Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Biltzar telematikoa mundu-mailako fabrikazio aurreratua aztertzeko
Fabrikazio aurreratuak gero eta garrantzi handiagoa du herrialde garatuetako ekonomietan, nazioarteko lehia gero eta handiagoari aurre egiteko eta industria-irtenbide lehiakorragoak bilatzeko tresna boteretsu bat baita. Euskadin, BPGd-aren % 21 osatzen du, eta enpleguaren % 20k lotura zuzena du prozesu horiekin. I+G inbertsioari dagokionez, herrialdeek gero eta ekarpen eta ahalegin handiagoa egiten dute kapitulu horretan. Euskadin, fabrikazio aurreratuak osatzen du I+G arloko inbertsioaren % 40, Innobasquek emandako datuen arabera.
Testuinguru horretan bereziki garrantzitsua da bosgarren CIRP Conference on Surface Integrity Biltzarra, Eusko Jaurlaritzaren RIS3 estrategiarekin lerrokatuta dagoena. Biltzarra Mondragon Unibertsitateak antolatu du, ekainaren 1etik 5era, eta Fabrikazio Aurreratuan egindako azken aurrerapenak eztabaidatuko dira bertan.
Biltzarrean 19 herrialdetako ehun hizlarik parte hartuko dute, duela ia urtebetetik planifikatu zen moduan. Hori bai, topaketak zenbait aldaketa izan ditu COVID-19ak sortutako osasun-alarmaren ondorioz, eta ekitaldi presentzial bat izatetik kongresu birtual bat (E-Conference) izatera igaro da, Mondragon Unibertsitatea buru duen lantaldeak egindako ahaleginari esker. Izan ere, une bakar baten ere ez du aztertu biltzarra bertan behera uztea edo atzeratzea, ezaugarri eta dimentsio horietako biltzar bat modu telematikoan antolatzea oso zaila izan arren.
Oso erronka handia izan da, eta unibertsitateak azkar eta modu eraginkorrean erantzun du. Gainera, horri esker. edozein herrialdetako ikertzaileek ―herrialde bakoitzeko osasun-alertaren maila kontuan hartuta― biltzarrean aurkeztuko diren eduki zientifiko guztiak eskura izango dituzte. Horrela, bada, Euskaditik pilotatuta «normaltasun berriaren» barruan egin den lehen ekitaldi zientifikoetako eta jendetsuetako bat da. Izan ere, ikerkuntza inoiz baino elementu garrantzitsuagoa da industriak eta teknologiak aurrera egin ahal izateko.
Biltzarrak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Hezkuntza Sailarena hain zuzen ere. Cristina Uriarte sailburua Mondragon Unibertsitatean izan da ongietorria grabatzeko.
CIRP CSI Biltzarraren (Conference on Surface Integrity – Gainazalen Integritateari buruzko Biltzarraren) 5. edizioan, nazioarteko ehun ikertzailek parte hartuko dute bideoen bitartez, eta azken aurrerapen zientifikoak aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte gainazalaren integritatearen inguruan; hau da, lan-pieza baten gainazalaren izaera, hura fabrikazio-prozesu batek aldatu ondoren.
Zehazki, aeronautikaren, energiaren, automozioaren eta makina-erremintaren sektorean egindako aurrerapenak aurkeztuko dira. Halere, eremu horrek aplikazioak ere baditu, biomedikuntzaren sektorean, osagai elektronikoetan eta optikoetan. Horren helburua gaur egungo fabrikazio-prozesuak hobetzea da, edo beste batzuekin ordeztea, osagaien gainazalaren integritatea bermatuz, baita azken produktuen prestazioak ziurtatzea edo hobetzea ere.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoari dagokionez, hiru lan aurkeztuko ditu, bi Errendimendu Handiko Mekanizazio taldearenak eta beste bat Gainazalen Teknologien taldearena; beste bat ere aurkeztuko du, laugarrena, ENISErekin (Saint-Étienne-eko Ingeniarien Eskola Nazionala) elkarlanean.
Kalitatea hobetzeko funtsezko elementua
Nazioarteko erreferentzia duen biltzar honek nazioarteko foro bat sortzea du helburu, bertan, fabrikazio aurreratuko prozesuekin egindako osagaien integritateari buruzko azken ikerkuntza-aurrerapenak aurkezteko eta trukatzeko, funtsezko elementua baita produktuen kalitatea hobetzeko.
Pedro Arrazola eta Aitor Madariaga biltzarreko arduradunek azaldu duten moduan, osagaien akabera-faseetan aplikatzen diren fabrikazio-prozesuek aldatu egiten dituzte osagaiaren materialaren gainazaleko geruzaren ezaugarriak (zimurtasuna, barne-tentsioak, gogortasunaren aldaketak, materialaren mikroegiturako aldaketak, eta abar). Ezaugarri horiek guztiek gainazalaren integritatea zehazten dute, eta zuzenean eragiten dute osagaiaren azken portaeran, haren iraupena edo bizitza hobetuz edo okertuz, eta beraz, horien birziklagarritasun handiagoan edo txikiagoan, ingurumen-inpaktuan, ekonomia zirkularrean eta abarretan eraginez.
E-Conference biltzarrean, gainazalaren integritateak izan duen bilakaerari buruzko ezagutza zientifikoa partekatuko da, kasu praktikoak aztertuko dira, errendimendu funtzionala ebaluatuko da ikuspegi industrialetik, eta gainazalaren integritatea kontrolatzen, hobetzen eta ebaluatzen duten fabrikazio- eta neurketa-teknologia aurreratuen inguruan eztabaidatuko da.
Mondragon Unibertsitateak ibilbide nabarmena du fabrikazio aurreratuarekin lotutako ikerkuntza- eta transferentzia-jardueretan, eta industria arloko kolaboratzaileen sare zabal bat du gainera. Esparru horretan, unibertsitateak lan handia egin du ITP Aerorekin, eta harekin batera parte hartu du Euskadiko, Espainiako eta Europako proiektu askotan, balio erantsi handiko osagai aeronautikoen fabrikazio-prozesuak hobetzeko, esaterako. Gainera, Euskadi agertoki ezin hobea da fabrikazio aurreratuan oinarritutako topaketa bat egiteko, ehun industrial sendoa duelako, hain zuzen ere. Arrazoi horiek direla eta, CIRPk (produkzio-ingeniaritzako ikerkuntzan lan egiten duen mundu-mailako erakundeak) Mondragon Unibertsitateari esleitu zion Gainazalen Integritateari buruzko biltzarraren 5. edizioaren antolakuntza.
Online malgutasuna
Egun horietan zehar, izena eman dutenek plataforma batean sartu ahal izango dute, eta bertan, fabrikazio aurreratuan adituak diren nazioarteko ehun txostengileren esku-hartzeak aurkituko dituzte. Aurrez aurreko kongresuetan ez bezala ―horietan parte-hartzaileek aldi berean eskaintzen diren zenbait hitzaldiren artean aukeratu behar izaten dute―, kasu honetan, E-Conference biltzarrak eduki guztietara sartzeko eta eztabaida-foroetan parte hartzeko aukera emango die, aldi berean egiten diren saioen artean aukeratu beharrik izan gabe. Ordutegi malgua izango dute gainera, hura irekita egongo den bost egunetan zehar (ekainaren 1eko, astelehena, 9:00etatik, ekainaren 6ko, larunbata, 00:00etara).