina bat"
Hiruhilekoz hiruhileko, koronabirusak ekonomiari eragin dion danbatekoa harrigarria izan da Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduradunaren hitzetan (Bilbo, 1964). Aurrera begira, ohartarazi du eragindako kaltearen tamaina ez dela oraindik azaleratu.
2021a nolakoa izango da euskal ekonomiarentzat?
2020a baino urte hobea izango da 2021a. Dena den, adierazpen horren atzean tranpa txiki bat dago. Urte batean bi hilabetez ekoizteari utzi badiozu, hurrengo hamabi hilabeteetan ekonomia irekita edukitze hutsarekin halako hobekuntza mekaniko bat egongo da. Txertoak baliagarriak badira eta lehen hiruhilekoan hasten bagara txertatzen, ekonomia haziko da. Dena den, oso erronka zaila dugu aurrean. Ekonomia ez da itzali eta piztean lehengoratzen den makina bat. Hala balitz, oso lasai nengoke, baina ez da hala.
Krisi honen kalte iraunkorrak nabaritzen hasiak gara, eta prozesu horrek datozen hilabeteetan jarraituko du. Ehun ekonomikoa suntsitzen segituko du, eta langabezia igoko da. Krisi betean gaude.
Zeren menpe dago krisia handiagoa edo txikiagoa izatea?
Umiltasun osoz, ez dakit. Ez dakigu zein den zuloaren tamaina. Ikusten ari gara dendak, tabernak eta enpresak ixten ari direla. Noraino helduko den? Ez dakit. Jendearen erresilientziaren araberakoa izango da, baina zail dirudi pentsatzeak ez dela ehun ekonomikoa suntsituko eta langabezia handituko. Hori dena aurten ikusiz joango gara. Horren kontrapisua Europako Batasuneko funtsak dira; aukera dugu horien gain sostengua bilatzeko. Albiste itzela da, bestela shock handi baten aurrean geundeke eta. Langile ugari dituen zerbitzu sektoreari eragin dio. Euskal ekonomian oraindik ere industriak pisu handia badu ere, zerbitzuak dira sektore garrantzitsuena. Beraz, sektore horretan enplegua suntsitzen bada, oso erronka konplexua da. Soilik bere jardueran aritu den jendeaz ari gara, eta, ondorioz, Europako funtsei begira, kontua ez da soilik proiektuekin asmatzen jakitea, baizik eta etorkizunera begirako egitasmoak ere izatea.
EBko funtsek helburu zehatzak dituzte, baina horiek zeharka bultza dezakete ekonomia osoan eta, beraz, zerbitzuetan?
Ikuspegi ekonomizista huts batetik, erantzuna erraza da: lagundu aurrera egiteko aukera duen orori eta erortzen utzi aukerarik ez duena. Dena den, uste dut egiten ari garena egin behar dela: ahal den neurrian, ahal den gehiena lagundu. Hortik aurrera, zerbitzu sektoreko enpresa guztiek ezingo dute aurrera egin, eta sektore publikoak ezbai zaila du aurrean: nori lagundu. Funtsak eskasak dira, eta horiek optimizatzen saiatu behar dira.
Aldi baterako erregulazio espedientea, ICO maileguak, autonomoentzako laguntzak... Laguntza sorta handia ezarri da. Noiz arte iraun behar lukete?
Larrialdiak eta pandemia egoerak irauten duen bitartean, egoki deritzot laguntzekin jarraitzeari. Ez digute kezkatu behar beste gauzek. Badakit ondorioak dituela zorpetzean, eta horrek egoera zail batean utziko gaituela. Estatuari begira, izua eragiteko moduko tamaina hartuko du zor publikoak, baina argi eta garbi: egungo zerga politikari eutsi egin behar zaio gutxienez pandemia aurreko egoerara itzuli arte.
Eta noiz itzuliko gara?
Zail ikusten dut 2023 baino lehen iristea. Europako Batzordeak berak azken txostenean horixe bera dio. Horregatik uste dut Europa Batasunak zerga arauak malgutzeko erabakia 2022ra arte luzatu beharko lukeela. Defizit bidez finantzatzeko aukera eduki beharko lukete Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak, baina pentsatzen dut tentsioak sortuko direla Europan, baldin eta bigarren hiruhilekotik aurrera hazkundea sendotzen bada. Iparraldeko herrialdeak hasiko dira esaten ohiko zerga arauetara itzuli beharko genukeela. Espero dut 2022an ere malgutasun horrek irautea.
Nazioarteak asko eragiten dio, baina baikorra naiz, industriak suspertze ona izan baitu. Industria jarduera sendo dago, eta espero dut pandemia leundu ahala inbertsioa aktibatzea eta horrek aldi berean enplegua sortzea.
Kontsumoarekin uzkurrago ageri zara. Zergatik?
Uste dut beranduago berreskuratuko dela lan merkatuaren bilakaerak gehiago eragiten diolako. Ondasun iragankorren datuei begira, pandemia aurreko egoera baino %3 beherago dago kontsumoa; baina ondasun iraunkorren kontsumoa bai dagoela pandemiak jo aurreko egoeratik oraindik ere oso urrun. Familiak ondasun horiek erosteko erabakia atzeratzen ari dira, Gutxieneko mailan gaude. Noiz berreskuratuko den? Jendeak nabaritzen duenean egiazko errebote bat dagoela. Benetan hazkundea dagoela eta lan merkatua aktibatu dela ikusten duenean.
Next Generation plana aukera handi bat dela diozu.
Bai, baina oraindik gauza asko daude argitzeko. Adibidez, [Espainiako] Estatuak 2021erako 26.000 milioi euro izango ditu, eta hurrengo bi urteetan beste 46.000 milioi. Oro har, guztiok gai izan behar dugu etorkizuneko proiektuak aukeratzen, baina ez dirudi ere erraza diru kopuru hori adinako proiektuak garatzea. Bestalde, kalkulatzen da erkidegoei %50 inguru iritsiko zaiela, baina ikusteko dago hori nola banatuko den. Administrazioen artean ongi koordinatu behar da, eta erabat giltzarri da ongi egitea. Hatzak gurutza ditzagun eta pentsatu ongi egingo dutela. Benetako aukera handi bat dugu aurrean, baina aldi berean erronka handi bat da.
Elkarrizketa hemen argitaratu da: https://www.berria.eus/paperekoa/2028/017/001/2021-01-03/ekonomia-ez-da-itzali-eta-piztean-lehengoratzen-den-makina-bat.htm