Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Eika, bitrozeramiken salmentan munduko liderra den kooperatiba bizkaitarra
Enpresa bizkaitarra da Eika, eta duela mende erdi baino gehiago sortu zen. Munduko liderra da bitrozeramiken salmentan. Hain zuzen ere, merkatuaren % 42 biltzen du eta foku bat fabrikatzen du segundoko. Urteko fakturazioa 100 milioi eurotik gorakoa da, eta azken urteetan hiru enpresa erosi ditu negozioa dibertsifikatzeko eta hazten jarraitu ahal izateko. SPRI Taldeak Euskadiko enpresei beren proiektuak ezagutarazteko aukera eskaintzen die “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.
Eika 1973an sortu zuten Bizkaiko Etxebarria herrian, “eskualdeko emakumeei lana eskaintzeko beharragatik”, Aitor Soria zuzendari nagusiaren eta Iratxe Acha Giza Baliabideetako zuzendariaren hitzetan. “Kooperatiba bat izan zen hasieratik”.
Sukaldeko galdaketako plakak fabrikatzen zituen orduan enpresak (duela 15 urte erretiratu zuten produktu hori), baita labeetako erresistentziak ere; horiek 2022ra arte mantendu dituzte. “Hortik bitrozeramiketara eta kontrolerako elektronikara pasatu ginen, eta produktua globalki eskaintzen hasi ginen”.
Beroaren sorrera, beroaren kudeaketa (elektronikaren bidez) eta isolamendua kontrolatzen ditu Eikak. “Foku bitrozeramikoari dagokionez, munduko merkatuaren % 42 biltzen dugu, eta AEBko merkatuaren % 60 baino gehiago”. 2021 mugarria izan zen: 200 miloi foku fabrikatu zituzten. “Foku bat bestearen atzean jarrita, munduari bira bat emango genioke”.
Foku bitrozeramikoak, sukaldeko eta labeko erreketaren kontrol elektronikoa (sukaldeko garuna) eta labeko termostatoa dira haien produktuak. Historikoki, ekoizpenaren % 90 zegokien etxetresna elektrikoen osagarriei, baina azken urteetan dibertsifikazio-plan anbiziotsua hasi du enpresak.
Hala, duten ezagutza teknologikoari esker, Isoleika izeneko jarduera berri batean murgildu dira: oso isolagarria den elementu bat da, metalurgiaren gisako sektoreetarako edo labe industrialetarako. “Pandemian zehar txertoen kaxak estaltzen zituen produktua da. 10 urte baino gehiago daramatzagu horrekin, eta urtean 3 milioi eurotik gorakoak dira salmentak. Europa mailan erreferenteak gara produktu horri dagokionez”.
Hiru enpresatan inbertitu dute
2022an hiru enpresa erosi dituzte, eta % 20ko partaidetza dute akziodunen artean. Lehenengoa Smartcomfort izan da, azpiegitura handietarako berogailuak egiten dituena. “Distantzia handira egon arren, sentsazio termiko atsegina eskaintzen dute. Adibidez, oilasko haztegietan erabiltzen dira, edo fabrika metalurgikoetan, pertsonak berotzeko”.
Erositako bigarren enpresa Stone Cooker da. Sukaldea txertatuta duten mahaiak egiten dituzte, eta jatetxeetan edo kanpinetan erabiltzen dira horiek. “Merkatua sortzen ari gara orain”. Eta hirugarrena Muxunav da. Horrek vending makinetako bistaratze-pantailekin lotutako produktuak fabrikatzen ditu.
Munduko etxetresna elektrikoen fabrikatzaile guztiak dira haien bezeroak. Erositako enpresen bidez irekitako negozio-ildo berrietan, berriz, industria eta eraikuntza dira bezeroak.
2023an 101 milioi euroko fakturazioa izan dute, eta 1.000 langile inguru dituzte. Horietatik 450ek lan egiten dute Etxebarrian, 350ek Mexikon eta 230ek Turkian, bi herrialde horietan ere fabrikak baitituzte. Ekoitzitakoaren % 98 esportatzen dute, eta liderrak dira Amerikako merkatuan. “Munduko edozein lekutan bitrozeramika bat pizten baduzu, % 50eko aukerak dituzu Eikaren produktu bat izan dezan”.
Enpresak 3 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu I+G arlora, hau da, fakturazioaren % 3. Eta ikerketara bideratutako sail espezifiko bat du, 30 pertsonaz baino gehiagoz osatua.
Plan estrategikoaren baitako lau ildo betetzea da enpresaren erronka. Lehenengoa hazkunde jasangarria da, “gure helburua lanpostuak sortzea baita, eta negozio guztietan munduko lidergoa bilatzea”. Bigarrena lotuta dago pertsonekin, garapenarekin, autogestioarekin eta partaidetzarekin. Hirugarren ildoa jarduera berriak bultzatzea da, arriskatuta. Eta, laugarrena, eraldaketa soziala eta konpromiso kooperatiboa.