Berrikuntza sozialak tokiko garapenean nola eragin dezakeen aztertu da BSTG Jardunaldian

Berrikuntza soziala tokiko garapenean nola gauzatzen den ezagutzeko aukera izan zuten atzo Garaia Parke Teknologikora gerturatutakoek. Bagara Herrigintzak eta Agirre Centerrek antolatutako jardunaldiak ehun lagun batu zituen, eta guztiek izan zuten aukera mundu zabaleko egitasmo ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko. Montreal, India, Madril edo eta Debagoieneko kasuak izan zituzten mintzagai parte-hartzaileek.
Card image cap
2018/07/03

Debagoienean, kooperatibagintza mugimenduaren olatuak eraginda, berrikuntza sozialaren mugak handitu nahi dira. Gizartearen eraldaketa sustatu nahi da. Alegia, gizarte hobe eta orekatuago baten alde, aurreratuago baten alde proiektu eta proposamen konkretuekin lan egin nahi da, plataforma bat sustatuz edo eta mugimendu bat eraginez.

Carlos Mataix, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa: "Entzute prozesuaren sakontasunaren gakoa prozesuaren zintzotasunean dago"

Hori da, Besteak beste, Fagor Taldearen, Bagara Herrigintzaren, Emun, Goiena, Arteman, LKS, LANKI, Saiolan, Arizmendi eta beste zenbait kooperatiben nahia. Elkarlanean, elkar-sorkuntzan, Debagoieneko administrazio ezberdinen laguntzarekin, eta Agirre Center erakundearekin batera bultzatu nahi dena. 'Entzute plataforma' bat jarri nahi da abian, 'Debagoienak irabazi dezan' eta arlo konkretuetan gizarte hobeago bat lortu dezagun. 

Ideia hori abiapuntu hartuta egin zen atzoko jardunaldia, "bereziki beste lurralde batzuetan egin diren egitasmoak bertatik bertara ezagutzeko. Beste plataforma batzuk nola gauzatu diren ikusteko eta nola ez, esperientzia horietatik guztietatik edateko eta ikasteko". Bagarako presidente Aritz Otxandianok eman zion hasiera jardunaldiari, eta ondoren, Montreal, India edo eta Madrilgo esperientzia konkretuen txanda izan zen.

IMG_0059-2

'Ekosistemen alde, egosistemak ekidin nahian' 

Elkarren arteko sorkuntza, ekosistema kolaboratiboen sustapena, elkarlana, sare lana, egosistemen bazterketa... askotan erabili ziren hitz horiek atzokoan. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Carlos Mataix-ek, esaterako, "garapenerako berrikuntza sozialeko plataformak' izan zituen hizpide. Esan zuenez, "Egosistematik ekosistemara pasatu beharra dago, taldeari garrantzia emanez, eta taldean eraikiz". Gaineratu zuen berrikuntza sozialeko mundua oraindik orain eraikuntzan dagoela eta hortaz, bide luzea dagoela egiteko. 

Entzute plataformen inguruan ere hausnarketa interesgarria egin zuen Mataix-ek. Haren esanetan, "entzute prozesuaren sakontasunaren gakoa dago prozesuaren zintzotasunean". Administrazio publikoak lagundu egin behar du, gaineratu zuen: "Bidea samurtu egin behar digu administrazio publikoak".

Zer da plataforma bat?

Saioaren amaieran, asko izan ziren entzuleen galderak. Horien artean, plataforma zer zen galdetzera ausartu zenik ere izan zen. Agirre Centerreko Gorka Espiauk erantzun zionez, "gustatzen zait pentsatzea plataforma gizarte mugimendua dela". Proiektu eta programa ezberdinak eta plataformak bateragarriak dira gaineratu zuen Espiauk.

Agirre Center eta Bagara Herrigintzak antolatu duten aurtengo jardunaldia. Era honetako aurrenekoa izan da, baina ziur ez dela azkena izango. Gaur eta etorkizunean ere askotan hitz egingo baita berrikuntza sozialaz, tokiko garapenaz, eta helburu horietara iristeko plataformen inguruan ere. 

Jardunaldiko argazkiak.