Berrikuntzaren aldeko apustuan, beste jauzi bat egin du Arizmendi Ikastolak

'Ametsak betetzeko daudelako!' liburua aurkeztu du, "hezkuntza arloan dagoen atsekabe orokorraren aurrean berrikuntzak proposatzeko".
Card image cap
Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastolako zuzendari orokorra; Amaia Antero, Berrikuntza Pedagogiaren zuzendaria; eta Unai Legarda eta Jaione Uriarte, Prototipoaren Garapenerako arduradunak hedabideen aurrean.
2019/09/04
"Berrikuntzaren aroan gaude eta Arizmendi Ikastolak motor izatearen aldeko apustua egin du. Hezkuntza sisteman aldaketa sakonak eragin nahi ditu gure ikastolak eta gaur aurkezten dugun liburuak aldaketa horien markoa ezartzea du helburu", adierazi zuen Amaia Anterok, Berrikuntza Pedagogikoaren zuzendariak. Konfiantzaren Pedagogiarekin abiatutako bidean aurrera egitea du helburu Arizmendik eta aurrerago joateko plana prestatu du. Aldaketa honen teoria jasotzen du liburuak, ikastola egiten ari den eraldaketaren kontakizuna.

Arizmendi Ikastolak Leintz Bailaran ikastola-eredua garatzeko konpromisoa hartu zuen. Egiteko horri erantzuteko, bere egitasmo pedagogiko propioa eraikitzen ari da egunez egun. Bide horren lehen urratsak Konfiantzaren Pedagogiaren baitan eman zituen.

Konfiantzaren Pedagogiak bizitzako egoerei erantzuten dakien pertsona kooperatibo eta euskalduna garatzea du helburu, hots, erronkei aurre egiteko gai den pertsonak heztea. Horretarako konfiantzan jartzen da arreta nagusia; eta, autogestiotik, pertsonaren garapenean eta eraldaketa sozialean eragiten du.

Baina Konfiantzaren Pedagogia hasiera bat besterik ez zen izan, mugarria. Ordutik, bide luzea egin du Arizmendik, ondoren etorri direnei bidea zabalduz eta etengabeko hobekuntzarako oinarri sendo bat sortuz. Ondorengo ikasturteetan zehar, berriz, aldaketa sakona egin nahi du Lehen Hezkuntzaren azken mailetan eta DBHren hasierakoetan. Egindakoaren eta egin nahi denaren zergatia eta zertarakoa, bere aldaketaren teoria, alegia, agertzen du “Ametsak betetzeko daudelako!” liburuan.

Arizmendi Ikastola

Etxe barruko lana

Jendaurrean aurkeztu aurretik etxe barruan landu eta idatzi da liburua. Gainera, “Ametsak betetzeko daudelako!” liburuaren sortze-prozesuak Arizmendiren balioak islatzen ditu. Ez du egiletza bakarra, taldean sortua izan baita. Arizmendiren Berrikuntzaren Zuzendaritza Pedagogikoko kideak izan dira egile nagusiak, baina, horrez gain, hainbat pertsonaren ekarpenak jasotzen ditu. Azala, ilustrazioak, testuaren orrazketa... horretan guztian ere pertsona ugarik hartu dute parte. Hortaz, taldean sortutako liburua da.

Eraldatzeko gogoz berrikuntzaren bila

Arizmendi konbentzituta dago ametsak betetzeko daudela. Ametsak egi bihurtzen daramatzate 50 urtetik gora. Horren erakusle da etengabe hobetzeko eta garatzeko grina eta gaitasuna. Mende erdia baino gehiagoko ibilbidea testuinguru berrietara egokitzen eta etorkizunari aurrea hartzen egin dute. Eraldatzeko gogoa barne-barnean du Arizmendik, gizartea aldatzekoa.

Arizmendi urteetan sortzen eta garatzen joan den egitasmo pedagogiakoaren hezurdura eta ardatza horixe da: eraldaketa soziala. Pertsonak bere bizi-proiektua eraikitzeko eta gizarte parekide, justu, euskaldun, solidario, kooperatibo, iraunkor eta humanoagoa izateko heztea.

Batetik, lan horren fruitua da Arizmendik iazko ikasturtean lortutako “Changemaker” saria; eta, bestetik, lan horren narrazioa eta kontakizuna da “Ametsak betetzeko daudelako!” liburua.

Euskal hezkuntza sisteman erreferente

Aurkezpen publikoaren aurretik, irailaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, barne aurkezpena egin zuten Arizmendiko Eskoriatzako Almen gunean. Ikastolako langileez gain, beste hainbat Ikastolatako irakasleek ere hartu dute parte batzarrean. Honela, liburuaren nondik norakoak ezagutzeaz gain, mamira jo ahal izan dute.

Bertaratu direnen artean daude San Fermin Ikastolako zuzendaria eta zuzendari ordea, Laskorain Ikastolako eta Txantxiku Ikastolako kideak, eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna. Guztiak bidelagun izan dira Konfiantzaren Pedagogian, hortaz, emandako urrats hau ere berekin elkarbanatu nahi izan du Arizmendik. Honela, aurrera begirako pausoak ere elkarrekin eman ahal izango dituzte.

 

Irakaskuntza