Bizkaiak, Bilbok eta MONDRAGONek bat egiten dute Silver Economy-a bultzatzeko oinarriak ezartzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Mondragon korporazioak eta Mondragon Unibertsitateak akordio bat sinatu dute Silver Economy-a bultzatzeko oinarriak ezartzeko; horren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetuko da eta adineko pertsonen beharrizanen eta osasun-zientzien inguruko jarduera ekonomikoa sustatuko da.
Card image cap
2019/02/26

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbako Udalak, MONDRAGON korporazioak eta Mondragon Unibertsitateak akordio bat sinatu dute Silver Economy-a bultzatzeko oinarriak ezartzeko; horren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetuko da eta adineko pertsonen beharrizanen eta osasun-zientzien inguruko jarduera ekonomikoa sustatuko da.

Acuerdo Bizkaia, Bilbao y MONDRAGON

Alderdiak bat datoz uste honetan: Bizkaiko eta Euskadiko biztanleriaren zahartzea (eta, hedaduraz, Europako biztanleriarena) berebiziko gizarte-erronka da. Halaber, uste dute gizarte modernoen bizi-luzetasunak aukera sozioekonomikoak dakartzala enplegua sortzeko, ezagutza eta ikerketako eremu berriak garatzeko, balio erantsi handiko jarduera ekonomiko berritzailea bultzatzeko eta inbertsioa erakartzeko.

Lau alderdiek elkarlanean eta batera jardun nahi dute garapen zientifiko eta teknologikoaren arloan eta, horretarako, programak, proiektuak eta jarduerak gauzatuko dituzte eta ezagutzaren sorrera, trukea eta transferentzia sustatuko dute alderdien artean eta enpresen artean.

Uste sendo hori abiaburutzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Mondragon korporazioak eta Mondragon Unibertsitateak beren ahaleginak bilduko dituzte eta lankidetzan jardungo dute zilarrezko ekonomiaren inguruko trebakuntzan, ikerketan eta enpresa-bultzadan. 

Akordioaren lehen ardatza Silver Economy delakoa garatzeko giltzarriak izango diren jakintza-arloetako goi-mailako heziketarako, lanbide-gaikuntzarako, ikerketarako eta berrikuntzarako proposamenak egitea da; honako hauek dira jakintza-arloak: Big Data deiturikoa, datuen analitika eta adimen artifiziala, eta bestetik, ingeniaritza biomedikoa eta teknologia medikoak.

Bigarren ardatza hornitzaile teknologiko giltzarriak estekatzea eta garatzea da, hornitzaileok nazioartean aitzindariak direlako edo lurraldean ereduzko jarduerak garatzen dituztelako, baldin eta teknologiaren esparruko jardueretan esperimentatu balioztatu edo ebaluatu nahi badute eta produktu berritzaileak garatu nahi badituzte, produktu horiek merkatura heldu arte.

Hirugarren ardatza da ekonomia sustatzea zilarrezko ekonomiaren inguruko (elkarren arteko) ekintzailetza bultzatuz, lehendik dauden enpresak dibertsifikatzeko estrategia gisa nahiz enpresa-jarduera berriak sustatzeko estrategia gisa.             

Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeriak txalotu egin du Mondragon korporazioa Silver Economy proiektura biltzea; izan ere, munduko kooperatiba-talderik handiena da, dagoeneko 60 urte baino gehiago egin ditu jardunean, eta 5 kontinenteetako 80.000 pertsonatik gora eta 266 enpresa ari dira bertan.

Unai Rementeriak esan du itzalezko  aurrerapausoa dela Mondragon korporazioaren atxikimendua, bai arlo industrialerako, bai trebakuntzarako. “Niretzat oso pozgarria da denok batera lan egitea Bizkaiaren etorkizunerako hain garrantzitsua den proiektu honetan. Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Mondragon korporazioa batera aritzea arrakasta ziurtatzeko modua da, inolako ezbairik gabe”.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza goraipatu du, bai eta erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko lankidetza ere, horrela lortuko baita “Nagusi Intelligence Center proiektua, adinekoak egungo eta etorkizuneko aukeratzat jotzen dituena, eratzen jarraitzea”.

Gainera, Aburtok esan du “Mondragon korporazioa eta Mondragon Unibertsitatea ekimenari atxikita, are sendoagoak dira Bilbo unibertsitate-hiria izateko proiektua eta Zorrotzaurre jarduera eta enpresa jarduera berrietarako ezagutzen uhartea izateko proiektua, zentro berria Tarabusi-ren zerbitzu-eraikin zaharrean ezarriko da eta”.

Mondragon korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakari Iñigo Ucínek esan du bere ustez akordioa onuragarria izango dela: “Gure gizarteak zerbitzu hobeak eskaini ahal izango dizkie herritar guztiei, baldin eta gauza bada proiektuetan aritzen diren kide guztiek onura ateratzeko moduko aliantzak sortzeko. Ni ziur nago gure aliantza hau guztiz onuragarria izango dela”.

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak adierazi du akordio honen itzalpean Mondragon Unibertsitateak goi-mailako trebakuntza eskainiko duela teknologia biomedikoen arloko profesionalentzat, bai eta berezko master-tituluak ere. Gainera, Mondragon Unibertsitateak ikerketa aplikatuko eta berrikuntzako jarduerak egingo ditu Nagusi Inteligence Center-ean, enpresekin eta beste agente batzuekin lankidetzan, zilarrezko ekonomikako produktu, zerbitzu eta negozio berriak sortzeko.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa