Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Dikarrek bere ekoizpen planta modernoa inauguratu du Arrasaten, etapa berri bati ekiteko
Arrasateko planta berria inauguratu du DIKAR kooperatibak, eta bertan izan dira, besteak beste, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, Iñigo Ucín MONDRAGON Korporazioko presidentea eta Inmaculada Riera i Reñé Espainiako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusia.
DIKARek ia 400 pertsona enplegatzen ditu Espainian, Estatu Batuetan, Portugalen eta Frantzian dituen lau egoitzetan
Ekoizpen planta berriarekin, DIKARrek Reload izeneko kapitulu berri bati ekin dio. DIKARren jarduera nagusiari, arma bat kargatzeko ekintzari, egindako keinua izateaz gain, erronka berriak gainditzeko inspirazioa ere bada Reload, berrikuntza eta egiten jakitea. Hala, armagintzaren sektorean erreferente izaten jarraitu nahi du kooperatibak.
Fagor Garagartzaren egoitza zaharra
Ekoizpen planta berria Arrasateko (Gipuzkoa) Garagartza auzoan dago, Fagor Garagartzaren egoitza zaharrean. Sinbolismo handiko espazioa da Korporazioarentzat, DIKARri esker pultsu industriala berreskuratu duena. Eraberritze integrala 26.000 metro koadrotan egin da, eta, horren ondorioz, ekoizpen planta modernoa da, hazten jarraitzeko aukera emango diona.
Dikar Koop. Elk. enpresako zuzendari nagusi Esther Kortak eskerrak eman ditu, eta harro agertu da enpresaren ibilbideagatik: "Egia esan, gure ibilbidean, ehiza merkatuko handienen artean lehiatzea lortu dugu. Eredu produktibo bat eredu industrial moderno eta eraginkor batera aldatu dugu, kalitatean eta zerbitzuan oinarritutako produktu bikain batekin". Gaur egun, DIKARrek ia 400 pertsona enplegatzen ditu Espainian, Estatu Batuetan, Portugalen eta Frantzian dituen lau egoitzetan.
DIKAR fabrikatzailea eta banatzailea da, BPI Outdoorsekin, eta Bergara, CVA, Quake, Powerbelt, Durasight eta Columbus markak ditu
Gainera, zuzendari nagusiak eredu kooperatiboaren balioa azpimarratu du, "bere ingurunearekin konprometitutako etorkizuneko errealitate sozio-enpresariala, lurraldean aberastasun homogeneoa sortzen duena". Halaber, ehiza jardueraren balioa nabarmendu du ekosistemen oreka naturalean, eta agintariei dei egin die "horrelako jarduerak garatzen laguntzeko erabaki ausartak har ditzaten, egiaztatutako irizpide zientifikoetan oinarrituta".
DIKAR fabrikatzailea eta banatzailea da, BPI Outdoorsekin, eta Bergara, CVA, Quake, Powerbelt, Durasight eta Columbus markak ditu. Oinarri teknologikoko enpresa da, eta hazten jakin du produktuak, zerbitzuak eta merkatua dibertsifikatuz eta berrikuntzei eta kooperatiba osatzen duten pertsona guztien lanari esker.
Iñigo Ucin MONDRAGONeko presidenteak adierazi du DIKAR eredu dela mugimendu kooperatiborako: "Birjaiotzea eta egokitzea funtsezkoak izango dira etorkizuna eraikitzeko zioen On Jose Maria Arizmendiarrietak, Arrasateko mugimendu kooperatiboaren bultzatzaileak. DIKARrek sinbolismo handiko planta berreskuratu du, eta instalazio modernoa eraiki, ingurunean aberastasuna sortuko duen puntako teknologiarekin".
Bestalde, Inmaculada Riera i Reñé Espainiako Merkataritza Ganberako zuzendariak MONDRAGON eta DIKAR kooperatibak industria arloan egiten ari diren lana goraipatu du. "Zorionak eman nahi dizkiot DIKARri bere bikaintasunagatik, berrikuntzarako duen gaitasunagatik, konpromisoagatik eta nazioarteko proiektuagatik. Eredu zarete Espainiako industria sektorearentzat ", gaineratu du.
Azkenik, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria bertaratu direnei zuzendu zaie, eta zorionak eman dizkie DIKAR osatzen duten pertsona guztiei: "Gai izan zarete proiektu handi hau martxan jartzeko, balio teknologiko handiko instalazioak inauguratzeko, kalitatezko enplegua sortuz eta gertueneko gizartearekin konprometituta".
Ekitaldi komertziala
Instalazio berrien inaugurazio ofizialak, aldi berean, ekitaldi komertzial handi bat ospatzeko balio izan du, Estatu Batuetako eta munduko gainerako saltzaileen sarearekin eta AEBetako banatzaileen sarearekin. Eguna goiz hasi da, ekoizpen plantaren bisitarekin, eta bisitariek instalazio berriko espazioak ezagutu ahal izan dituzte, hala nola, bunkerra edo erakusketa aretoa. Aurrez markatutako ibilbide horrek espazio berriarekin eta aplikatutako teknologiarekin lehen kontaktua izatea ahalbidetu du. Ekitaldiaren antolakuntzak hainbat talde antolatu ditu, lau guztira, eta taldeka ezagutu dute ekoizpen planta berria.
Bisiten ondoren, komertzialen eta banatzaileen sareak solasaldi batean parte hartzeko aukera izan du. Bertan, Dakota Russell eta Guillermo Martinez Bergara markaren Estatu Batuetako eta munduko gainerako herrialdeetako salmenta arduradunek eta Jason Sebo CVA markako komertzialak hartu dute parte. Euren hitzaldietan, hiru komertzialek azpimarratu dute ekoizpen planta berria hazkundearen sinonimoa izango dela. Are, Guillermo Martinezen arabera, DIKARrek orain ahalmen handiagoa eta ekoizpen sistema hobea ditu: "Lehen, pieza batzuk kanpoan egiten genituen, eta orain dena zentralizatu dugu. Beste era batera esanda, lehen hiru hilabete behar genituen errifle bat egiteko, eta orain 15 egun". Jasonek, bestalde, azpimarratu du ekoizpen-fluxu handiago horrek produktuak Estatu Batuetara azkarrago iristea ekarriko duela, integrazio bertikala ahalbidetuz.
Ekitaldian izan diren pertsona guztiek hartu dute parte inaugurazio ekitaldi handian, horretarako egokitutako eszenatoki batean. Ez dira falta izan mota honetako gertakizunetan erabili diren osagaiak: musika, txalaparta, argiak, bideoak eta ehizakien haragizko pintxoak protagonista izan dituen koktela. Inaugurazio jardunaldiaz gain, mundu osotik iritsitako pertsonek Euskadin egindako bisitetan eta bileretan parte hartu dute.