Irakurriena
- 1. Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa Coprecin egon da
- 2. MSI Taldeak urteko ETE industrial onenaren saria jaso du
- 3. 20 urteko ibilbide arrakastatsua ospatu du Gerodan kooperatibak
- 4. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen Kursaalen
- 5. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 6. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
Euskara, estrategian txertatuta

Euskararen Bikain ziurtagiria lortzea ez da helburu soil bat, prozesu bat baizik. Prozesu horretan, erakundeen konpromisoa, langileen parte hartzea eta etengabeko hobekuntza dira gako nagusiak. LKS Next eta Bexen Cardio kooperatibek eta Danobatgroup kooperatiba taldeak ondo baino hobeto ezagutzen dute bide hori, eta haien esperientziak euskara sustatzeko egiten ari diren ahalegin sendoa islatzen du.
LKS Nexteko lehendakaria den Nerea Alberdik azaldu bezala, lehenengo aldiz 2016an lortu zuten Bikain ziurtagiria, eta zortzi urteren ondoren berriro ebaluazio prozesuan sartzeko beharra sentitu zuten: “Ordudanik egindako ibilbidea ebaluatu nahi genuen, kanpo begirada batek lagundu diezagun ulertzen zer aurrerapen egin dugun eta hemendik aurrera zein urrats egin behar ditugun”. Prozesuak barneko hausnarketarako aukera eman die, baita euskararekiko konpromisoa sendotzeko eta langileen inplikazioa bultzatzeko ere.
Bexen Cardioren kasua bestelakoa da, baina helburu bera du: euskararen presentzia eta erabilera sendotzea. Ibon Zabala lehendakariaren hitzetan, enpresako kolektiboa txikia izan arren —40 lagun ingurukoa-, euskararen aldeko sentiberatasuna beti egon da presente. 2023an, lehiaketa publikoetan puntuazio hobea lortzeko aukera ikusi zuten Bikain ziurtagiria eskuratuta, eta horrek azken bultzada eman zien. Baina, helburua ez zen bakarrik hori izan: “Euskararen gaia lantzeko aukera eman digu, eta etxe barruko dinamika oso polita sortu da; batzuk euskara ikasten ere hasi dira”.
Danobatgroupen kasua, berriz, urteetako lanaren emaitza da. Idoia Bustinduy Euskara koordinatzaileak azaldu bezala, 2008an lortu zuen Danobatek lehen ziurtagiria, eta ordutik aurrera kooperatiba taldeko beste enpresa batzuk ere gehitu dira prozesura. Azken urteotan, urrezko eta zilarrezko mailak lortzen ari dira, eta horrek erakusten du egindako lanaren dimentsioa: “Egiten den lan guztia txosten batean jasotzeak argiago uzten du bidea eta lantzeko arloak”. Era berean, langileen inplikazioa areagotzea lortu dute.
Hori guztia posible izan dadin, ezinbestekoa da aginte organoen inplikazioa eta kanpo aholkularitzaren laguntza, prozesu tekniko honi aurre egiteko. Horrekin batera, euskararen gaia kooperatibaren estrategiarekin lerrokatzea ezinbestekotzat jotzen dute hiru kooperatibetako ordezkariek: “Ziklo estrategiko berria hasterako, euskararen inguruko Bikain ebaluazioa egin eta estrategia horretan sartu beharko lirateke egin beharreko hobekuntzak”, gaineratu du Nerea Alberdik.
LKS Nexteko, Bexen Cardioren eta Danobatgroupeko esperientziek argi uzten dute euskararen aldeko apustua bide luze eta sendo bat dela, baina emaitza oso aberasgarriak dakartzala, bai erakundeentzat, bai langileentzat, eta baita euskararen komunitate osoarentzat ere.