Ekiola energia-kooperatiba sustatuko duen lehen hiriburua izango da Donostia

Donostiako Udalak Ekiola kooperatiba bultzatuko du energia garbia sortzeko, eta haren ezarpena erraztuko du, herritarrei ezagutzera emanez ekimen aitzindari horretan kooperatibista gisa parte hartzeko aukera dutela.
Card image cap
2021/06/17

Gipuzkoako hiriburua da Ekiola ekimena sustatuko duen lehena, hurbileko energia garbia sortzeko eta haren kudeaketan kooperatibista gisa parte hartzeko. Donostiako Ekiola kooperatiba eratu da dagoeneko, eta Udala modu aktiboan inplikatu da hura bultzatzeko zereginean.

Eneko Goia Donostiako alkateak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak eta Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziek aurkeztu dituzte, Euskadiko hiriburu batean abian jarriko den lehen energia-kooperatiba sustatzeko lankidetza-hitzarmenaren xehetasunak. Lankidetza-hitzarmenean jasotako konpromisoek aditzera ematen dituzte datozen hilabetetara begira egingo diren urratsak, hala nola eguzki-parke fotovoltaiko bat jartzeko lurrak bilatzea, baimenak izapidetzea eta herritarren atxikimenduak bilatzeko prozesua. Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak eta Jon Berbel Krean ingeniaritza-enpresa sustatzailearen zuzendari nagusiak ere parte hartu dute ekitaldi horretan.

Donostiako Udalak Ekiola kooperatiba bultzatuko du proiektua bideratzeko eginkizuna betetzen duen heinean, eta, horrez gain, jendea sentsibilizatzeko eta atxikimenduak bilatzeko prozesu bat gidatuko du. Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “Donostiako gizartea aspalditik ari da erakusten energia-eraginkortasunarekin eta energia berriztagarriekin oso konprometituta dagoela. kontsumobide jasangarriago bateranzko trantsizioa sustatuz eta hartan inplikatuz. Udala ildo horretan ere lanean ari da hainbat eremutatik jardunez, Mugikortasunetik adibidez, eta beste proiektu zehatzago batzuen bitartez, instalazio publikoetan energia berriztagarrien bidezko berokuntza-sistema termikoak ezarriz, esaterako. Donostiako Ekiolaren eskutik beste proiektu bat izango dugu herritarren eskutik, haien premietara egokitzea ahalbidetuko digun entzute aktiboko prozesu baten bitartez, eremu espezifiko batean esperientzia pilotu bat bultzatzeko eta hiriko beste gune batzuetara zabaltzeko aukera baloratzeko helburuarekin".

Ekiola ekimenak Energia Aldaketarako Europako Estrategia Euskadin bultzatzeko eta aurrera eramateko asmoa du

Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak, berriz, honako hau azpimarratu du: “ekimen honen bitartez, energia berriztagarria sortzeko herritarren kooperatibak eratzeko aukera planteatzen da, hiriaren jasangarritasun- eta ingurumen-politikekin bat etorriz eta bizimodu eta kontsumobide arduratsu berriak indartuz, hala nola etxe bakoitzak behar duen energia sortu eta kudeatzea, garbitasunez eta 0 kilometroko zerbitzu baten alde eginez”.

Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak helburu bera lortzeko batera egindako lana goraipatu du: "helburu horiek ez lirateke inondik inora beteko, tokiko eta eskualdeko erakundeek, Krean ingeniaritza-enpresak eta Energiaren Euskal Erakundeak bat egin ez balute". Gainera, nabarmendu duenez, proiektua "energia-gobernantza berri baten esparruan kokatzen da, Europar Batasunaren politikekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin lerrokatuta, eta energia-autohornikuntza erraztu beharra jomugan jarriz, energia berriztagarrien aprobetxamenduko eta energia-autokontsumoko sistemen bitartez.

Ekiola, energia-kudeaketa herritarren parte-hartzearekin

Energiaren Euskal Erakundea eta Krean ingeniaritza-enpresa sustatzailea (MONDRAGON Korporazioa) bazkide gisa dauzkan Ekiola ekimena sortu da Energia Aldaketarako Europako Estrategia Euskal Autonomia Erkidegoan bultzatzeko eta aurrera eramateko asmoarekin, herritarrak energia berriztagarrien kontsumorako sorkuntzan eta kudeaketan ahalduntzean oinarrituta, kontsumitzaile aktiboaren eta energia-komunitatearen figura berrien bitartez. Energia-komunitateak sortu behar dira kooperatiba-formatuan, sistema elektrikoaren barruan jardun dezaten zeregin bat betez beren tokiko eta hurbileko administrazioekin batera, eta horrek aukera emango du energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko hainbat instalazio-proiektu bideratzeko, udalerri edo eskualdeetan integratuta.

Hala, Ekiolari atxikitzeak berekin ekarriko luke auzokoak autogestio kooperatiboko errealitate batean integratzea, beren energia-premiei erantzunez. Formula horrek atea irekitzen dio 1 MW-tik 5 MW-ra bitarteko eguzki-parke bat zabaltzeko aukerari, instalazioaren tamainaren eta izaten diren atxikimenduen arabera, eta 0 kilometroko hurbileko energia sorraraziko luke.

Ingeniaritza eta arkitektura