Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Debagoieneko Trantsizio Energetikoa sustatzeko estrategia aurkeztu du D2030 ekimenak
D2030 sareak Bergaran aurkeztu du “Eraginez Piztu” esku-hartze proposamena, eremu hiritarreko energía eredua eraldatzeko helburua duten zortzi proiektuk osatzen duten proposamena, eta besteak beste Fagor Taldea eta ULMA kooperatibek hartzen dute parte bertan. Aurkezpenean hitza hartu dute Bergarako alkate Gorka Artolak, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Fagorreko presidente Joxean Alustizak, Oñatiko Urgain Ikastetxeko Lukene Igartuak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak eta Debagoiena 2030 sareko Aritz Ameztegik.
Debagoiena eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutroa izatea lortze bidean, trantsizio energetikoaren erronka lehentasuna da. Aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreen artean nabarmena da erregai fosiletan oinarritutako eta kontsumo maila intentsiboko eredu energetikoa.
Testuinguru horretan, krisi ekologikoa sortzen duten faktoreak gainditzeko dugun denbora mugatua da:
“erlojupeko eraldaketa” eman beharko da eta hurrengo hamarkada gakoa izango da horretarako. Datozen 10 urteetan hartzen diren, edota hartzen ez diren erabakiek, gure zibilizazioaren etorkizuna baldintzatuko dute.
Energiaren erronkak gure eguneroko lerroburuak betetzen dituen garai honetan, gure eskualdeak datu esanguratsu bezain kezkagarriak ditu:
- 2017an Bagarak LKSren eskutik egindako ikerketak adierazten zuen, (2014an) Debagoieneko herritarrei dagokien CO2 isurketa maila inguruko beste lurraldeetako herritarrena baina altuagoa zela. Europako lurraldeetan gehien isurtzen zutenen artean, 3. herrialdearen parekoa litzateke.
- Udalsareak eskainitako datuen arabera, 2019an Debagoienean ekoiztutako energiaren portzentajea, beraz burujabetza maila, %5,2koa da. Bertan ekoizten den energia hau, berriztagarrietan oinarritua dago, bestelako energia iturririk ez dagoelako eskualdean. Beste modu batera esanda, Debagoienean kontsumitzen den energiaren %94,8a gure mugetatik kanpo dator.
Elkarlana, trantsizio energetikoa sustatzeko
Testuingurua hori izanik, 2020an Debagoiena 2030en Gobernu Batzordeak erabaki zuen Debagoienean iraunkorra eta berriztagarria izango den eredu energetikoa sustatzea: nagusiki sorkuntza berriztagarria, autokontsumoa, efizientzia eta sentsibilizazioa bezalako esparruak landuz.
Debagoienean iraunkorra eta berriztagarria izango den eredu energetikoa sustatzeko bi urtez luzatu den prozesu bat garatu da, prozesu partekatua eta kolektiboa izan dena. Hala, sektorean lanean ari diren erakundeetako ordezkariekin elkarrizketak egin dira, interpretazio kolektiboak ere bai, eta baita ikerketa, legedi eta abarren arakatze sakonak ere. Lanketa horren emaitza da gaur aurkeztu dena.
Hain zuzen ere, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak txalotu egin du Debagoiena 2030ek azken bi urteotan egindako lana. Bere esanetan, “hau ez da gauetik egunera egiten den zerbait eta gaur hemen bagaude da hausnarketa baten ondorioz sortu diren proiektu zehatzak aurkezteko”.
Lanketa bera elkarlanean egin den moduan, gaur aurkeztu den proposamenaren bueltan Debagoieneko 50 eragilek hartuko dute parte. Aurkezpenean hitza hartu dute horietako eragile batzuek eta hain zuzen ere, elkarlan horren beharra azpimarratu dute guztiek ere. Esaterako, Bergarako alkate Gorka Artolaren esanetan, azken bi urte hauetan bizi izandakoak, “etorkizuneko erronken aurrean elkarlana eta erantzun publiko-komunitarioa ezinbestekoak direla berrestera eraman gaituzte”. Ideia horretan sakondu du baita ere Debagoiena 2030 ekimeneko sustatzaile nagusi den Fagor Taldeko presidente Joxean Alustizak: “Lankidetza publiko-pribatu zabal batek komunitatearen sentsibilizazioan eta aktibazioan eragiteko aukerak biderkatzen ditu”. Debagoiena 2030 ekimeneko Aritz Ameztegik ere gogoratu du, bakoitzak bere aldetik lortuko lituzkeen emaitzak hobetzeko bidea dela elkarlana.
