Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
EIBk Fagor Ederlanen berrikuntza estrategia babestu du 27 milioi eurorekin
Europako Inbertsio Bankuak (EIB) eta Fagor Ederlanek 27 milioi euroko finantzaketa hitzarmena sinatu dute, berrikuntzarako, eraldaketa digitalerako eta jasangarritasunerako ildo estrategikoak indartzeko.
EIBren kredituarekin, kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen instalazioetan egingo dituen inbertsio estrategikoak finantzatuko ditu, 2021-2024 aldian. EIBk finantzatutako inbertsioei esker, Fagor Ederlanek epe luzerako lehiakortasuna indartu ahal izango du, eta mugikortasunaren paradigma aldaketaren ondorioz automobilgintzaren industrian dauden erronka garrantzitsuei (mugikortasun iraunkorra, elektrikoa, partekatua, konektatua eta autonomoa) erantzun ahal izango die.
Sektorearen erronka handienetako bat da balio kate osoak mugikortasun eredu eta industria eredu berri horrekiko konpromisoa, deskarbonizazioko eta neutraltasuneko munduko helburuekin konprometituta dagoen eredua baita; beraz, elektrifikazioa eta prozesu eta teknologia efizienteagoak eta karbono aztarna txikiagokoak lortzeko berrikuntzak dira jarduera ildo nagusiak.
Horregatik, inbertsioen zati handi bat gero eta osagai arinagoak eta karbono aztarna txikiagokoak garatzeko lanetan zentratuko da, bai eta ibilgailu elektrikorako osagai eta sistema berrien garapenean ere. Gainera, ekoizpenerako baliabideen eta ereduen eraginkortasun handiagoa ekarriko duten fabrikazio teknologia aurreratuak eta iraunkorrak ezarriko dira.
Bestalde, EIBk enpresaren eraldaketa digitala ere bultzatuko du, eta horrek enpresaren lehiakortasuna eta enplegu kualifikatua sortzen lagunduko du, kooperatibaren funtsezko helburua baita. Fagor Ederlanek zentro teknologiko bat du, Edertek, non I+Gn soilik diharduten 60 ingeniari dauden, bai eta 400 ingeniari ere, mundu mailan dituen 17 lantegietan banatuta.
Fagor Ederlanekin egiten duen lehen operazioa izan arren, EIBk MONDRAGON Korporazioko beste sei kooperatibarekin egin du lan jada.
EIBko lehendakariordeak, Ricardo Mourinho Felix-ek, honako hau ziurtatu du: "Oso pozik gaude Fagor Ederlanen I+G+B estrategia finantzatzeko, eraldaketa digitala bultzatzeko eta ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen prozesuen erabilera sustatzeko sinatu dugun hitzarmen honekin. EIBk Espainiako automobilgintzaren sektoreko berrikuntza babesten jarraitzen du, pandemian zehar sektoreko hainbat konpainiarekin finantzatuz eta lankidetzan arituz. Operazio horrek berriro ere erakusten du EIBk konpromiso sendoa duela iraunkortasunean eta berrikuntzan oinarritutako susperraldi ekonomikoa lortzeko, bai eta enplegua sortzeko ere, EIBk Espainian dituen lehentasunezko helburuak baitira".
Fagor Ederlan Groupeko zuzendari nagusi Juan Maria Palenciak honako hau ziurtatu du: "Automobilgintzaren sektorea eraldaketa prozesuan dago, eta datozen lau urteak funtsezkoak izango dira horrek dakartzan erronkei aurre egiteko. Asko eskertzen diogu EIBri eman digun finantzaketagatik, horrek ere erakusten digulako gure etorkizuneko proiektuarekiko konfiantza duela. Berrikuntza eta digitalizazioa dira mugikortasun iraunkorrera aldatzeko dugun estrategiako palanka nagusiak, eta EIBren babesak proiektu horiei abiadura eta berme handiagoarekin aurre egiteko aukera emango digu".
Aipatau behar da Europako Inbertsio Bankua (EIB) Europar Batasuneko epe luzerako finantzaketa erakundea da, eta bere akziodunak estatu kideak dira. EIBk inbertsio proiektu bideragarriei epe luzeko finantzaketa ematen die, EBren politikaren helburuak lortzen laguntzeko.
EIB Taldeak "Klima Bankuaren bide orria" onartu berri du, klima ekintzaren eta ingurumen jasangarritasunaren aldeko inbertsioei laguntzeko asmo handiko programa betetzeko (bilioi bat euro, 2030ean amaitzen den hamarkadan) eta EIBren finantzazioen %50 baino gehiago emateko, ekintza klimatikoaren eta ingurumen jasangarritasunaren alde, hemendik 2025era. Halaber, Bide Orriaren zati gisa, 2021aren hasieratik aurrera, EIB Taldearen operazio berri guztiak Parisko Akordioaren helburu eta printzipioetara egokituko dira.
Fagor Ederlan Groupi buruz
Fagor Ederlan taldea automozioko osagaien hornitzaile liderra da, Chassis, Powertrain eta ibilgailuaren egituran zentratua, eta irtenbide aurreratuak eta balio teknologiko handikoak eskaintzen ditu bere produktu lerro guztietan. Sektoreko marka nagusietan dago presente, eta zerbitzurako duen bokazio garbiak eta bezeroarekiko duen hurbiltasunak gidatuta hazi da taldea nazioartean, Fagor Ederlan hornitzaile global bihurtuta. Izan ere, 17 lantegi ditu sektoreko eskualderik nagusietan, hala nola Europan, Mercosurren, Asian eta Ipar Amerikan.
4.000 profesional baino gehiagorekin eta 1.900 bazkide baino gehiagorekin, MONDRAGON Korporazioaren industria taldeko kooperatibarik handiena da bazkide kopuruari dagokionez, eta inguruan enplegu kooperatiboa eta lana sortzeko erronka da oraindik ere bere estrategiaren giltzarria.