Bizkaiko Caritasek, Eroskik eta Laboral Kutxak berritu egin dute lankidetza hitzarmena

Gizartean baztertuak edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonen beharrak estaltzea da hitzarmenaren helburua. Bereziki Bilboko Elizbarrutiko Caritasen sarean dauden pertsonak.
Card image cap
2025/01/14

Bilboko Elizbarrutiko Caritasek, EROSKIk eta Laboral Kutxak berritu egin dute gizartean baztertuta daudenekin edo baztertuak izateko arriskua dutenekin harturiko konpromisoa, ez baitute oinarrizko beharrak estaltzeko behar adina baliabide. Helburu horrekin, beste urtebetez berrituko dute 2009an abiaturiko lankidetza hitzarmena.

Hitzarmena dela medio, Eroskik "erosketa txartelen" funtzionamendurako egitura operatiboa emango die, eta Elkartasun Zentimoen Programan "Bazterketa arriskuan diren familientzako laguntza" proiekturako bildutakoa ere emango dio Caritasi.

Txartelak esklusiboki trukatu ahalko dira oinarrizko produktuekin, hala elikagaiak nola higienerako oinarrizko gaiak, eta hortik kanpo geldituko dira gainerako produktu guztiak

Ekarpen ekonomikoa ez ezik, Laboral Kutxak proiekturako behar den banku egitura emango du dohainik. Bilboko Elizbarrutiko Caritasek, berriz, esku hartze soziala egongo du onuradunekin, eta "erosketa txartelak" esleituko dizkie dagozkien familiei.

Proiektu honen helburu nagusia da oinarrizko kontsumoko produktuak zirkuitu normalizatuen bitartez eskura jartzea Bizkaiko Caritasek artatzen dituen eta baliabide nahikorik ez duten familiei. 2009an ezarriz geroztik, oinarrizko beharrei sarbidea ematea bilatzen du ez bakarrik asistentziaren perspektibatik baita perspektiba integratzaile batetik ere, bazterketa egoeran eta arriskuan direnak gizarteratzeko prozesu zabalagoen barnean.

Emateko prozedura

Inplikaturiko aldeek lankidetza prozesu bat dute erosketa txartelak emateko eta kontrolatzeko. Bizkaiko Caritas arduratuko da beren harreraguneetara datozen pertsonen edo familien informazioa jasotzeaz, jakiteko ea eskakizunak betetzen dituzten. Boluntario taldeek eskaerak jaso eta laguntza eman eta gero, gizarte langile batek lagun egingo die prozesu osoan, ziurtatzeko ekimena behar bezala funtzionatzen ari dela. Eroskik automatikoki aktibatuko ditu txartelak, eta onuradun bakoitzari dagokion kopurua erantsiko dio.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, familia unitateko kide kopuruaren arabera egiten da: 130 euro kide heldu bat edo bi dituzten familientzat, eta 200 euro adingabeak eta kide heldu bat edo bi dituzten familientzat. Laguntzak 1-6 hilabete iraungo du, eta txartela hilero beteko da. Salbuespenez, laguntza beste maiztasun batekin eman ahalko da, pertsona edo familia nola dagoen baloratuta.

Txartelak esklusiboki trukatu ahalko dira oinarrizko produktuekin, hala elikagaiak nola higienerako oinarrizko gaiak, eta hortik kanpo geldituko dira gainerako produktu guztiak.

Bilboko Elizbarrutiko Caritas

Bilboko Elizbarrutiko Caritas Elizaren erakundea da, izaera juridiko propioa duena, eta gure gizarteko behartsuenekin egiten du lan, askotariko sustapen programak direla bide. Bizkaian gizarte bazterketa gero eta arazo handiagoa dela ikusirik, Caritasek Administrazio Publikoekin eta beste erakunde batzuekin dihardu arazoa desagerrarazten laguntzeko.

Eroski

Kooperatiba izaera duen lehen banatzailea da Eroski, eta Bizkaiko elikagai banatzaile nagusia. Kontsumo kooperatiba den aldetik, haren xedea da gizarte bidezkoa eta kohesionatua izaten laguntzea, nola eta osasun eta ongizate maila handiagoak sustatuta. Zeregin horren parte handi bat fundazioaren bitartez gauzatzen du, gizarte ekintzako ekimen ugariren bidez. Ekimenok batez ere sustatzen dituzte elikadura osasungarria, kontsumitzailearen formakuntza, iraunkortasuna eta elkartasuna.

Laboral Kutxa

Laboral Kutxa kreditu kooperatiba bat da 65 urtetik gorako historia duena, eta MONDRAGON Korporazioan txertatua. Finantza produktu eta zerbitzuak ematen dizkie 1.200.000 familia eta enpresari baino gehagori. Haren eredua soldata elkartasunean oinarritua dago, eta langileek kudeaketan parte hartzen dute, horiek ere erakundeko bazkide jabeak badirenez gero. LABORAL Kutxak urteko etekinen %25 gizartean inbertitzen ditu atzera, eta eskakizunak erraz gainditzen ditu. Gizartean betetzen dituen zereginen artean, nabarmentzekoa da Gaztenpresa fundazioa, 1994an sortu zenetik (boluntariotzaren bitartez) 6.898 enpresa eta 12.675 lanpostu sortu dituena.

 

 

 

Banaketa komertziala

Finantza eta aseguru zerbitzuak.