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak ere “denok helburu bera ipar hartuta” bat egitearen ideia azpimarratu du: “Eredu guztiak dira onak eta beharrezkoak, eta trantsizio energetikoan aurrera egiteko denak babesten ditugu”. Azkenik, hezkuntza arloko ordezkari gisa ekitaldian parte hartu duen Oñatiko Urgain ikastetxeko Lukene Igartuak azaldu du “etorkizuneko gizartea osatuko duten pertsonak ikastetxeetan daudela orain eta horregatik dela garrantzitsua eskoletan trantsizio energetikoa lantzea”. Esku-hartze proposamen hau osatzen duten zortzi proiektutatik baten hartuko dute parte Debagoieneko ikastetxeek.
‘Eraginez piztu’: Trantsizio Energetikorako esku-hartze proposamena
Zortzi proiektuk osatzen dute esku-hartze proposamena eta 50 dira guztira modu batera edo bestera proiektu sistema honen parte diren eragileak. Hau guztia aurrera eramateko 350.000 euro inbertituko dira: %83 jarriko du D2030ek; %14 Debagoieneko Udalek eta %3 Debagoieneko Garapen Agentziak.
Helburuaren konplexutasuna eta hedadura kontuan hartuz, lehen fase batean eremu hiritarreko –etxebizitza eta eraikinak– energia eredua eraldatzea lehenetsi da, esku-hartze proposamena horren isla delarik. Proposamen honetan, energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa sustatzea edo eraikinen energia kontsumoa murriztea helburu duten, edota izaera transbertsalagoa daukaten proiektuak aurkitu daitezke.
Proiektuz proiektu
1.- DEBAGOIENA ERABERRITZEN (Birgaitzeak sustatzeko estrategia bateratua)
Sustatzailea: Suradesa
Eremu urbanoko eraikinen eraberritze energetikoa sustatuz, energia kontsumoaren murrizketa lortu nahi da. Horretarako, herritarren, eragile ekonomiko eta instituzioen egoera ulertu, eta eraberritze energetikoa sustatzeko estrategia bateratu bat definituko da askotariko eragileen parte-hartzea bermatuz.
2.- BIRGAITZEN (Etxeko konforta hobetzea prezio eskuragarrietan)
Sustatzailea: H-Enea
Etxebizitzen konfort baldintzak hobetu eta CO2 emisioak murriztu daitezkeela frogatu gura da proiektu baten bidez. Isolamendu eta soluzioa era kolektiboan eskainiko da.
3.- ERREGULAZIO ERALDATZAILEA (Trantsizio energetikorako ordenantzak)
Sustatzailea: Debagoieneko Mankomunitatea
Herri bakoitzean trantsizio energetikoa garatzeko oztopo izan daitezkeen ordenantza eta erregulazioak identifikatu eta eskualdeko udalerri guztien artean landu nahi dira. Izan ere, horien bidez energia jasangarriaren eta kilimaren aldeko bidea erraztu eta azkartu daiteke.
4.- ENERGIA DENONTZAT (Inklusio soziala energiaren eremuan txertatzen)
Sustatzaileak: Bergarako Udala, Oñatiko Udala eta Antzuolako Udala
Debagoienean inklusio soziala eman dadin, lehen diagnosia egingo da eta pobrezia energetikoari aurre egiteko dauden mekanismoak ikertu. Soluzio integratu bat diseinatuko da publiko-pribatu elkarlanean.
5.- TOKIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LABORATEGIA (Berriztagarrien tokiko esperientzien ikasketa komunitatea)
Sustatzaileak: D2030
Energia berriztagarrien arloan eskualdean dagoen ezagutza, esperientziak eta ikasketak partekatzeko esparru bat eratuko da, eta bertan modu kolaboratiboan erantzungo zaie ager daitezkeen behar, aukera eta zailtasunei.
6.- IKASTETXE-KLIK (Hezkuntza komunitatearen ahalduntzea energian)
Sustatzaileak: Debagoieneko Ikastetxea
Proiektuaren helburua hezkuntza-komunitate osoaren lankidetza eta parte-hartze aktiboa sustatzea da, ikastetxeetan energia-aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko, trantsizio energetikoaren gaia gizarteratuz.
7.- DEBAGOIENA 2030 AUKERA ENERGETIKOAK (2030erako aukera energetikoen azteketa)
Sustatzaileak: Debagoieneko udalak
Debagoienean etorkizunean emango den egoera energetikoaren prospektiba egitea da helburua, energia kontsumoa eta sorkuntzaren (teknologia mota eta ahalmena) ikuspegitik.
8.- ENERGIA ADIERAZLEAK (Trantsizio energetikoa dimentsionatu eta eboluzioa monitorizatzeko adierazle sistema)
Sustatzaileak: D2030
Trantsizio energetikoan gako izan daitezkeen adierazleen identifikazio eta diseinua egin ostean, eskualdeko udal zein Udalsarearen datuetan oinarritutako adierazleen gizarteratze eta monitorizazioa egitea.
INFORMAZIO GEHIAGO
Web orria: https://debagoiena2030.eus/eu/trantsizio-energetikoa/
Dokumentazioa: https://debagoiena2030.eus/wp-content/uploads/2022/06/Trantsizio-energetikoa_txostena.pdf