MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa
Makina erremintaren diseinua eta fabrikazioa
Makina erreminta
Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Danobatgroup, berrikuntza eta teknologia 2024ko Bienalean
Danobatgroup industria taldeak, fabrikazio aurreratuan erreferente denak, presentzia nabarmena izango du beste urte batez Makina-Erremintaren 2024ko Nazioarteko Bienalean (BIEMH). Ekainaren 3tik 7ra egingo da Bienala, Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centerren (BEC).
C09 standa, 1 pabiloian egongo dena, bere DNA berritzaile eta teknologikoaren adibide garbia izango da, han erakutsiko diete-eta manufaktura industriei Danobat marken azken soluzioak (eta Hembrug eta Overbeck bere filialenak) eta Soraluce markenak.
Artezketa, torneaketa, fresaketa eta mandrinaketako teknologiak sendo menderatuta, taldeko enpresak aitzindariak dira makina-erremintako soluzio aurreratuetan, bereziki balio erantsi handiko piezak egiteko diseinatutakoak eta sektore estrategikoetako beharretara egokitutakoak: hala nola aeronautika, automobilgintza, trena, ekipo ondasunak edo energiaren sorreraren sektoreetako fabrikatzaileak.
Danobat, 70 urteko esperientzia
Alde batetik, Danobatek, balio erantsiko soluzioak, teknologikoki puntakoak eta eskariaren arabera konfiguratuak fabrikatzen dituen eta horretan 70 urte baino gehiagoko esperientzia duenak, BIEMH 2024 bienalaren esparrua aprobetxatuko du, besteak beste, artezketa, ultra doitasunezko torneaketa eta CNC robot bidezko mekanizazio sistemen arloko ekipamendu berritzailea diseinatzeko eta garatzeko dituen gaitasunak erakusteko.
Berrikuntzaren aldeko apustu sendoa eginez, fabrikatzaileak 12.000 metro koadroko planta berria inauguratu du Elgoibarren duen egoitzan, aeronautikaren edo eolikoaren sektoreetan gero eta handiagoa den eskaera zorroari erantzuteko. Duela gutxi, halaber, Delta Wheel Truing Solutions enpresa estatubatuarra erosi duela iragarri du, trengintzaren sektorean duen posizionamendua indartzeko.
Soraluce fresatzeko makinen linea berriak
Bestalde, Soralucek fresaketa eta mandrinaketan, funtzio anitzeko soluzioetan eta automatizaziokoetan garatu dituen azken soluzio aurreratuak erakutsiko ditu BIEMHen. 60 urte baino gehiagoan sektorean egindako lan berritzailearen eta lortutako espezializazioaren, hazkundearen, jasangarritasunaren eta ikaskuntzaren emaitza dira soluzio horiek.
Fresatzeko makinen bi lerro berri hauek dira makina-erremintaren fabrikatzaileak nazioarteko azokan erakutsiko dituen berrikuntza nagusiak: Dynamic Line, goiko langeta duten fresatzeko makinen hiru modelo dituena eta sektore aeroespazialeko aplikazioetan, moldeetan eta matrizean edo ingeniaritza mekanikoan erabiltzeko pentsatuta dagoena; eta Performance Line gama berria, fidagarritasun eta doitasun ratiorik onena eskaintzen duena, tamaina ertain-handiko piezetan malgutasun aparta emanda.
Makinen bigarren gama honen adibide gisa, Soralucek SAD modeloko fresatzeko makina eramango du. Mahai finkoaren gaineko zutabe mugikorreko fresatzeko makina berria da modelo hori, eta makina horrekin mekanizazio probak egingo dira zuzenean, bai eta bibrazioen moteltze aktiborako dituzten DAS eta DWS teknologia adimendunen hainbat erakustaldi ere.
Ezagutza, genero ikuspegia eta talentua
Danobatgroupen presentziarekin, halaber, ezagutza hedatzen, arlo industrialean emakumeen proiekzioa ikusarazten eta talentuaren sustapena bultzatzen laguntzeko egiten duena indartuko da, hitzaldi batzuetan eta WORKinn enplegu azokan parte hartuz.
Ekainaren 4an, asteartean, 10:55ean, Nerea Arangurenek, industria taldeko berrikuntzako eta negozio berrien sustapeneko zuzendariak, Be Digital ekimenaren kontextuan Adimen Artifizialak manufakturingaren industrian duen aplikazioaren inguruko mahai inguru batean parte hartuko du, Lantekeko Data Area Manager Jose Antonio Lorenzorekin eta Braventeko Innovation Sales Lead Jose Antonio Lozanorekin batera.
Egun bat lehenago, ekainaren 3an, astelehenean, azokaren inaugurazioarekin batera, Women In Industry ekitaldia egingo da, eta han egongo den ahotsetako bat ere izango da Aranguren. Garapen teknologikoan genero ikuspegiak dituen erronka eta aukerez arituko da bertan.
Era berean, Danobatgroupek WORKinn Talent Huben parte hartuko du. Ekainaren 5ean eta 6an, bere balio proposamenaren eta enpresa eredu apartaren berri emango die ikasle gazteei eta lan bila ari diren pertsonei, eta taldeak eta taldeko enpresa diren Danobat, Soraluce eta Goimeken egindako azken lan eskaintzen berri ere emango die.