Irakurriena
- 1. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen ostiralean, Kursaalen
- 2. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 3. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 4. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 5. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 6. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
Daniel Innenarity, filosofia eta ikertzailea

Filosofian katedraduna, Ikerbasqueko ikertzailea eta Florentziako Institutu Europearrean irakaslea denak hitzaldia eskaini zuen Arrasaten eta etorkizunari buruz egin zuen gogoeta.
2018ko azaroaren 29an bete ziren 42 urte Arizmendiarrieta hil zenetik eta hori dela eta, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak hitzaldia antolatu zuen Daniel Innenarity filosofoarekin, "Gobernantza jasangarria: gidatu eta gobernatu, etorkizunari aurreratuz izenburupean. Ekitaldian publiko ugari bildu zuen eta Mondragon Unibertsitateko areto nagusia goraino bete zuen.
Bere haursnarketa honela bideratu zuen: gizartea eguneroko jarduran dago zentratuta eta sarritan etorkizunari kasu gutxi egiten diogu, dimentsio handiko proiektuei eta epe luzerako proiektuei behar baino denbora gutxiago eskaintzen diegu.
Orainaldian lana egiten duen gizartea
Innenarityk Don Jose Maria Arizmendiarrieta aipatu zuen hitzaldiaren hasiera, aipatuz "hitzaldia prestatzeko, bere testuak irakurri eta gauza berriak aurkitu ditut. Don Jose María aitzindaria izan zen, etorkizuna asmatu zuen eta zehazki gaurko hitzaldi honetan etorkizunaren hausnarketa erreflexiboa egin nahi dut".
Modu berean, baieztatu zuen orainaldian zentratzen garen gizartea garela eta horregatik ziklo ekonomiko eta politikoen arteko deskonexio handia ematen dela. Ondorioz, gaitasun estrategiko eza somatzen da dimentsio handiko erronketan sartzeko (ekonomikoak, sozialak, ekologikoak...). "Etorkizuna modu jasanezinean eraikitzen ari gara. Orainaldiaren zabortegia da etorkizuna. Hau da, gure gizartea orainaldian bakarrik zentratzen da, eta gure sistema politikoak pentsamendu miopea du, egunerokotasunari bakarrik begiratzen dio, belaunaldi berriei erreparatu gabe".
Gaur egungo agintariak duten politika egiteko modua ere kritikatu zuen, zabor-garaian bizi garela aipatuz "kontsulta eta hauteskundeen artean, epe luzerako gaiak heldu gabe". "Gure bizitzan etorkizunaren kontzeptua txertatuko bagenu, jarrera aldaketa emango zen eta gure erakundeen jarrera modu esanguratsuan hobetuko litzateke, aipatu zuen Innenarityk.