Cikautxok fabrika bat irekiko du Errumanian

Datorren maiatzean hasiko da produzitzen. Lantegi berrirako inbertsioa 8 milioi eurora iritsi da.
Card image cap
2016/02/26

Cikautxo kooperatiba espezialista da kautxu eta plastikozko osagaien garapen eta ekoizpenean hainbat aplikaziotarako, MONDRAGON Korporazioan integratuta dago, eta datorren maiatzean hasiko da Errumaniako planta berrian produzitzen.

Kokaleku berrian, non Berriatuko (Bizkaia) enpresak 8 milioi euro inbertitu dituen, jariakinak eroateko produktuak fabrikatuko dira automobilgintzaren sektorerako, eta bezero nagusiak VW eta Renault izango dira.

Lantegia Cluj inguruan dago, herrialdeko ipar-mendebaldean, 150 pertsona enplegatuko ditu, eta, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian dituen instalazioekin batera, Europako erdi-ekialdean erantzungo die bere bezeroen eskakizunei.

Nazioarteko profila

Errumaniako fabrika gehituta, Cikautxo taldeak 9 filial ditu. Berriatuko matrizean daude taldearen zerbitzu zentralak, aurten salmentetan 100 milioi euroren zifra errekorra lortu duen produkzioarekin; beste 4 filial ekoizpen zentroak dira (Zaragoza, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania); eta beste 3tan ekoizpena eta produktuaren garapena lantzen dute, Asiako (Txina eta India) eta Ipar Amerikako (Mexiko) merkatuen beharrak asetzeko. Horri guztiari Detroiten (USA) duen ingeniaritzako bulegoa gehitu behar zaio.

Europari dagokionez, posizionamendu global horri esker, Cikautxok aurten 5 milioi eurorekin handitzea lortu du matrizearen salmenta zifra, eta Europa Ekialdean ere hazkunde sendoa izaten ari da, Errumaniako lantegi berriaren eraikuntza eta martxan jartzeak erakusten duenez.

Cikautxori buruz. Gaur egun Cikautxo taldeak 624 pertsona enplegatzen ditu Berriatuan, eta 2.800 pertsona taldea osorik hartuta. Taldeak enpleguaren zifrak handitzen jarraitzea espero du, batez ere kualifikazio handiko posizioetan, ingeniaritzetan eta erdi eta goi mailako tituludunetan. Zehazki, 2016. urte honetarako aurreikuspenek diote 2.950 pertsona izango direla, horietatik 650 matrizean.

2015eko balantzea. Cikautxo taldeak 225 milioi euroren salmenta bateratuekin amaitu zuen 2015. urtea, hau da, %15eko hazkundea izan zuen 2014. urtearekiko. Aurtengo ekitaldirako ere %15eko hazkunde maila errepikatzea aurreikusi du, eta 260 milioi eurora iristea. Espero den hazkundea Europan (+%12) zein munduko gainerako merkatuetan zentratzen da, izan ere, Txina, Mexiko eta Indiako filialak erritmo bizian haziko dira (+%57).

Kautxuz eta plastikoz egindako soluzio berritzaileak.