Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Dibertigarria ere izan daitekeelako ekonomia: Gabon hauetan oparitzeko mahai jokoak
Ekonomia dibertigarria ere izan daiteke. Ez genuke zertan zenbaki, datu, testu eta teoriekin soilik lotu behar. Ekonomiaz hitz egin edota ikasteko jokoak ere badaude, eta aski entretenigarriak dira. Egunerokotasunean hartzen ditugun erabaki ekonomikoak, izan etxebizitza bat erostea, izan auto bat saltzea, mahai jokora eraman dituzte joko asmatzaile ugarik. Finantzari buruzko erabakiak hartuz, parte-hartzaileak dituen baliabideak erabili behar izaten ditu joko bakoitzeko helburuak lortzeko. Finean, baliabideen kudeaketan oinarritzen diren jokoak dira.
Monopoly
Guztietan jokorik ezagunena da Monopoly, higiezinen salerosketan oinarritutako mahai jokoa. Jolasaren izenak dioen bezala, helburua monopolio bat eratzea da. Joko taula kalez osatuta dago, eta jokalari bakoitzak –diru kopuru berarekin hasita– etxeak eta hotelak erosten ditu. Hala, fitxa jokalariren etxe edo hotel batean eroriz gero, hortik pasatzeko ordaindu beharra du beste jokalariak.
Lizzie Magie joko diseinatzaile estatubatuarrak sortutako The Landlords Game jokoan du jatorria Monopolyak. 1924ean, Charles Darrowek jokoaren bertsio antzeko bat egin zuen eta Monopoly izena jarri zion. Urteak pasa ahala, jokoak sekulako arrakasta erdietsi du, eta mundu guztian bertsio desberdinak egin dira, herrialde bakoitzeko hirietako kale eta tren geltokien izenak jarriz.
Catan
Los Colonos del Catanek ekonomiarekin duen lotura ez da Monopolyrena bezain agerikoa, baina jolasak berak baditu diruarekin zerikusia duten zenbait alderdi. Azken urteotan oso modan jarri den mahai jolasa da. Jokoaren helburua lehengaien bidez herri, hiri eta bideak eraikitzea da. Ez da dirua erabiltzen, baina lehengaien arteko trukaketa ematen da jokalarien artean. Izan ere, batek garia izan dezake eta beste batek egurra, eta lehengai askotarikoak behar izaten dira etxeak eta bestelakoak eraikitzeko.
Los Colonos del Catan jokoaren helburua lehengaien bidez herri, hiri eta bideak eraikitzea da
Hala, fikziozko mundu honetan, jokalariek merkataritza bideak eraiki behar dituzte falta zaizkien lehengaiak lortzeko, eta azkenean, beren herria eraikitzeko. Bakoitzak dituen baliabideak ondo kudeatzean datza jolasa. Hiru edo lau jokalarik jolas dezakete eta ordubeteko iraupena du gutxi gorabehera.
Cashflow
Robert Kiyosaki enpresari estatubatuarrak asmatutako mahai jolasa da Cashflow. 1996an sortua, finantzazioa du ardatz. Hasieran ausaz ofizio bat egokitzen zaio jolasean parte hartzen duenari. Ogibide horrek zenbait diru sarrera eta gastu sortzen dizkio, eta horrekin inbertsioak egin behar ditu. Jolasean zehar seme-alaben gastuak azal daitezke, lanetik botatzeko aukera dago eta zorrak ere handitu daitezke. Hau da, bizitza errealaren simulazio moduko bat da.
Enpresa munduan erabiltzen diren finantza kontzeptu berak usatzen dira jokoan. Ondasunak, negozioak edota inbertsioak dira jokoaren oinarri, eta beste partaideekin negoziatzea da gako aurrera egiteko. Kiyosakik berak idatzitako Rich Dad Poor Dad liburuan oinarrituta dago. Jokalariak "Arratoiaren lasterketa" izeneko zirkuitu batean hasiko du jolasa, eta “finantza askatasuna” lortzeko, hortik atera eta bere ametsa bete behar du "Bide Azkarra" izeneko beste zirkuituan.
Panic on Wall Street
Enpresariek eta inbertsoreek aurrez aurre jolasten dute mahai joko honetan. Enpresariek beren enpresetako akzioak ahalik eta garestien saltzen saiatzen dira, eta inbertsoreak, aldiz, akzioak merke erosi nahi dituzte. Bi minutuko negoziazioa eta gero, dadoak botatzen dira, eta merkatuko bilakaera aldatzea eragin dezake horrek, jokalari bakoitzari modu desberdinean eragiten diolarik. Bost txanda egiten dira, eta diru gehien irabazten duten enpresari eta inbertsoreak izaten dira jokoko garaileak.
Enpresariek eta inbertsoreek aurrez aurre jolasten dute Panic on Wall Street jokoan
Folamir Superpoly
Joko hau Monopolyren antzekoa da, izan ere, parte-hartzaileek ondasun higiezinetan inbertitzen dute beste jokalariei diru kopuru bat kobratzeko. Hala ere, honek beste ezaugarri batzuk eta dinamika motelagoa eskaintzen du.
Monopolya baino ekonomikoagoa ere bada, diruaren kudeaketari buruz modu arin eta dibertigarrian ikasteko aukera ematen duelarik: inbertsioak, errenta, kostuak lantzeko aproposa da. Dena den, egitura aldetik Monopoly bezalakoa da. Taulak formato antzekoa du, eta kaleak, geltokiak eta kartzela ageri dira.
Iturria: Enpresabidea