Irakurriena
- 1. INNKIA jaio da, enpresen behar zehatzetarako Adimen Artifizala
- 2. Laboral Kutxak 274 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2024an
- 3. Digna Gonzalez, Bexen Cardioko zuzendari nagusi berria
- 4. Espainiako Kongresuak LagunAroren berezitasuna aitortzen duen Errege Lege Dekretua baliozkotu du
- 5. MONDRAGON, etorkizuneko emakume zientzialariengan eragiten
- 6. Markina Xemeingo BeraKruz Ikastola prest FLL Euskadi MONDRAGONen aritzeko
Ciscok eta Mondragon Unibertsitateak laborategi teknologiko berria inauguratu dute

Ciscok eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak komunikazio-teknologia aurreratuei eta zibersegurtasunari buruzko laborategi bat inauguratu dute, Arrasateko campusean, prestakuntza teknologikoa bultzatzeko eta industriarekiko lankidetza sustatzeko.
Ekimena Ikusi eta Sernivel3 enpresen —Ciscoren Euskadiko partner ofizialen— lankidetzarekin gauzatu da, eta erreferentziazko gune izan nahi du, bai Mondragon Unibertsitateko ikasleak prestatzeko, bai enpresa-ekitaldiak egiteko ere. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren 11. eraikinean zabaldu da laborategia, eta Ciscoren azken teknologiez hornituta dago.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren 11. eraikinean zabaldu da laborategia, eta Ciscoren azken teknologiez hornituta dago
Ciscoren azken teknologiak eskura izanda, ikasleek funtsezko arloetan trebatzeko aukera izango dute, hala nola zibersegurtasunean, komunikazio-sareetan eta IoT (Internet of Things) sistemak industria-inguruneetan txertatzeko prozeduretan. Izan ere, teknologia horiek oinarrizkoak dira 4.0 industriarako. Enpresek ere eskura izango dute laborategia, industriarako irtenbide teknologikorik aurreratuenak ezagutzeko; besteak beste, adimen artifiziala, ertzeko konputazioa eta biki digitalak, baita mantentze-lan prediktiboa, zero trust segurtasuna eta beste metodologia batzuk ere.
Laborategiak agenda dinamiko bat izango du, eta hainbat jarduera antolatuko ditu unibertsitatea eta enpresak elkarri lotzeko. Hala, 4.0 industriarako bideratutako ekitaldi teknikoak egingo dira sei hilean behin, eta horietan Ciscoko adituek hartuko dute parte, adimen artifizialari eta punta-puntako antzeko teknologiei buruzko hitzaldiak eginez. Era berean, hiru hilean behingo mahai-inguruak eta networking ekitaldiak egingo dira sektoreko profesionalekin. Gainera, Ciscoko adituek ikastaro espezializatuak emango dituzte, eta Unibertsitateko ikasleei eskola magistralak eskainiko zaizkie. Azkenik, bestelako ekimenak ere aurreikusten dira; esaterako, hackatoiak eta ko-sorkuntzako ekitaldiak.
Apustu estrategikoa
Laborategi hau martxan jartzea apustu estrategiko handia da Mondragon Unibertsitatearentzat; izan ere, alde batetik, punta-puntako teknologietan trebatutako profesionalak sortzeko gaitasuna indartu ahal izango du eta, bestetik, Euskadiko enpresa-sarearekiko lotura hobetu. Gune berriarekin, berrikuntza teknologikoko erreferente-izaera sendotu nahi du Unibertsitateak. Ildo beretik, funtsezko bazkide bilakatu nahi du industria-prozesuetan zibersegurtasuneko, komunikazio-sareetako eta IoT arloko irtenbiderik berrienak erabili nahi dituzten enpresentzat.
Ciscoko eta Mondragon Unibertsitateko hainbat ordezkari izan ziren laborategiaren inaugurazioan, baita beste erakunde batzuetako arduradunak ere. Besteak beste, hauek izan dira: Gonzalo García (Ciscoko lurralde-mailako kontu-kudeatzailea), Nieves Hevia (Ciscoko salmenta-zuzendaria), José Iglesias (Ikusi Españako zuzendari nagusia) eta Carlos Pindado eta Isabel Artaza (Sernivel3ko kudeatzailea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren).