Berrikuntza sustatzeko Hong Kong-en da Basque Culinary Center

Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizega buru dela, Hong Kong-en da MUko gastronomia zientzien fakultatea berrikuntza sustatu nahian. Aizegarekin batera, Paco Roncero, bi Michelin izar dituen Madrilgo Kasinoko chefa, eta Nacho Manzano, bi Michelin izar dituen Asturiasko Casa Marcial jatetxeko chefa gerturatu dira bertara. World Tour Culinary Connection deritzona Brasilen eta Singapurren izan da, orain Hong Kongen dago, eta laster New Yorkera, Errusiara eta Txilera abiatuko da.
Card image cap
2013/06/27

 

Basque Culinary Center, Estatuko lehen Gastronomia Fakultatea eta, era berean, gastronomiaren alorrean ikertzeko berrikuntza eta garapen zentro bat duen munduko bakarra, World Tour Culinary Connection izeneko mundu mailako biran buru-belarri murgilduta dago, lankidetzan oinarritutako sukaldaritzaren inguruko komunitate bat sortzeko xedez. Tourrak sei herrialde bisitatuko ditu aurten: Txina, Estatu Batuak, Errusia, Singapur eta Txile. Horri esker, sukaldari espainiarrak herrialde horietako chefekin harremanetan jarri eta Estatuko sukaldaritzan azken 20 urteetan garatutako balioak, munduko gastronomiaren erreferentziazko posizioan kokarazi dutenak, partekatu ahalko dituzte.

World Tour –Culinary Connectionen ordezkaritza hirugarren helmugan da jada: Hong Kongen. Bertan izango da gaur arte. Basque Culinary Centerren Fundazioko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizega da ordezkaritzako burua. Berarekin daude Paco Roncero, bi Michelin izar dituen Madrilgo Kasinoko eta “Estado Puro” gastro-tabernetako chefa eta Espainiako abangoardiako sukaldaritzaren adierazgarri nagusietako bat; Luis Arrufat, Basque Culinary Centerreko irakaslea eta, lehenago, El Bulliko gozogintzako chefa eta berrikuntza + Garapeneko taldeko kidea; eta Nacho Manzano, 2009az geroztik bi Michelin izar dituen Asturiasko Casa Marcial jatetxeko chefa eta Asturiasko plater eta produktu tradizionalak sukaldaritza modernora eramaten jakiteagatik ospea lortu duena.

Lau eguneko bidaia honetan, Basque Culinary Centerren ordezkaritzak harremanak izango ditu Hong Kongeko sukaldaritza berriko erreferentziazko chefekin eta gastronomiaren aldetik adierazgarriak diren lekuak bisitatuko dituzte –jatetxeak, merkatuak…–, Hong Kongeko gastronomia sakonki ezagutzeko. Horrez gain, ordezkaritza osatzen duten chefek sukaldaritza modernoari buruzko lantegiak emango dituzte irakasle, ikasle, komunikabide eta sektore profesionalentzat, eta bide batez Basque Culinary Centerren unibertsitate-prestakuntzako proiektua ezagutaraziko dute.

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa