Ekintzailetza aztertu du Lander Beloki, Enpresagintzako dekanoak

Berriki, Gara egunkarian egin dioten elkarrizketa batean, ekintzailetzaren alde egin duten apustua nola gauzatzen den esplikatu du Belokik.
Card image cap
2016/06/24

Ekintzailetzaren egoeraz eta Lidergo eta Ekintzailetza Berritzailea (LEINN) graduak horretan izan dezakeen eraginaz mintzatu da Lander Beloki, ikasketen 8. urteurrena ospatu berri dutenean.

Zein da ekintzailetzaren egoera Hego Euskal Herrian?

Hazten ari da. Estatuan baino hobeto dago, hemen desberdintasuna dakarten elementu batzuk baitaude: gizarte industrialagoa gara, gure kualifikazio maila altuagoa da eta, erakundeei nahiz eskuduntzei dagokienez, beste lurralde batzuetan ez dauden tresnak ditugu. Horri gehituta gure per capita errenta altuagoa dela, baliabide gehiago ditugu. Dena den, ez genuke okerrago daudenei begiratu eta gustura geratu behar; baizik hobeto dabiltzanen bideari jarraitzen saiatu, zein neurri eta politika aurrera eramaten ari diren ikusi. Beraz, herrialde garatuenek dauzkaten ekintzailetza tasak ikusita, egiteko asko dago.

Krisi garaian ekintzailetzak okerrera egin badu ere, bolo-bolo dabil. Zergatik?

Asko aipatzen da, langabezia tasa altua dugulako. Krisiak nabarmendu du enpresa lehiakorrak izateak duen garrantzia eta horretarako ekintzailetza tresna inportantea da. Ez bakarrik autoenplegura begirakoa, zerbitzu edo produktu berrien beharra ikusi dutelako egindakoa ere bai. Hitz egitea ona da, baina arduratu ere egin behar dira.

Nola susta daiteke?

Finantza, hezkuntza eta ezagutza inguruko agenteek rol garrantzitsua dute. Proiektuek laguntza finantzarioa behar dute, bereziki hasierako faseetan arriskua hartuko duena. Hezkuntzan mentalitate berezi bat behar da ikusteko hemen ekitea posible dela eta euskal tradizioan ekintzaileek garrantzia handia izan dutela. Gainera, estrategia hori indartzen du ezagutza sistemak, zentro teknologikoak nahiz ikerketa guneak merkatura begira jarri eta horietan sortzen diren ideien edo produktuen bidez enpresak sortzeak.

Edonor izan liteke ekintzaile?

Mentalitate bat dela uste dut. Ekintzailea ez da pertsona erabat berezia. Edonork behar diren tresna, mentalitate eta formakuntzarekin posible luke ekitea. Ez du enpresa berri bat sortzeko izan behar, zauden aktibitatean gauza berriak egiteko grina izatea ere bada.

Nola irakasten duzue ekiten?

Konpetentziak garatzen saiatzen gara, taldean antolatu eta proiektu errealak gauzatuz. Batzuek porrot egiten dute, beste batzuek konplexutasun handiagoa dute... Atzerrira ere bidaiatzen dute eta hango eta hemengo enpresei begirako proiektuak egiten dituzte Indian, Finlandian, AEBetan… Sustrai sakonak izateaz gain, bestelako bizipenak izan eta beraien profila aberastea nahi dugu.

Porrota ulertzeko modua aldatu beharko genuke?

Porrota normaltzat jo behar dugu, desiragarria ez bada ere. Jendeari erakutsi behar zaio gauza berriak egiteko eta konpetentzia berriak lortzeko bidean akatsak badituzte, hortik ikasiz aurrera atera behar dutela. Ez dela gainean gelditzen zaien zigilu bat. Ekintzailetzak eta berrikuntzak presentzia handia duten herrialdeetan porrotak kulturalki bestelako legitimitatea du.

LEINN graduak lau promozio ditu, zein egoeratan daude bertatik irtendako enpresak?

Datu orokorretan, ikasleen %10ek ikasten jarraitu dute. Gainerako %90en erdiak enpresa berriak martxan jartzen ari dira, batzuek graduan edukitakoa eraldatuz, eta beste erdiak enpresetan lanean ari dira barne ekintzaile gisa, aldaketarako prozesuak aurrera eramaten, sare komertzial berriak eraikitzen atzerrian… Denetarik. Sortzen diren enpresak nagusiki zerbitzu aurreratuetara bideratuta daude. Gure asmoa da produktuei eta teknologiei lotutakoak ere pixkana sortzen joatea.

Euskal enpresa sarean zein eragin izan dezake graduak?

Gure konpromisoa erabatekoa da euskal enpresekin. LEINN garatzeko bost kontinentetako 20 kokagune lotuko dituen sare bat ireki nahi dugu. Guztiak MUrekin lotuak, baina aldi berean, inguruan dituzten proiektuekin konprometituta. Horrela, hezkuntza eredua nazioartekotzen dugu eta euskal enpresentzat aukera berriak sortzen ditugu, sare horren bidez ezagutza eta pertsonak mugituko baitira

Administrazio eta enpresa irakaskuntza